2024 ABU. 24 { KOADERNOA } Berdintasunaren alde nago? Iker BARANDIARAN Orain gutxi maskulinitateari eta berdintasunari buruzko formazio txiki bat egin dut, eta honako esaldiarekin egin dut topo: “Ez genuke fidatu behar beren burua matxistatzat ez daukaten gizon horiez, orain arte ez baitago, neurri handiagoan edo txikiagoan, jarrera eta balio matxistarik ez duen gizonik”. Lehen irakurraldian zur eta lur utzi ninduen esaldiak, baina hausnartu dut eta konturatu naiz gizon askori hori gertatzen zaigula. Emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde gaudela uste dugu eta jarrera publiko hori izatearekin nahikoa dela, ez dela gehiago behar. Baina, egunerokoa aztertzen badugu, konturatuko gara guk geuk ere baditugula hobetzeko gauza ugari; izan ere, inertziak bultzatuta funtzionatzen dugu, eta inertzia horrek gizon ereduaren nagusitasunaren alde egiten du. Horrez gain, goiko esaldiari gehituko nioke ez dagoela oraindik ere jarrera eta balio matxistarik ez duen emakumerik. Lehenik eta behin, ezin ukatu badugula inguruan gizon asko berdintasunaren aldeko mugimenduari beldur diotenak eta pribilegioak galduko dituzten ustetan egiaztatu gabeko uste faltsuak irentsi eta horiek zabaltzeari ekiten diotenak. Pribilegioei eusteko asmotan uste faltsuak zabaltzearena ultraeskuin eta eskuinaren ohiko praktika da. Are gehiago, azken urteotan joera atzerakoi hori -berdintasunaren kontra egitearena- areagotzen ari da. Eta bada arduratzeko kontu larria. Baina, goazen, bada, berdintasunaren alde gaudela diogunok hobetzeko ditugun hainbat arlo errepasatzera, kontzientzia hartzearekin eta sentsibilizazioarekin hasten baitira poliki-poliki gauzak aldatzen. Orain gutxi arte gure gizartean berdintasunaren alde zaudela esatea ohikoena izan da; kontrakoa “esatea” gaizki ikusita egon da hein handi batean. Baina seguruenik gizon gehienok ez gara hortik harago joan; hau da, ez ditugu berdintasunaren aldeko pauso gehiago ematen, guretzat oso erosoa delako. Kasu askotan gizonoi kostatzen zaigu, adibidez, etxean egin beharreko lanak berdin banatzea; gure umeen edo nagusien zaintzari bikotekidearen denbora edo disponibilitate bera eskaintzea (gure lana edo zeregin profesionalak ez dira bestearenak baino garrantzitsuagoak, eta eskubide bera dute haien lanari dedikazio altua emateko!); zein tradizionalki femeninotzat hartu izan diren etxeko arduretako asko gure gain hartzea. Bizitzak jartzen dizkigun beste zeregin askoren aldean, aisiaren esparru publikoa sakrifikatu nahi ez dugun esparrua da; eta normalizatuta daukagu gu gizonok hor egotearen ondorioz beste batzuek -emakumeek- agian ezingo dutela horretaz disfrutatu, baina guk, ordea, bai. Gizartearen erdia (edo agian gutxiago) osatzen dugun gizonok ez gara harritzen, ezta lotsagorritzen ere, telebistan zein beste edozein ekitalditan une oro protagonismo osoa gizonek hartzen dutela ikusita. Esku bakarreko atzamarraz zenbatu daitezke emakumeak nagusi diren ekitaldi edo gertaera garrantzitsuak: izan ekonomian, izan politikan, izan kirolean zein kulturan. Gizonok gizon izateagatik botere esparruak, partekatu beharrean, bereganatzen jarraitu nahi dugu. Horrela, emakumeei ageriko postuetara sarbidea ixten diegu eta, era berean, egindako lorpenengatik -eta ez gizon izateagatik- agerian egon beharko luketen beste emakume askok -gazteagoek barne- ez dute halakorik saiatzeko eredurik. • Gizonok ez gara harritzen, ezta lotsagorritzen ere, telebistan zein beste edozein ekitalditan une oro protagonismo osoa gizonek hartzen dutela ikusita