GAUR8 - mila leiho zabalik

Hanka-hutsik doanaren zapatetan


Badut mania txar bat: inguruan gertatzen dena ulertzeko beharra. Esaten da bestearen zapatetan sartu beharra dagoela hark egindakoak, esandakoak, erabakitakoak hobeto ulertu ahal izateko. Saiatu naiz ariketa egiten, baina zenbaiten zapatek latz estutzen dizkidate oinak eta ez zait odolik iristen burura. Mina ematen didate eta ezin dut pentsatu. Eta pentsatu gabe, ezin inor ulertu.

Donostian emaztea labanaz erasotu duen ertzainaren zapatek nolako estuasuna. Gaueko ordu txikietan, emaztea eta alaba txikiak erasotu ditu. Epaileak kargu hartu dio, baina ez daki oso ondo nola egin. Hilabete batzuk dira emakume bezala erregistratu zela eta... Ezin naiz bere zapatetan kabitu.

Begiratu dut handik eta hemendik, irakurri dut hau eta bestea, baina ezin. Zapaltzaile bat ikusten dut ertz guztietatik. Ez diot generorik igartzen, baina bere jarduteko moduan tratu txar emaile bat begitantzen dut. Bere etxekoen loa labana batekin hausten duenak ez du tratu onik emateko ohiturarik.

Aldiz, albistea irakurri nuenetik erasoa jasan zuen emakumearen zapatetatik ezin naiz atera. Gaueko ordu txikietan, besoetako haurra hartuta alde egin zuen etxetik, beste alaba erasotzailearen esku utzita. Martuteneko kartzelan lanean zeuden ertzainei eskatu zien laguntza, bikotekideak labanaz erasotu zuelako. Piperbeltz-gasa jaurti omen zion erasotzaileari eta horri esker lortu zuen etxetik alde egitea.

Atxilotu zuten ertzain erasotzailea, eraman zuten epailearen aurrera eta libre, karguekin. Eta? Etxera bueltatu zen? Afaritarako tuperren bat bilatu ote zuen hozkailuan?

Gaueko ordu txikietan alaben loa zaintzen duen emakumea ikusten dut, piperbeltz-gasa eskura duena, badaezpada. Arriskua etxean bertan duela jakitun denaren arnasestua sumatzen dut. Erasotzailearen aurrean babesa kamustua duen emakumea ikusten dut.

Segur aski ez dugu lur eremurik partekatzen emakume horrek eta biok, ez mundu ikuskerarik ez balio sozial eta politikorik. Baina gaueko ordu txikietan hanka-hutsik etxetik alde egin behar duen emakume bat da, beste asko bezala, eta bere zapatetan jartzen naiz. •