GAUR8 - mila leiho zabalik
Patxi Zeberio, erremontista
Elkarrizketa
Patxi Zeberio
Erremontista

«Sekretuetako bat gozatzea da, eta nik asko gozatzen dut erremontean jokatzen»

Galarreta eta Euskaleko urte onak eta ez hain onak bizi ostean, erremontearen beste aurpegi bat ezagutzen ari da Patxi Zeberio (Elduain, 1974). Pozik dabil herri txikietan jokatuz, frontoian gozatzen.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Ekainaren 2an bete zituen 50 urte, eta oraindik jo eta su dabil Nafarroako e-Remonte enpresarekin jokatzen. Udaberriko Torneoko eta San Fermin Torneoko finalak jokatu berri ditu eta, garaipenik lortu ez arren, argi utzi du gazteak adina badela oraindik. Eskuzabal hartu gaitu Tolosako bere etxean, eta solasaldi goxoa izan dugu bero sapatik ihes eginez.

Ekainean 50 urte bete, eta ordutik bi final jokatu dituzu. Zein da sekretua?

Urte asko dira. Egia esan, ez da normalena adin honetan jokatzen segitzea. Horrek esan nahi du agian ez dagoela horrenbesteko maila. Txukun nabil. Bizitza osoan zehar hau egin dut. Asko saiatzen naiz, prestaketa ona egiten dut, asko zaintzen naiz, eta gero zortea ere behar da. Ni zortekoa naiz, gorputzak lagundu egin dit erremontean jokatzen.

Baina finaletan sartzeak erakusten du sasoiko eta gogotsu zaudela.

Hortxe nago, bai. Esan nahi du jokatzeko moduan nagoela. Minik ez daukat, gozatu egiten dut jokatzen, sekretuetako bat gozatzea da eta nik asko gozatzen dut erremontean jokatzen. Bizi osoan egin dudan gauza bat da eta oraindik gorputzak uzten dit honetan segitzen. Unean unekoa bizitzen ari naiz, ez dut pentsatzen beste bi edo hiru urte jarraituko dudan. Azkeneko 10-12 urteak daramatzat urtetik urtera kontratua berrituz. Astez aste noa, agian bihar bertan lesio larri bat izan dezaket, baina oraingoz errespetatzen naute. Besteekin jokatzeko moduan nagoela ikusten dut eta gozatzen dudan bitartean eta minik ez dudan artean jarraituko dut.

Azken bi final horiek Donezteben eta Iruñean jokatu dituzu. Ez dira edozein leku erremontista batentzat.

Aurreneko hori berezia da, herri askotatik igarotzen gara, eta finala Donezteben jokatzea ere berezia da, festetan, gainera. Frontoia bete egiten da eta jendeak erremontea asko bizi duen herria da, pilotari asko atera dira hortik. Eta Labritekoa ere bai, Sanferminetako giro horrekin. Peñak ere tartean sartuta daude, txaranga eta guzti joaten dira, eta oso giro polita sortzen da. Partida politak atera ziren, gainera.

Uterga tokatu zaizu parean. Sasoiko dabil azkenaldian.

Asko dominatzen du. Bere terrenoan sartzen zaitu, oso trebea da, eta diferentzia markatzen du. Baina Labritekoa estu joan zen, azkenean detaile txikiek erabaki zuten eta jendea pozik atera zen. Hori da garrantzitsuena.

Garrantzitsua izango da zure burua lehiakor ikustea.

Bai, bai, hori argi daukat. Gazte gehiegi ez daude. Orain sartu dira batzuk, baina oraindik urte batzuk beharko dituzte maila onena hartzeko. Ni tartean nabil, ez naiz ikusten besteak baino gehiago, gutxiago ere ez. Ikusiko banu gazteei traba egiten diedala, utziko nuke, baina oraindik beharra dagoela ikusten dut. Jokatzera joateko eskatzen didate. Pilotari gehiegi ere ez daude eta beharra dagoen garaietan askotan bikoteak osatu ezinik ibiltzen dira.

Eta gazteentzat beterano batzuk egotea ere txarra ez, ala?

Ni oso maitatua sentitzen naiz. Enpresak sekulako ahalegina egin zuen nirekin kontatzeko, kasik “a la carta” jokatzen dut. Eta dauden gazteak ere oso jatorrak dira. Jende oso ona dago, giro oso ona daukagu aldageletan, eta batzuetan sentitzen dut nire hitzak Jainkoarena ematen duela. Saiatzen zara ahal duzun guztian gazteei laguntzen, ahal duzuna erakusten: xistera nola lotu, jokoan zerbait ikusten badut komentatzen... Nik ahal dudan guztian lagundu egiten diet. Batzuetan asmatuko dut, beste batzuetan ez, baina saiatzen naiz. Giro eta elkartasun horrekin oso erraza da jokatzea. Hori ez banu ikusiko, ez nintzateke hemen egongo.

Aipatu duzu asko zaintzen zarela. Zer entrenamendu egiten dituzu?

Nik bizitza osoan nire kabuz entrenatu dut. Bere garaian Aspeko prestatzailearekin ibili ginen, Justo Lillorekin, urte batzuetan Buruz Burukoa prestatzeko, baina ez gehiegi. Kontuan izan behar da lehen hilero 12-14 partida jokatzen genituela. Astero-astero lau partida, eta gainera asteazkenetan Galarretara joaten ginen entrenatzera. Hortik kanpo, mantentze-lana izaten zen batez ere. Gaur egun, askoz gutxiago jokatzen dugunez, ia egunero mendi buelta bat egiten dut, eta gero astearteetan entrenamendu fuerte bat Azpeitian matxindarrekin, Ionekin eta horiekin. Normalean asteburuan partida bat izaten dugu. Eta jana pixka bat zaintzen dut.

Ez da oso normala ni 50 urterekin jokatzen egotea. Aldakak, belaunak... minak edukitzea normala da, kirol agresiboa da erremontea, kolpe txar asko hartzen dira lurrean, paretan... Nik makina bat partida daukat gainean eta ez da oso normala oraindik hor jarraitzea. Baina zortez nire metabolismoak oraindik onartzen du hori.

2020an hasi zenuen e-Remonte enpresan ibilbidea.

Nik Galarretan urte asko egin nituen eta ikusten nuen nire etapa amaitu zela. Baldintza txarretan jokatzen urte asko pasatu nituen: gutxiago kobratuz, portzentaje bat enpresari emanez aurrera ateratzen saiatzeko... Eta behin pandemia pasatu zenean bukatutzat eman nuen bide hori. Etxean geratu nintzen. Hilabete batzuk pasatu zirenean E-remontekoak etorri ziren eskaintza bat eginez, baina ezetz esan nien, uzteko erabakia hartua nuela eta ez nintzela ikusten frontoi txikietan jokatzen. Baina beste bi aldiz ere etorri zitzaizkidan, eskaintza oso ona zen, baldintza oso onekin, beste pilotari batzuek ere deitu zidaten animatzeko, urte bat sikiera probatzeko. Inguruko beste hiru gipuzkoar ere banituen bidaietarako, eta horrelako interesa ikusita, apustu sendoa egiten zutela ikusita, probatzea erabaki nuen. Horrela hasi nintzen urte bat probatzeko asmoz, eta jada bosgarrena beteko dut. Sekulako esperientzia izan da. Jende pila bat ezagutu dut, frontoi txiki pila bat, eta batez ere gure artean daukagun giroa. Ez da partida jokatzea bakarrik. Kotxean beti elkarrekin joaten gara hiru edo lau lagun, eta harreman are estuagoa egiten duzu. Batera bidaiatu, batera entrenatu, merienda edo afariren bat izaten da tartean...

Pilotari bezala, ordea, ez da erraza izango frontoi txiki horietara moldatzea.

Badakizu zer gertatzen den? Ohitzen joan garela. Hasieran arraroa egiten zen, Galarretatik edo bere garaiko Euskaletik frontoi txikira igarotzea. Baina materiala egokitzen joan da, bote motzagoko pilotekin, leku guztietara iristeko aukera ematen dizutenak, eta jokoa parekatu egiten da. Astero-astero frontoi txikian jokatuz jarri egiten zara. Dena bezala da, orduak sartuta jarri egiten zara. Eta egia da saiatzen direla frontoi txukun samarrak aukeratzen, ez gara edozein lekutara joaten.

Begiratu dezagun atzera apur bat. Zer balantze egiten duzu zure ibilbideaz?

Ez naiz atzera asko begiratzekoa. Gehiago naiz hurrengo egunera edo hurrengo astera begiratzekoa. Pasatutako guztiak sentsazio ona uzten dit. Momentu onak izan nituen, ibilbide oso positiboa izan da. Txapelak eta hor daude, baina hori baino gehiago esango nuke ingurunea dela garrantzitsuena, egindako lagun guztiak. Azkenean, horrekin geratzen zara; jokatzen gozatutakoarekin. Lasaitasunez begira dezaket nire ibilbidea.

1995eko maiatzaren 27an debutatu zenuen, 20 urterekin. Zer oroitzapen duzu?

Gogoratzen naiz debutarekin. Ni 18 urterekin sartu nintzen Galarretako eskolan eta afizionatuetan azkar iritsi nintzen gora. Debuta ere nahiko azkar iritsi zitzaidala oroitzen dut. Ez nuen uste horren azkar iritsiko zenik aukera, baina bost pilotarik debutatu genuen batera. Gogoratzen naiz oso lasai joan nintzela, sinisten nuen ongi moldatzeko aukerak nituela, ibilbide polit bat egitekoa. Herriko jendea joan zen, familiakoak, eta giro polita sortu zen. Partida ona atera zen eta irabazi egin genuen; galtzen ibili arren, bukaeran buelta eman genion. Sekulako oroitzapena.

Zu palan ibilia zinen aurrez.

Pilota munduan, orokorrean. Anaia zaharra palan ibiltzen zen; beste anaia, Zeberio I.a, erremontista zen, hamar bat urte egin zituen hark ere profesionaletan; koinatua ere bai, nire arrebaren gizona, Matxin II.a. Oso sartuta nengoen pilota munduan eta asko bizi nuen. Gu Elduainen ia-ia frontoian jaiotakoak gara, etxe alboan daukagu frontoia. Guk denari ematen genion, baina palarako banituen dohain bereziak, oso erraz jokatzen nuen. Pala motzean hasi nintzen, Espainiako Txapelketa bat irabazi nuen, baina ikusten nuen hor Bilbora joan beharra zegoela, Deportivora, eta anaiak animatuta joan nintzen erremontea probatzera. Alde horretatik, maila nahiko politarekin joan nintzen, modalitate guztietan nahiko ongi moldatzen ginelako.

Orduan erremontea oraindik oso indartsu zegoen.

Asteartean jaialdia egoten zen Euskalen, ostegunean Galarretan, eta larunbat eta igandeetan bietan. Jaialdi bakoitzean lau partida, atera kontuak zenbat pilotari behar ziren hori dena jokatzeko. Guk, orduan, ostegunean beti jokatzen genuen, asteburuan ere egun batean behintzat bai, eta astearteetan ere ia beti. 12-13-14 partidu hilean, hortxe ibiltzen ginen, 12tik ez ginen ia inoiz jaisten. Abuztua iritsitakoan, agian 17 edo 18. Nik urte batzuk harrapatu nituen oso onak. Frontoira jende asko joaten zen, apustu asko egiten zen, eta urte batzuk izan ziren hor, pezetatik eurora aldaketa izan zenean-eta, eromena izan zena. Agian gehiegi ere bai, gero beste aldekoa etorri zelako. Urte batzuk ikaragarriak izan ziren, frontoira ateratzeak ere beldurra ematen zuen, diru asko jokatzen zelako. Presiopean jokatzen zenuen, beti tentsio horrekin, pilota bat galduz gero jendea oihuka...

Garai hartan nahitaez Koteto Ezkurra aipatu beharra dago, urte haietako izar handiena. Zure adin bertsukoa da.

Bai, baina berak 16 urterekin debutatu zuen, ni baino dezente lehenago. Ni iristerako bera jada partida nagusiak jokatzen ari zen eta uste dut txapelen bat ere jada irabazia zuela. Oso azkar igo zen gora. Ni ere bai, debutatu eta pare bat urtera partida nagusiak jokatzen hasi nintzen. Aurpegi berriak ginen, ondo ari ginen, enpresak ere laguntzen zigun, eta bateko eta besteko azkar iritsi ginen gora. Orduan Matxin, Elizalde eta horiek ziren beteranoak. 35 urte izango zituzten eta zuten esperientzia guztiarekin ikaragarri jokatzen zuten. Hirugarren partidetan ere Arregi, Lezea, Noain, Ollo... sekulako kuadrilla zegoen, maila bikaina.

Koteto Ezkurraren aurka horrenbeste partida jokatzea zer izan zen, ohore bat edo buruko min bat?

Hasteko, lagun minak izan gara. Ez da agian normalena, partida pila bat jokatu ditugulako elkarren aurka, finalak ere bai, baina lagun handiak gara. Eta bai, sekulako ohorea izan da bere aurka hainbeste partida jokatzea. Koteto ezagutzeko zortea izan dugu, historiako pilotari onena edo onenetako bat behintzat, Abrego eta biak aipatu ohi dira. Horrelako pilotari bat zure garaian tokatzea, jokatzeko zeukan izaera eta magia berezi horrekin, eta bere aurka jokatzeko aukera izatea... Partida gehien nire aurka jokatuko zituen seguru asko. Urteak igaro ditugu elkarren aurka jokatzen eta hori zorte handia da. Askotan esaten didate, “Koteto ez bazen tokatu zure garaian txapela gehiago edukiko zenituzke”. Nik txapelak alferrik dauzkat. Niretzat haren aurka jokatzea motibazio estra bat zen. Atzean abantaila apur batekin jokatzen nuen, baina oso urte onak harrapatu genituen.

Bi txapel irabazi zenituen banaka, bost final jokatuta. Eta Binakakoan zazpi txapel zortzi finaletan. Sekulakoa da.

Oso erregularra izan naiz beti. Eta finaletan ere maila txukuna ematen nuen, gorabehera gutxirekin. Nire aukeretan sinistekoa izan naiz, borrokalaria. Zortea ere behar da, badirelako final batzuk bi edo hiru tantorengatik irabazi edo galdutakoak. Buruz Buru irabazitakoei meritua ematen diet. Ni ez naiz mutil oso handia. Garai hartan 71 kiloan ibiliko nintzen. Sakatu egin behar duzu, frontoi guztia kubritu... Orduan zeuden munstro denekin: Eizagirre, Lizaso... Sekulako maila zegoen eta hor bi txapel ateratzeak meritua du. Bat Kotetori irabazi nion, gainera. Hori niretzat gailurrera iristea izan zen. Galdutako finaletan ere gerra eman nuen, hiru edo lau tantoz galduta, baina partida ona jokatuta. Pilota baxuxeagoak izaten ziren, orain bote gehiagokoak dira, kontrolatzeko zailagoak.

Binakako aurrenekoa Pello Aizpururekin irabazi zenuen. Bera izango zen beteranoa.

Bai, guretzat idolo batzuk ziren. Txikitatik ikusten nituen jokatzen. Biok herri txikietan jaioak, sortzen zen giroarekin, elkarrekin bikotea osatu eta finalean sartzea... Finalean Kotetori tanto batez irabazi geniola uste dut Iruñean. Han gure maila beti jaitsi egiten zela esaten zuten, eta txapela irabaztea sekulakoa izan zen. Hori lortuta lasaitua hartzen duzu: “hemendik aurrera etortzen dena ongietorria da”.

Ondorengoetan, aldiz, gehienetan zu izaten zinen izarra.

Auzmendirekin bi, Urrutia oso gaztea zela, Badiola... Bai, hor jada atzelaria zure babesean jartzen da, ea zer esaten diozun, zer pilota aukeratzen duzun... Batez ere saiatzen zara bera lasaitzen: “lasai jokatu”, “hau edo hura egingo diagu”... Zuk zalantzak badituzu laguna ere ez da lasai geratzen.

Eta alde negatiboan, batez ere 2014an ukondoan izan zenuen lesioa. Ia urtebete pasatu zenuen jokatu gabe.

Bai, oso gaizki pasatu nuen. Partida batean horma-biko bat eramaterakoan takoa sarean kateatuta geratu zitzaidan. Tendoia ezpaldu zitzaidan, baina ez zidaten ongi aurkitzen zer neukan. Proba pila bat egin zizkidaten, talka-uhinak... Azkenerako, etsita nengoen. Hilabete eta erdi igaro, ematen zuen hobeto zegoela, frontoian entrenatzen hasi eta berriz ere, tak, apurtu egiten zen. Azkenean, Mikel Sanchezengana joan nintzen Gasteizera. Kontsultan sartu eta berehala esan zidan aukera asko nituela jokatzen jarraitzeko. Nik, egia esan, jokatzen jarraitzea baino gehiago bizitza normalerako ongi geratzea nuen helburu, mina sentitzen nuelako janzterakoan edo ate bat irekitzerakoan. Baina berak baietz, %90etik gorako aukerak nituela jokatzen jarraitzeko. Plasma sartuz egiten duten tratamendu hori egin eta esan zidan: “Hemendik 35 egunera joan Galarretara, egin proba bat eta etorri hona”. Nik urtebete neraman frontoira joan, berriz min hartu eta etxera lur jota itzultzen. Batzuek ebakuntza egiteko aholkatzen zidaten, beste batzuek ezetz, arriskutsua zela, jada 38 urte nituen... Dena uztekotan nengoen. Baina konturatu nintzen besoa berotzen joan ahala sentsazioak onak zirela, jada ez neukala lehengo min hori. Eta kontsultara itzuli nintzenean Sanchezek esan zidan tendoia bikain lotuta zegoela, lasai jokatzeko, hori ez zela apurtuko-eta. Errehabilitazioa egin behar izan nuen, baina orduz geroztik ez dut arazorik izan.

Urte asko dira jokatzen. Fisikoki galtzen dena esperientziarekin osatzen da?

Zalantzarik gabe. Gaztetan fisikotik tiratzen duzu. Nire kasuan, gainera, oso erasokorra nintzen, indarreko pilotaria, eta defentsan oso gutxi nekien. Gero ikasi nuen. Ohikoa da: 17 urterekin kolpea badaukazu horrekin puskatzen duzu. Baina profesionaletara heltzen zarenean kolpearekin ez duzu apurtzen. Pilotakada bat jotzen duzu eta ekarri egiten dizute, beste bat jo eta berriz ekarri, eta hamargarrenean zuk galtzen duzu. Ofizioa pixkanaka ikasten joaten zara. Eta behin fisikoa eta kolpea jaisten direnean beste era batera jokatzen ikasten duzu: aurrean botea egiten, ezkerpareta jotzen... Etengabe bihurrikeria horien bila. Oraingo gazteak ikusten ditut eta konturatzen naiz nik ere horrela jokatzen nuela garai batean. Hori orduen poderioz ikasten da.

Pena da oraingo gazteek ez dituztela zuek adina partida ikasketa horretarako.

Imajinatu asteko aurreneko partida erraz galtzen duzula, bigarrena ere bai, baina bolada txarra azkar aldatzen da, asko jokatzen duzulako. Gertatu izan zait, neka-neka eginda jokatzera joan eta sekulako partida egin, beti egon behar duzun tokian zaudelako. Futbolari onak bezala, beti behar den lekuan. Beste batzuetan fresko joan eta “buenarik” egin ezin. Egoera asko aldatu da. Maila jaitsi egin da, gazterik ez dator, konpetentzia askoz gutxiago dago. Gure garaian 60 pilotari baginen, orain 20-25 egongo dira. Normalena litzateke ni 35 edo 36 urterekin gazteek etxera bidaltzea. Abiadura sartzea eta nire gainetik pasatzea. Ni hemen baldin banago ez da seinale ona. Oraingo gazteek duten txarrena da hilean bi partida jokatzen dituztela, eta horrela ezinezkoa da maila hartzea.

Urtetik urtera joango zara jarraitu edo ez erabakitzen.

Bai. Oraingoz abendura arte nago. Enpresak esan zidan: “Zuk nahi duzunean erretiratuko zara, nahi duzun moduan”. Uste dut bi urteko kontratuak egin dituztela orain, eta urte amaieran ikusiko dut. Eta niretzat garrantzitsua da azpeitiarrekin gertatzen dena: Ion, Matxin III.a eta Agirrezabala. Beraiekin entrenatzen dut, bidaiak ere batera... Uste dut jarraitzeko asmoa dutela, baina ikusiko dugu.