2024 ABU. 10 Ramon Olasagasti Aiestaran, kazetaria Elkarrizketa Ramon Olasagasti Aiestaran Kazetaria «Ezkaba gure historiako askatasun garrasi ozenenetakoa da; oilo ipurdia sortzen du» Mendiko kazetaritzan zorroztutako luma da berea, bestelako lurretan ere aritzen dena; itzulpengintzan, gazte literaturan edota komikigintzan, adibidez. Orain, azkena, Ezkabako istorioa ekarri du gaztetxoei zuzendutako liburu batera. (Argazkiak: Iñigo URIZ | FOKU) Andoni Urbistondo Mendian eta mendiko istorioetan bilatzen du sormena Ramon Olasagastik (Berrobi, 1972), etxeko ordenagailuaren aurrean idazketa ariketa egiteko. Kazetaria da jardunez, baina itzulpen egile, haur eta gazte literatur idazle eta komikietako gidoigile ere bada. “Memoriaren giltza” gazteentzako liburua argitaratu berri du Erein argitaletxearekin, Ezkabako presondegian eta Gerra Zibileko gertaera lazgarrietan murgilduko gaituen kontakizun hunkigarria. «Memoriaren giltza» gazte literaturako liburuaren berri eman aurretik, zure aurreko bidearen xehetasun batzuk emango dizkiguzu? Berrobin jaioa naiz, eta Tolosan bizi naiz aspaldi. Garbi nuen txikitatik idaztearekin zerikusia zeukan zerbaitetan lan egin nahi nuela, eta kazetaritza ikasi nuen. 1993an hasi nintzen “Euskaldunon Egunkarian” lanean, eta 1994an mendiari buruz idazten. Seme-alabak jaiotzen hasi zirenean, 2007an, kazetaritza utzi eta itzulpengintzari ekin nion, haurrak zaintzeko eta beste. Sasi itzultzaile kontsideratzen naiz, itzulpen egile, itzultzaile baino. Kazetaritzara bueltatu nintzen berriro, “Berria”-ra, bi urte atzera, mendiko berriak lantzen aritu nintzen “Ibilkari”’ kanalean. Bi jardunen tartean hainbat lan argitaratu ditut: "Mendiminez”, denetan proiektu potoloena, lan gehien eman didana, tentu eta mimo handiz egin beharreko lana izan baitzen hura (mendian hil ziren hainbat mendizaleren ibilbidea, biografia eta soslaia jasotzen da lan horretan, haien oroitzapena bizirik mantentze aldera, omenaldi xume modura). Kazetaritzatik eta itzulpenetatik aparte, etxeko haurrentzat gauzatxoak idaztea izan dut gustuko; hor murgildu nintzen haur literaturan. Haietako bi lanek Lizardi saria jaso zuten (“Sugaar” eta “Sasiolako errotaria” lanek), eta horrek bultzada eman zidan, tartean-tartean haur eta gazteei begira sormen ariketaren bat osatzeko. Hortik beste lan guztiak, azken hau bezala: nire buruari jarritako ariketa bat izan da “Memoriaren Giltza”, sormenari bide emateko. Bizitza prozesu baten pare jardun zarela, alegia. Etxekoentzat eta nire buruarentzat idatzitako lanak izan dira. Batzuetan saria jaso dutenak, edota argitaletxeren baten interesa piztu dutenak, argia ikusteko. Ez dut, dena den, nire burua idazletzat hartzen. Literatur ariketa bezala ikusten ditut egindakoak, nire sormen gogoa asetzeko. Batzuetan sortu beharrak nekea ere sortzen du, baina ateratzen denean bere plazer dosia badauka. Itzulpengintza zurrun samarra ote den entzuten da, arau zorrotzekin. Zu larre zabaleko itzulpengilea izan al zara? Batzuetan molde zabalean aritu izan naiz, baina baita kafesne beroenean urtzen ez diren ogi lehor itxurako itzulpenetan ere; sarri administrazio arlokoak, hizkuntza zurrunekoak. Hezkuntzarako testuliburuak malguagoak dira, eta beste maila batean literatur itzulpenak daude; horietan aritzen naiz gusturen. Mikel Valverderen liburuetan, Rita izeneko pertsonaia baten bilduma itzultzen aritua naiz, besteak beste. Mendifilm-eko pelikuletarako euskarazko azpitituluak idazten ere oso gustura aritzen naiz, urte dezente daramat: pelikulak ikusi, ahozko hizkuntzan euskaratu… Asko ikasi dut lan horretan. Pou anaien lehen liburua ere itzuli dut, oso arrakastatsua. Orain bigarrenarekin ari naiz. Gozamena da niretzat, mendi kontakizunak direlako eta askatasun osoa daukadalako. Zer lan molde daukazu, liburuekin adibidez? Ez zait liburu osoa kolpetik irakurtzea gustatzen, hasieratik bukaerara. Pixkanaka joan zalea naiz, itzuli ahala neu trama deskubritzen joateko. Atal oso bat irakurri eta itzuli, adibidez. Itzulpen egile guztiak bezala, testu guztiei hiru edo lau buelta eman zalea naiz neu ere, eta bosgarren bat ere bai, aukera izanez gero. Idazleek lanik nekosoena biribiltzea dela diote. Zure kasuan ere bai? Bai. Testuak doinu bat eduki behar du. Paragrafo batek eraman egin behar zaitu, erreka bat balitz bezala, eta hori litzateke doinua, musika, jarraipena. Jatorrizkoak berea izango du, euskaraz ere hala izan behar du. Errepaso bakoitza entzuten dudanean doinu hori bilatzen dut, eta tarteka esaldi batek eten bat sortzen du musika horretan: ordena, egitura… aldi oro daude aldaketak. Eten edo duda hori ez da inoiz bukatzen. Une batean zeure buruari “honaino iristen naiz” esaten diozu, eta hori da muga. Itzultzaile lagun batek esaten zuen, gure lanaren alderdi onena omen da goizean pijaman hasten zarela lanean; txarrena gauean ere lanean jarrai dezakezula, pijama erantzi gabe. Askatasuna daukagu, baina aldeko izan daitekeen bezala, katea, lotura ere bai. Eta orain artaldera bueltatu zara, ezta? Kazetaritza uztearen arrazoia umeen zaintza izan zen, etxetik lana egin ahal izatea. Umeek zaintza beharrik ez dute ia egun, eta Tolosan Martxelo Otamendi “Berria”-ko zuzendari ohiarekin topatu nintzen bi urte atzera. “Ibilkari” izeneko mendiko kanala koordinatzea, elikatzea eskaini zidan. Despistatu samar harrapatu ote ninduen, ez bainion ezezkorik eman. Batzartu nintzen eurekin, eta baiezkoa eman nien. Konfort eremuan nengoen itzulpengintzan, eta kazetaritza nola aldatu den jakiteko unea zela pentsatu nuen. Hur Gorostiaga ikaskideak dioenez, kazetaritzak gaztetu egiten du, eta pausoa ematea erabaki nuen. Lanaldi erdia dut kazetan, eta beste erdia itzulpenekin. Biak uztartzea ez zait erraza egiten ari. Lan ezberdinak dira, eta erreportaje bat bukatu beharra, itzulpenen baten epe muga… Idazketa ohitura ere galdu nuen, eta orain asko kostatzen zait erreportaje bat osatzea. Adinak ere zerikusia izango du, noski. Joera bizitzan aurrera goazen heinean erosoago bizitzen saiatzea izan behar luke, baina bi jardun horien artean oreka bilatu nahi eta ezinean, lanari oso lotuta nagoela jabetzen naiz. Kazetaritza aldatu dela sumatu duzula diozu. Zertan? “Berria”-ko harpidedun izaten jarraitu izan dut kazetaritzatik kanpo egon naizen urte hauetan guztietan, eta paperekoan agian ez da asko nabaritzen, baina berehalakotasunarekiko mendekotasuna asko nabaritzen da. Bi hamarkada atzera bezperako egunkariak indarra zeukan hurrengo goizean. Gaur albisteak berehalakoak dira, Interneten eta sare sozialen ondorioz, eta neu ez naiz mundu horretakoa. Ikus-entzunezkoekin ere antzera. Gaur egungo kazetariak gero eta abilagoak dira. 1998an, Eskandinavian, “Hiru pauso hiru norabide” espedizioko eski zeharkaldian ginela, kazetariek idatzizko, irratiko eta telebistako piezak osatzen zituzten, une berean. 25 urte atzera! Hori hona iritsi da azken urteetan. Kazetariak multimedia behar du izan egun: notiziaren zuzeneko jarraipena egin X sarean, idatzia edizio digitalerako, eta kronika hurrengo eguneko egunkarirako. Bideoren bat grabatu ere bai, agian. “Berria”-ko lanaldi erdia Interneteko tripa horiek nolakoak diren ikasteko ere hartu nuen. Azken argitalpen hau baino lehen ere argitaratu dituzu lanak. Bai, ipuinen bat edo beste idatzi dut sormenari bide emateko ahaleginean. Donostiako CVC Club Vasco de Camping mendi elkarteak Ipuin Lehiaketa egin du azken bost urteetan. Bitan sari nagusia irabazi dut, eta aurten bertan, aurkeztutako lan guztiekin halako bilduma argitaratu du liburu formatuan. Nire izena Antxon Iturriza bezalako maisu baten ondoan agertzea ohore bat da. Mendiko kazetaritzan eta literaturan erreferente bat izan badut, hori Antxon bera da, gure mendizale memoria historikoan lan erraldoia egin duena. Bestalde, CVC-k mendiko kulturaren alde egiten duen lana sekulakoa da: mendiko krokisei lotutako erakusketa liburu bilakatu zuten, eta orain ikus-entzunezkoa osatzen ari dira. Nazioarteko argazki lehiaketa entzutetsua ere antolatzen dute, mundu osoko lanak jasota… Ipuinei dagokienez, urtero 100 lan baino gehiago jasotzen dituzte erdaraz, Euskal Herritik, Espainiatik eta mundu osotik. Euskaraz ere jasotzen dute sorta on bat. Eskerrak eman behar zaizkie. “Ihesa” ipuin sarituak Ezkabako ihesa du oinarri, Urepeleko mugaldea. Eta “Apustua” azken ipuin sarituan, berriz, ama zenaren testuinguru geografikoa dago oinarrian, Orexako Akuilutegi baserria eta ingurua. Komikigintzan ere murgildu zara. Bai, Jabi Baraiazarra Mendifilm-eko zuzendariak proposatu zidan, eta Cesar Llagunorekin batera ari naiz, gure mendizaletasuneko historiako pasarteak komiki formatuan jasotzen. Historia handi hori, xehe-xehe, idatziz jasoa dago Antxon Iturrizaren bitartez; gu, komikiaren hizkuntza grafikoagoaren bidez, pasarte batzuk beste modu batera ari gara ematen: irakurterrazago, arinago, irudiekin... Halako gidoi bat pasatzen diot Cesarri, eta berak binetaz bineta marrazkiak egiten ditu. Azken komikietan Felipe H. Navarro madrildarra ari da koloreztatzaile lanetan eta prozesu osoan hainbat ekarpen egiten. «Memoriaren giltza» publikatu berri duzu Erein argitaletxearen eskutik. Non, nola pizten zaizu buruko argia? Zein da abiapuntua istorio hori lantzeko? Ezkabako ihesa oilo ipurdia, zirrara berezia sortzen duen pasarte horietakoa iruditzen zait. Gure historiako askatasunaren aldeko garrasi ozenenetakoa izan da, noiz eta Gerra Zibilaren garai bete-betean. Ia 800 presok egin zuten ihes, 2.500 lagun zeuden kartzela hartatik. Baldintza ezin gogorragoetan zeuzkaten. Ihes egitea, eta 50 kilometro eskasera dagoen muga, egun irauten duen muga hori harrapatzea… Hiru lagunek “Frantziara” pasatu eta askatasuna berreskuratzea lortu zuten. Epopeia bat da, sekulako gertaera. Inguru hartara urtero irteera pare bat egiten ditugu mendiko bizikletan: Eugitik Zilbeti aldera, handik Sorogainera, muga pasatu, Adi mendiari buelta eman, hango erreka zuloetara jaitsi… Ihesi atera zirenak aztarrika nola ibili ziren etortzen zait beti burura: gauez ibili beharra, egunez gorde eta inork ez salatzeko. Luis Garderen “Ehiztariaren isilaldia” irakurri nuen bere garaian, eta kristoren liburua iruditu zitzaidan. Han eta hemen irakurtzen hasi nintzen, Burutain herriko gizonezko baten istorioa, zazpi hamarkadatan gertaera lazgarria isilpean eduki zuena… Gazteentzat kontakizun interesgarria iruditu zitzaidan, helduentzat ja askok kontatu dutelako, historialariek eta beste. Botilen hilerriaren gaia ere latza da. 2006. urtera arte ezkutuan egon zen, sasiak janda. Horren berri ematen zuten dokumentuak gordeta zeuden elizbarrutietako artxiboetan, baina Jose Maria Jimeno Jurio ikertzen hasi zen arte hor egon dira, azaleratzeko borondaterik gabe. Hildako haiek guztiak, memoria bezala, isilpean, lurperatuta egon dira. 131 preso zeuden lurperatuta bertan. 131 preso! Zure kontakizun hutsak halako beldurra sortzen du… Elizbarrutiko Artxiboan gordeta zeuden dokumentu horien artean hilerriko planoa ere bazegoen, eta hor agertzen zen nola zeuden presoak lurperatuta lau ilaratan. Sasiak jandako harresi baten arrastoak eta hilerria bera aurkitu ondoren, 2007an hasi ziren garbiketa lanak egiten. Duela 14 urte, berriz, han lurperatutakoak desobiratzen hasi ziren, familiek hala eskatuta… Sekulako istorioa da, kontatu beharrekoa. Txatal horiek guztiak bildu ditut, joskera eman bi nerabeen bizipenen bitartez, eta beraien bizitza deskubritzeko ahaleginean bertako gertaerak azaleratu, memoria pittin bat berreskuratu. Manuel pertsonaiaren memoria askatzen den heinean eman dut letren bitartez pasarte hura jakitera; giltza txiki bat eman gazteei bertako historia jakiteko, memoria historikoa azaleratzeko. Lan handia egin dute Txinparta Elkarteak, Aranzadik, Fermin Ezkietak, Jimeno Juriok, Iñaki Alforjak, Felix Sierrak eta hainbat historialarik, baina egiten jarraitu behar da. Gainerakoan, zoritxarrez, hainbat lekukotza isilpean geratuko dira, eta hainbat hobi komun ere bai, herrietako bazterretan. Ezagutu zenituen hainbat ezaguni kiku berezia egin diezu kontakizunean. Bai. Gustatzen zait halakoak egitea; batzuetan ageriago, besteetan ezkutuago. Indio da nerabeetako bat, Tolosako lagun bati egindako keinua, minbiziarekin hil zena; espeleologia zale sutsua. Mendia ere agertzen da, nola ez. Indioren aita, mendizalea, istripu batean hil zen Makalu mendian. Izena Alberto du pertsonaia horrek, eta Alberto Zerain-i egindako aitortza moduko bat da, nire ustez ez baitiogu merezitako aitortzarik egin oraindik euskal mendizaletasunean. Zerain sekulako tipoa zen, mendizale aparta eta pertsona hobea. Pertsonaia horretan, dena den, hainbat mendizale gorpuztu daitezke, eta irakurleak nahieran identifika ditzake. Alberto hori Manu Badiolarekin lotu duenik ere bada. Zergatik kiku horiek? Ez nuen Manu Badiola ezagutu, baina bai Amets bere semea eta Marina emaztea, eta arrasto handia utzi zidaten. Ametsek “Mendiminez” libururako kontatu zizkidanak gogoan ditut, eta nahi nuen haiekin ere keinu bat izan. Badiola ere, nolabait, presente dago Indioren aitaren pertsonaian. Mendia eta heriotza, zure jardunari lotutako bi hitz potolo. Bai. Muga oso lausoa da. Bizitzan, orokorrean. Gaur hemen zaude eta bihar agian ez. Mendian arriskuaren osagaia badago, baina egunerokoan ere ez gaude erabat salbu. Bizitzaren esentzia, bizipenak, indartsuagoak dira mendian. Afari baten bizipozak iraungo du afariak irauten duena. Hurrengo egunean ahaztu egingo zaizu, baina mendiko bizipen horiek gehiago betetzen dute eta askoz gehiago irauten dute. Hemen kontua gustatzen zaizun horrekin gozatzea da, tarteka zorigaiztoak gertatzen badira ere. Mendian hil diren guztiak bizitzaren bila ari zirela hil ziren. Ibon Gaztañazpik Julio Villar-en “Eh, Petrel” liburua euskaratu zuenean, urteak pasa zituen liburuko esaldi ezagun bati bueltaka: «Hoy es el primer día del resto de mi vida». Azkenik, argi-printza etorri eta euskaraz hain ezaguna den esaldiarekin itzuli zuen: «Hil arte bizi». Esaldi horretan laburbiltzen da pentsamoldea: «Hil arte bizi». Bizi, ez iraun, baizik eta bizi, bizitzari zukua atera. Batzuk sagardotegira joanda egingo dute, besteek mendira joanda. Helduentzako argitalpenen bat egiteko erronkarik bai? Ez naiz mekanikaria. Izan naiteke txapuzaren bat egiteko gaitasuna daukan norbait. Alegia, ez naiz idazlea, baina gustatzen zait tarteka nire sormen ariketak egitea. Errespetu handia sortzen dit helduentzako liburu bat egiteak, baina ez dut baztertzen. Erosoago sentitzen naiz gazteentzako idazketan. Helduentzako literatura jorratzeko, daukadana baino literatur oinarri handiagoa behar da, gehiago irakurri, dezente irakurtzen badut ere. Literaturari buruz gehiago jakin, eta horrek errespetua ematen dit. Ez dut baztertzen ipuin libururen bat argitaratzea egunen batean, baina ur handiak dira. «Testuak doinu bat eduki behar du. Paragrafo batek eraman egin behar zaitu, erreka bat balitz bezala, eta hori litzateke doinua, musika, jarraipena» «Ezkaban hildako haiek guztiak, memoria bezala, isilpean, lurperatuta egon dira. 131 preso zeuden lurperatuta bertan»