2024 ABU. 17 HEZKUNTZA, INBERTSIO Hezkuntza gabeziek inpaktu larria dute ekonomian: 10 bilioi dolar urtean UNESCOk argitaratutako txosten baten arabera, munduan zehar pilatzen diren hezkuntza gabeziek 10 bilioi dolarreko kostua ekartzen diote ekonomia globalari. Kostu monetarioez haratago, trebetasun sozio-emozionaletan duten eragina eta genero desberdintasunetan sortzen duten arrakala ere aztertu dituzte. Hezkuntza gabeziek jendartean kalte handia sortzen dute, Unescoren txosten batek mahai gainean jarri duenez. (UNESCO) Aitor Agirrezabal Munduan zehar 250 milioi haur hezkuntza sistematik kanpo daude. UNESCOren txosten batek, lehen aldiz, hezkuntza gabezien gizarte ondorioak eta kostu ekonomikoa aztertu ditu. Zuzendari nagusi Audrey Azoulayk dei egin die erakundeko estatu kideei lehenbailehen irten daitezen deseskolatzearen «gurpil zorotik». Deseskolatzearen eta hezkuntza gabezien mundu mailako kostua izugarria da: 10 bilioi dolar urtean. Eta ondorio ekonomiko horiei hondamen sozial garrantzitsuak gehitu behar zaizkie. Ildo horretatik, UNESCOk argitaratutako txostenak mezu argia helarazi du: hezkuntza inbertsio estrategikoa da, norbanakoentzako, ekonomientzako eta gizarte osoarentzako ahalik eta inbertsiorik onenetakoa. «Gure estatu kideei dei egin nahi diet eskubide unibertsal hori gizaki guztientzako errealitate bihur dadin lehenbailehen». Ikerketa horrek ondorioztatu duenez, 2030erako, haurrek eskola behar baino lehenago utzi eta oinarrizko trebetasunak ez eskuratzeak kostu pribatu, fiskal eta sozial izugarriak ekarriko ditu, eta mundu osoko ekonomiek bilioika dolarreko galerak izango dituzte. 2030erako, mundu mailan, eskola uzte goiztiarraren eta oinarrizkoak baino trebetasun txikiagoak dituzten haurren egungo ehunekoen urteko kostu pribatuak (norbanakoek beren gain hartutako kostu ekonomikoak) 6,3 bilioi dolar eta 9,2 bilioi dolar izango dira -edo munduko BPGaren %11 eta %17-, hurrenez hurren. Kostu pribatu horiek hogei urteko epean (2041ra arte) kalkulatuz gero, balio horiek 20 aldiz handiagoak izango dira, betiere txostenaren arabera. Era berean, 2030erako, eskola behar baino lehenago uzten duten haurren eta oinarrizko gaitasunak baino txikiagoak dituzten haurren urteko zerga kostuak (gobernuentzat) 1,1 bilioi dolar eta 3,3 bilioi dolar izango dira, hurrenez hurren. Beraz, eskola uzte goiztiarraren urteko kostu sozialak (kostu pribatuak eta fiskalak, zergak igotzearen kostuak kenduta) 6 bilioi dolar izango dira. Hamar bilioi dolar izango dira oinarrizko gaitasunak baino txikiagoak dituzten haurren kasuan. Azken hori frantziar Estatuko eta Japoniako 2022. urteko BPG konbinatua baino handiagoa da (ELGA, 2023a). Datuak eskuragarri dituzten herrialdeen azpimultzoan, 2030erako, trebetasun sozio-emozionalen maila baxuak direla-eta, BPGaren galera 7,4 bilioi dolarrekoa izango dela (urteko BPGaren %19) kalkulatu du UNESCOk. Dokumentuak gogorarazi duenez, 1948an, hezkuntza «giza eskubide unibertsal» izendatu zen eta eskubide hori 2015ean berretsi zen, Nazio Batuen Erakundeak guztiontzako kalitatezko hezkuntza lortzeko aukera garapen jasangarriaren helburu gisa ezarri zuenean. Hala ere, azken hamarkadetan hezkuntzarako sarbidean lortutako aurrerapenak gorabehera, mundu osoko 250 milioi haur eta gaztek eskolatu gabe jarraitzen dute, eta diru sarrera txikiko eta ertaineko herrialdeetako 10 urteko haurren %70 ez dira gai testu sinple bat ulertzeko. Kalitatezko hezkuntzan inbertitzea estrategia errentagarria da garapen ekonomikorako. UNESCO Inbertsioa Alderantziz, txostenaren arabera, ikasketak behar baino lehenago uzten dituzten edo oinarrizko gaitasunik ez duten gazteen proportzioa soilik %10 murrizteak BPGaren urteko hazkundea %1 eta %2 artean bultzatuko luke. Beraz, datu horiei so eginez, badirudi herrialdeek egin dezaketen inbertsiorik onenetakoa dela hezkuntza. Gogoeta ekonomikoez haratago, txostenak ohartarazi du hezkuntza gabeziek gizartean sortzen dituzten hondamendi larriez. Oinarrizko gaitasunak eskuratzean dauden hutsuneak, mundu mailan, haurdunaldi goiztiarrak gazteen artean %69 igotzearekin lotu dira. Aitzitik, bigarren hezkuntzako urte bakoitzak neskek 18 urte bete aurretik ezkontzeko eta haurrak izateko arriskua murrizten laguntzen du. Hamar gomendio Hezkuntza ministroek UNESCOk Parisen duen egoitzan egindako bileran Gabriel Boric Txileko presidentea ere izan zen, Guztiontzako Kalitatezko Hezkuntzarako Goi Mailako Zuzendaritza Batzordeko burua. Bilera horretan, Azoulayk dei egin zien erakundeko 194 estatu kideei «hezkuntza pribilegiotik munduko gizaki guztientzako prerrogatiba izatera aldatzeko konpromisoa bete zezaten». Zuzendari nagusiak gogorarazi zuenez, «hezkuntza funtsezko baliabidea da egungo erronkei aurre egiteko, pobrezia murriztetik hasi eta klima aldaketaren aurkako borrokaraino». Guztiontzako kalitatezko hezkuntzaren helburua lortzeko, UNESCOk hamar gomendio eman ditu txostenean. Lehenengoa da estatuek haur bakoitzari doako eskolatzea bermatzea, funts publikoekin finantzatua, gutxienez 12 urtez. Eskolatze horrekin batera, lehen haurtzaroan inbertsioak egin behar dira, ikaskuntzaren oinarriak ahalik eta azkarren ezartzeko eta desberdintasunen aurka borrokatzeko. Era berean, «bigarren aukerako» programak jarri behar dira abian eskolatu gabe geratu diren edo hezkuntza eten zaien haurrentzat. Ikaskuntza inguruneak ere segurua eta inklusiboa izan behar du. UNESCOk eskatu du haurren etxeen eta eskolen arteko distantziak laburrak izatea -batez ere, eremu pobreetan- eta ikastetxe guztiek ura eta saneamendua eskuratzeko aukera izatea. Eskolen tamaina murriztu egin behar da, eta irakasgaiak irakasle kualifikatuek eta motibatuek eskaini behar dituzte, ikasle guztiei modu ekitatiboan laguntzeko, genero berdintasunari arreta berezia eskainiz. Bestalde, UNESCOk estatuak animatu ditu tokiko komunitateak eta familiak sentsibilizatzera, haurrek hezkuntza ziklo oso bat amaitzearen garrantziaren eta gurasoek eskola jardueretan eta kudeaketan parte hartzearen inguruan, hain zuzen. Horrela, txostenak ondorioztatu du kalitatezko hezkuntzan inbertitzea estrategia errentagarria dela garapen ekonomikorako. «Gobernuek ez badute inbertitzen hezkuntzan, baliabide ekonomiko gutxiago izango dituzte. Era berean, gutxiago gastatzen badute eskola uzte goiztiarra eta oinarrizko trebetasunak baino txikiagoak dituzten haurren proportzioa murrizteko, beren ekonomiak hezkuntza eta produktibitate baxuko egoeran harrapatuta geratuko dira», azpimarratu du txostenak. Aurreko ikerketek erakutsi dute, Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programaren (PISA) eskalan, ikasleen proba kognitiboen puntuazioa 50 puntu hobetzeak etengabe handitzen duela %1 urteko hazkunde ekonomikoa (ELGA, 2015). Txosten horrek ondorioztatu du eskola behar baino lehenago uzten duten haurren eta oinarrizko trebetasunak baino txikiagoak dituztenen proportzioa %10 murrizteak BPGaren urteko hazkundea %1 eta %2 artean handitzen duela, proba kognitiboen puntuaketak hobetzearen antzeko efektua. Mundu osoan politika ugari aplikatu dira eskola uzte goiztiarra murrizteko eta ikaskuntzaren emaitzak hobetzeko. Noski, denek ez dituzte berdin pairatzen ondorio horiek. Besteak beste, dokumentuaren arabera, eskola uzte goiztiarraren eta oinarrizko gaitasunak baino txikiagoak dituzten gazteen kostu orokorrak zertxobait handiagoak dira mutilentzat neskentzat baino. Horren arrazoi nagusia da mundu osoan neska baino mutil gehiago daudela eskolatu gabe, eta oinarrizkoak baino trebetasun txikiagoak dituzten mutilen proportzioa handiagoa dela. Afrika Hala ere, Saharaz hegoaldeko Afrikan, eskola uzte goiztiarraren kostua handiagoa da neskentzat mutilentzat baino (210 mila milioi dolar inguru, 190 mila milioi dolarren aldean). Aipatu bezala, eskola behar baino lehenago uzten duten haurren eta oinarrizkoak baino trebetasun txikiagoak dituztenen kopurua %1 murrizteak laneko diru sarrerak urtean 470 mila milioi dolar eta 650 mila milioi dolar baino gehiago handitzea ekarriko luke, hurrenez hurren. Modu horretan, eskola behar baino lehen uzteagatiko eta oinarrizkoak baino gaitasun txikiagoak izateagatiko sarrera fiskalen galerak munduko BPGaren %14 eta %24 izango dira 2030ean, hurrenez hurren. Kalkuluen arabera, eskola uzte goiztiarraren eta oinarrizko gaitasunak baino txikiagoak dituzten haurren portzentaje puntu bakoitzak 430 mila milioi dolar eta 560 mila milioi dolar murrizten ditu, hurrenez hurren, diru sarrera fiskalak. Galera hori handiagoa da Saharaz hegoaldeko Afrikan eta estatu arabiarretan. Kostu ez monetarioak Kostu eta arriskuak, baina, ez dira soilik ekonomikoak. Txostenak dioenez, bigarren hezkuntzako urte bakoitzak nabarmen murriztu dezake neskek 18 urte bete baino lehen ezkontzeko eta haurrak izateko duten arriskua. Emakumeek eskola behar baino lehenago uztea eta oinarrizkoak baino trebetasun txikiagoak izatea haurdunaldi goiztiarren %59 eta %69 igotzearekin lotu dira, mundu mailan, hurrenez hurren. Eragina handiagoa da Saharaz hegoaldeko Afrikan (%81 eta %94), hegoaldeko eta mendebaldeko Asian (%67 eta %92) eta estatu arabiarretan (%67 eta %88). Era berean, hilketen intzidentzia orokorra %8,7 handiagoa da eskola behar baino lehenago uzteagatik, eta %57 handiagoa, oinarrizko trebetasunik ez izateagatik. Haurrek oinarrizko trebetasunik ez badute, lapurreten eta eraso fisikoen intzidentzia %39 eta %37 handiagoa da, hurrenez hurren, eta sexu indarkeriaren intzidentzia %27 handiagoa da, emandako datuen arabera. Eskola uzte goiztiarraren eta oinarrizko trebetasunak baino txikiagoak dituzten haurren maila altuenak lanik egiten ez duten, ikasten ez duten eta gaikuntzarik jasotzen ez duten heldu gazteen intzidentzia handiagoarekin lotu dira. Mundu mailan, pertsona horien kopurua %38 handiagoa da, oinarrizko gaitasunak baino txikiagoak dituzten haurren artean. «Litekeena da eskolatzerik eta trebetasun kognitiborik ez izateak neskak aktibo ez mantentzea mutilak baino gehiago. Nesken prebalentzia %28 eta %42 handiagoa da, hurrenez hurren, mutilen %24 eta %34rekin alderatuta». Munduan 128 milioi mutil eta 122 milioi neska eskolatzetik kanpo daude. Irudian, hiru neskato eskolara bidean. UNESCO Trebetasun sozio-emozionalak Trebetasun sozio-emozional desberdinen arteko arrakalari ere so egin dio txostenak. Horren arabera, ikasleen trebetasun sozio-emozionalak errendimendu akademikoaren aurresale dira. Datuak dituzten 57 herrialdetan, adeitasun, zorroztasun, irekitasun, estrabertsio eta neurotizismo handia duten haurren ehunekoa handiagoa da mutilentzat neskentzat baino, neurotizismoaren kasuan izan ezik. Bestalde, trebetasun sozio-emozionalak ahalik eta mailarik altuenetik behera izatearen kostu orokorrak handiak dira: 7,4 bilioi dolar baino gehiago edo urteko BPGaren %19 baino handiagoa. Adibidez, haur guztiek, Dominikar Errepublikan, trebetasun sozial eta emozionalen maila ahalik eta altuena izango balute, eskola uzte goiztiarra %43tik %29ra jaitsi liteke, txostenaren arabera. Edo Panaman trebetasun sozial eta emozionalen maila ahalik eta altuena izango balute, oinarrizko trebetasunak lortzen ez dituzten haurren proportzioa %82tik %35era jaitsi liteke, eta herrialdeko BPGaren %31 galtzea saihestuko luke. «Trebetasun sozio-emozional txikiak dituzten haurren ehunekoa murriztu, eta, horrela, eskola behar baino lehenago uzten duten haurren proportzioa eta oinarrizkoak baino trebetasun txikiagoak dituzten haurrena murrizteak nabarmen hobetzen du biztanleko BPGa», adierazi du UNESCOren txostenak. Arrakala Hautatutako herrialdeetan genero desberdintasunak daude neskentzako hezkuntzan, eta gizarte kostuak handiagoak dira Txaden oinarrizko trebetasunak lortzen ez dituzten neskentzat (BPGaren %29) eta txikiagoak, Herbehereetan (BPGaren %3,2). Emaitza horiek erakusten dute arrakala handia dagoela herrialde horien artean, oinarrizko trebetasunak baino txikiagoak dituzten haurren proportzioan, %90etik gorakoa baita Txaden eta %20 ingurukoa, Herbehereetan. Antzekoa gertatzen da eskola behar baino lehenago uzten dutenen kasuan. Afganistanen, bigarren hezkuntzarako nesken sarbidea eteten badute, 1.500 milioi dolarreko kostua izango du. Horrela, munduan 128 milioi mutil eta 122 milioi neska eskolatzetik kanpo daude, eta azterlanak agerian utzi du hezkuntza trebetasunen gabeziak ere izugarriak direla eta, horri aurre egin eta garapen ekonomikoa bizkortzeko, hezkuntzan eta genero eraldaketako ekintzetan inbertsioak egin behar direla. Gogoeta ekonomikoez haratago, txostenak hezkuntza gabeziek sortzen dituzten ondorioetan jartzen du ikusmira: gaitasunak, haurdunaldi eta ezkontza goiztiarrak... Azterlanak agerian utzi du, garapen ekonomikoa bizkortzeko, hezkuntzan eta genero eraldaketako ekintzetan inbertsioak egin behar direla 128 milioi mutil eta 122 milioi neska daude eskolatzetik kanpo. Hezkuntza trebetasunen gabeziak ere izugarriak dira: haurren %57k ez du oinarrizko trebetasun mailarik Gomendioak: doako eskolatzea, «bigarren aukerako» programak, gune seguru eta inklusiboak, distantzia laburrak, ura eta saneamendua, eskolen tamaina murriztea...