2024 ABU. 24 Itsas-mailaren igoerarekin, euskal hondartzen erdia desagertzeko arriskuan Greenpeacek uda honetan mahai gainean jarri duen txostenaren arabera, mende amaierarako itsasoaren mailak 50-80 zentimetro artean egingo du gora euskal kostaldean. Horrek esan nahi du kostaldeak 50-100 metro bitartean egin dezakeela atzera. Hartara, euskal hondartzen erdia desagertzeko arrisku bizian legoke. Ekaitza Donostiako itsasertzean. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Euskal itsasertza (ere) arriskuan da. Itsas-mailaren igoera eta higadura benetako mehatxuak dira, Greenpeacen txosten batek ohartarazi duenez. AZTI zentro teknologikoaren aurreikuspenen arabera, itsasoa 3,2 milimetro ari da gora egiten urtero. Hartara, euskal kostaldean itsasoak 50-80 zentimetro egingo du gora mendearen amaierarako. Zientziaren kalkuluen arabera, itsas-mailaren igoera horrek kostaldearen 50 eta 100 metro arteko atzeraldia ekarriko luke. «Igoera horrek uholdeak eragin ditzake itsasertzeko eremu askotan, marea bizietan, eta kalteak portuetan, dikeetan eta pasealekuetan, denboraleetan. Ondorioz, hondartzen eta paduren zati handi bat galduko dela uste da», zehaztu du txostenak. Lan horren arabera, itsas-mailaren igoerak Gipuzkoako hondartzen %70 kaltetuko ditu, eta Bizkaikoen %45. Itsas-mailaren igoeraz aparte, muturreko fenomeno meteorologikoen areagotzea ere aurreikusten da. Lorea Flores Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea da. NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketa batean zehaztu duenez, «eragina izango du itsaso bazterrean, hezeguneetan eta ibai adarretan batez ere. Iraganean ez da aurreikusi itsasoak ekar zezakeena, eta urbanismoak ez du hori kontuan izan. Egia da euskal kostaldean agian gutxixeago gertatu dela, Mediterraneoan nabariagoa izan da joera hori, kostaldean bertan eraiki delako. Ondorioak hor daude, kalte ekonomikoak eta sozialak. Irtenbide hoberena kostaldeari edo naturari bere espazioa ematea da. Kostaldea egoera onean edukitzea bada klima aldaketaren eraginari aurre egiteko modu bat». Ondorioak dagoeneko hemen dira. Floresen hitzetan, «toki batzuetan jada hondartzak desagertzen ari dira. Irtenbide artifizialak probatzen ari dira, harea beste toki batzuetatik kendu eta bertan bota. Baina ikusten ari gara horrelako irtenbideek ez dutela balio epe luzera. Itsasoak indar gehiago du. Irtenbide garesti eta artifizial horiek irtenbide faltsuak dira. Hoberena da naturari bere espazioa ematea». Naturari bere espazioa ematea eta kostaldea egoera onean edukitzea. Horiek bi gako garrantzitsu dira Greenpeaceko kidearen ustez. «Azkenean, kostaldea egoera onean badugu -hondartzak, hezeguneak...-, espazio horiek gai dira etor daitezkeen ekaitz eta uholdeei eusteko, horien ondorioak gutxitzeko». Nola galduko dira hondartzak? Itsas-maila igo eta hondartzak galdu. Hori da Greenpeacen txostenak mahai gainean jarri duen aurreikuspena. «Ibaietatik hasita, arro guztian zehar ditugun azpiegitura artifizialengatik eta kostaldean bertan daudenengatik ur eta sedimentu fluxuak aldatu egin dira eta ez dira iristen behar bezala. Horrek harearen pilaketa edo sedimentazioa eragozten du. Behar baino sedimentu gutxiago iristen da eta, ondorioz, dunak eta horrelako ekosistema bereziak arriskuan daude. Bertzetik, itsas-maila gero eta gehiago igoko da, ekaitzengatik egon daitezkeen olatuak gero eta gogorragoak izango dira eta horrek sedimentuen dinamika naturalak aldaraziko ditu. Hala, hondartzak hondatzen eta desagertzen joan daitezke». Itsasoak aurrera egiten badu kostaldean, bertan dauden azpiegiturak kolokan jar daitezke. «Toki batzuetan itsas-pasealekuak eta horrelakoak kentzen ari dira dagoeneko. Urtero, Danak eta horrelako ekaitzak etortzen direnean, kaltetu egiten dira azpiegitura horiek. Konponketek sekulako dirutza eskatzen dute eta, gainera, arriskutsua da, jendea bertan ibiltzen baita. Arazoa kostaldean dauden eremuetan dago. Hor ikusi beharko da nolako irtenbidea topatu...», azaldu du Floresek. Turistifikazioaren kaltea ere jasotzen du Greenpeacen txostenak. «Hondartzak ekosistema naturalak dira eta babestu egin behar dira. Gizakiaren presio handia ezartzen badiegu, kaltetu egiten dira. Bertara joateak berak, joan-etorriek, eragina daukate. Ekosistema horiek kaltetzen badira, berez daukaten babesteko funtzioa murriztu egiten da», ohartarazi du Floresek. Guggenheim-Urdaibai Museoaren proiektuaren kontrako protesta. Oskar MATXIN EDESA URDAIBAI, PETRONOR, LEMOIZ ETA GETARIAKO HAZTEGIA; EGIN BEHAR EZ DENAREN ADIBIDE Greenpeacek kostaldearen egoerari eta etorkizunari buruz egin duen txostenaren arabera, euskal kostaldea, beste toki batzuetan duela hamarkada batzuk gertatu zen “boom urbanistikoan” bete-betean sartu ez bazen ere, oraintxe babestutako itsasertzean egin behar ez denaren adibide argi baten protagonista tristea da: Guggenheim-Urdaibai Museoaren proiektua. «Proiektuak bi egoitza eraikitzea planteatzen du, horietako bat Muruetako ontzioletan, nazioarteko babesa duten padurari irabazitako lurretan. Gainera, Trantsizio Ekologikoko Ministerioak ontziolek lurzoruak deskontaminatzeko duten erantzukizuna saihestea ahalbidetu du, eta kostaldearen babesa aldatu du, instalazioak Urdaibaiko paduretatik 20 metrora eraiki ahal izateko. Izan ere, eremu hori babestuta dago balio ekologiko handia duelako, eta, gainera, turistifikazioaren eragina jasango luke», zehaztu du txostenak. Bestelako azpiegitura batzuen gainean ere jarri du fokua eragile ekologistak, Petronorren instalazioetan kasu. «Duela hamarkada batzuetatik hona itsasertzaren kontserbazioari buruz egindako txosten guztietan izan den puntu negatiboenetako bat da. Eusko Jaurlaritzak eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Repsolen filial hori babesten jarraitzen dute, inguruko biztanleen osasunaz eta ingurumenari buruzko legediaz barre egiten jarrai dezan». Lemoizko zentral nuklearraren lurretan arrain-haztegi bat eraikitzea aztertzen ari da Lakua. Greenpeacen arabera, «Iberduerok (gero Iberdrola bihurtu zena) ingurua lehengoratzeko ardura izan beharko luke, baina, horren ordez, inbertsio publiko handiko arrain-haztegi bat eraikitzea planteatzen da. Berriro zalantza sortzen da Lakuaren eginbeharra kostaldea zaintzea edo bestelako interesen alde egitea ote den». Getarian egin asmo den hegalaburra gizentzeko etxaldea ere aztertu du Greenpeacek. «Mediterraneoko praktika txarrak inportatzen hastea da planteamendua. Kantauri itsasoan historikoki egin diren artisautza-arrantzaren jardunbide egokien ordez -jasangarritasunaren adibide direnak mundu osoan-, inguratze-arrantza bereizi gabea erabiliko da. Gainera, instalazioek sortuko dituzten hondakin izugarriak ere oso kaltegarriak izango dira».