2024 ABU. 17 { KOADERNOA } Zahartzaro feministak eredu Mijo LIZARZABURU Apirilaren 26tik 28ra Leitzan antolatu genituen Bollotopaken egitarau zabalaren artean egon zen «zahartzaro bolleroak, nola heldutu heterosexualitatetik kanpo?» tailerra. Bertan gutxitan ikusi izan dudan belaunaldi ezberdinetako bolleren arteko harremana islatu zen, nagusiagoak pozik zeuden haien bizi esperientzia gazteagoekin partekatzeko aukera izan zutelako, gazteok bitartean gure aurretik militatu izan duten bollerak idealizatzeko joerari eusten, indibidualismoa eta diruaren logika albo batera uzten zuten adibideen bila genbiltzan. Askotan esan dugun arren, errepikatu beharra dago: bollera ez da lesbiana, lesbiana izatea emakumeekiko desira sexuala sentitzea da; bollera izatea, ordea, emakumetasuna zapalkuntza erregimen heterosexualaren kategoria zentraltzat ulertu eta hortik urruntzea da. Hau da, emakume izateari uztea, ulertuta emakumetasuna esklabotza forma sexuatu bat besterik ez dela. Horregatik (bollera nagusiagoek bizi eredu antiheterosexualez asko erakutsi ziguten arren), ez dago zertan lesbiana izan bizimodu bolleroagoak praktikatzeko. Lesbianismo gabeko bizimodu bolleroaren adibide garbia da Ondarroako Boga-Boga adineko emakumeen talde feminista. Denok dakigu zer espero den adineko emakume patriarkalaz. Bilobak eta seme-alabak asko maite dituztelako doan lan egitea. Arratsaldean eskolatik haurrak jaso eta, ogitartekoa esku batean eta irribarrea ahoan dutela, haien seme-alabei eskerrak ematea (haurrekin egoteko aukera emateagatik). Semeari, zeinarekin, urte askoren ondoren, emazteak dibortziatzea erabaki duen, edo bestela, ezkondu ez denari, lentejak eginak uztea, lanetik itzultzen denerako, koitadua nekatuta heltzen da eta. Beraiek baino zaharrago eta makalago dagoen eta bizi osoan aguantatu behar izan duten senarraren zaintza lanen ardura osoa hartzea (fardelak aldatu, medikuarenera lagundu edota beharrizan oro asetzea) haren heriotzara arte. Zer leku hartzen dute imajinario horretan plazerak, norberaren beharrek, ongizateak, lagunek? Ez dute lekurik. Hutsune horren aurka altxatzen da Boga-Boga, Ondarroako emakume adindunen elkartea. Boga-Bogako emakumeak, zahartzaro aktiboaren eredu izateaz gain, zahartzaro feministen eredua ere badirelako. Astero antolatzen dituzte Ondarroako Etxelilan formakuntzak, teoria feminista, artea eta arkitektura, zinema. Formakuntza horiek interesgarriak izan daitezke edonorentzat, baina hezkuntzarako sarbidea ukatu zaien belaunaldi horietako emakumeentzat, interesgarria izateaz gain, iraultzailea da. Taldea eta taldeko kideen ongizatea zaintzen dute, horretarako emakumeen etxean eskaintzen den coaching feminista saioetan parte hartzen dute, baina harremana ez da soilik emakumeen etxeko paretetara mugatzen: astero batzen dira bazkariak edota egunpasak egiteko, inguruko herrietan egiten diren antzerkiak ikustera joaten dira, urtero bidaia luzeren bat egiten dute guztiek batera... Ezin gelditu! Ez dut nahi idatzitakoa Boga-Boga taldeari egindako “pilota egite ariketa” soilean geratzea, baina aitortu behar dut niretzat eredu direla. Zahartzaroaz pentsatzean, gazteoi minak, ezgaitasunak edo heriotzak baino askoz ere beldur handiagoa sortzen digulako bakardadeak; are gehiago, bizimodu transmaribolloa hautatu baduzu eta zure bizitzaren zentroa ez bada izango familia. Horregatik ikasi behar dugu Boga-Boga bezalako taldeez, 65 urtetik gorako emakume horiek, haien ama-emazte-amona lekutik desplazatu eta (ustez) lesbianak izan gabe, bizimodu bolleroen eredu izatea lortu dutelako. Posible delako feminismoaren bitartez plazera, kultura, politika eta kolektibotasuna uztartzea: gora Boga-Bogako andrak! • Ondarroako Boga-Bogako emakumeak, zahartzaro aktiboaren eredu izateaz gain, zahartzaro feministen eredua ere badira