GAUR8 - mila leiho zabalik

Bungalow batean


Bungalow batean dena da zirrikitu, dena hots, dena txiki. Harraska ere estuegia da, lapikoari xaboia eman eta gero uretan pasatzeko, iturriko urak sukalde osoa zipriztindu gabe. Eskerrak kanilaren atzeko leihoari: landaretxo berdeak erakusten dizkit harrikoa egiten dudan bitartean, eta sekulako sosegua sentitzen dut.

Kanpinen unibertsoan, galaxia burgesa da bungalow-ena, askorentzat: kanpinean egon nahi dutenen aukera, kanpinzale izan gabe. Eztabaida horri iskin eginda, horixe izan da gure aurtengo aukera, bi haur txiki, haien loak, haien arropak, haien otorduak, haien jolasak, haien kremak, haien bainujantziak, haien kasketak, haien kantinplorak, haien uretako betaurrekoak, haien toallak, haien pijamak eta gure oporrak lapiko berean kozinatzen saiatzeko.

Su baxuan aritu nahi genuen, baina, tarteka, txinpartadun sukaldea izan da gurea, eta bikotekidea eta biok izan gara sua itzaltzen eta amantalak zuri mantentzen saiatu den parea. Flanbeatua izan baita gure plateren ukitu berezia, eta intentsitatea, oporraldiaren zaporea.

Bat ez bada, bestea. Titia ez bada, pixa. Igerilekua ez bada, siesta. Fardela ez bada, dutxa. Probatu ez duenak ez daki zer den hau. Garai bateko abuztuetan txosna batean abestuko nuen leloa igerilekuko hamakan errepikatu dut orain neure baitarako. Idazten ari naizen hau ez baita inongo panazea: bizitzako fasearen eta norberaren egoera pertsonalaren arabera, oporrek tarteka uzten diote opor zaporea izateari, lan eskergak eta dedikazio mental eta fisikoak eraginda. Zalantza da ia gero errealitate hori garden-garden kontatzen ote diegun lagunei, uda amaierako oturuntzan; badakizue, batzuen sukaldeak udan ere Michelin izar…

Amaitu dut harrikoa, eta nire kexen iturria itxi. Aurtengo uda, intentsitateak intentsitate, irakaspen izugarria izan da, eta pribilegioa ere bai, elkarrekin hainbeste denbora pasatu ahal izateagatik. Bada nahikoa aitzakia haurrak lokartu eta bungalow atarian bi 0,0rekin topa egiteko. •