GAUR8 - mila leiho zabalik
BOISETIK OÑATIRA

AEBetako diaspora goitik behera aldatu zuen Oñatiko 1974ko abentura

1974. urtean, duela 50 urte, kasik 100 estatubatuar iritsi ziren Oñatira. Boiseko (Idaho) unibertsitateko ikasle eta irakasleak ziren, ikasturtea Oñatin egitera etorriak. Batzuk, arbasoen arrastoaren atzetik. Beste batzuk, munduari irekitzeko gogoak bultzatuta. Euskal diasporaren garapenean mugarri garrantzitsua izan zen.

Ikasle estatubatuarren talde-argazkia. (IÑAKI GALDOSEK UTZIA)

Frankismoa indarrean zen, eta diktadoreak beste hamalau hilabetez iraun zuen bizirik. Baina mundu osoan aldaketa garaia zen, eta euskalgintzan, abertzaletasunean, euskal kulturan oro har ere bazen. Bai Euskal Herrian, bai atzerrian, egitasmo berri eta berritzaileen sasoia zen.

Oñatik ehun bat estatubatuar ikasle hartu zituen 1974 hartan. Duela mende erdi iritsi ziren Euskal Herrira, idazten hasi berri ziren istorioak euskal diasporan utziko zuen arrasto sakona asmatu ezinik oraindik. Baina den-dena ez zen erraza izan.

Sekula arbasoen lurraldeak ikusi gabeak ziren gehienak, lehenengoz zetozen ia guztiak. Baina ez zen azken aldia izango haietako askorentzat, bizitzan zehar sarritan itzuli baitira Euskal Herrira, dozenaka egitasmo kolektibo zein pertsonal bitarteko. «Badakizu, 60-70eko hamarkadan mugimendu sozial asko izan ziren, eta Ameriketako Estatu Batuetan ere fenomeno berri bat gertatu zen, konexio berriak bilatzeko gogoa, eta horri lotuta, arbasoengana itzultzeko nahia. Horretarako une egokia zen, eta aukera bat ikusi zuten euskal jatorria zutenek Euskal Herrira itzuli eta haien familiekin eta kulturarekin berriz ere konektatzeko».

Euskal Herriko tentsio une haren erdian agertu ziren Oñatin estatubatuar ikasle eta irakasleak. Taldeko guztiak ere ez ziren euskal jatorrikoak, baina denentzat izan zuen bidaia iniziatiko baten eragina. «Euskadi oso hotza da, baina jendeak bihotza oso bero dauka», euskaraz esanez harritu zuen duela hamar bat urte CSI telesail ezaguneko Gil Grisson pertsonaia antzezten duen Bill Petersen-ek. “Goiko mendian” kantatu zuen segidan. Petersen, izan ere, Oñatira joandako ikasle haietako bat izan zen, nabarmenetako bat gainera: taldean gertatu zen lehen ezkontza izan zen, eta Joanne emaztearekin izandako lehen haurrari (Arrasaten jaio zen 1975ean) Maite Nerea izena eman zioten. Ez dira euskal jatorrikoak, talde hartako beste hainbat kide bezala, baina euskal kulturarekin harremana estutzera eraman zituen hark», dio Iñaki Galdosek.

John Bieter ez zen Boisetik Oñatira joan ziren unibertsitate ikasle haietako bat izan, gazteegia zen horretarako. Etorri zen Euskal Herrira, horratik, Pat Bieterrek familia osoa ekarri baitzuen, bost seme-alabak tartean. Mark anaiak Oñatin egin zuen jaunartzea, eta herriko ikastolan ikasi zuen euskaraz; gainerako ikastolen gisan, lehen urte zailak zituen ikastetxea zen. «Nik ezin izan nuen», dio Johnek, ikastola ez zen oraindik haren adinera iritsi. Hura zen dena hasten ari zen eta denak posible zirudien sasoi hartako testuingurua.

Oztopoen gainetik

Hasten den guztiak behar du abiarazleren bat. Euskal Herrian AEBetako diasporarentzako erreferentzia gunea izango zen eskolaren bat irekitzeko lehen proposamena mende laurden lehenago egin zuten, 1948an, Eusko Ikaskuntzak Oñatin egindako biltzarrean. «Marc Legasseren bidez bidali zuen lehen ideia hura Jon Bilbaok, AEBetako diasporako belaunaldi berriek zerbait behar zutela, unibertsitatea edo zerbait, berriz konektatzeko», dio Oñatiko esperientziari buruzko “Abentura bat baino askoz gehiago” liburua argitaratu berri duen Iñaki Galdosek. «Ameslaria izan zen Jon Bilbao, eta Ameriketako Estatu Batuetako diasporari astindua eman zion, William Douglass-ekin batera». Azkenean, lehen egonaldiak 70eko udan gertatu ziren, Uztaritzeko Landagoienen.

1978-1979 ikasturteko ikasleak Jon Oñatibiarekin, euskal dantzak ikasten. (IÑAKI GALDOSEK UTZIA)

Euskal Herrian egoera egunik egun gogortzen ari zen bitartean, AEBetako diasporatik begiratuta inoiz baino urrunago zirudien. «Nazionalismoa mutu dago Idahoko euskaldunen artean» titularra zekarren 1970eko abenduko “New York Times”-ek. Burgosko epaiketa mundu osoan zen hizpide, eta AEBetako kazetak herrialdean bertan zegoen komunitate handienari erreparatu zion: «Telebistako pantailak eta egunkariak Espainiako euskal probintzietako manifestazio eta grebei buruzko erreportajez beteta egon arren, hemen, AEBetako euskal komunitate handienean, nazionalismoa itzal bat baino ez da». Pete Cenarrusa Idahoko estatu idazkaria eta Paul Laxalt Nevadako gobernadorea elkarrizketatu zituzten, eta biek salatu zuten diktadura; Santos Rekalde apaiza kexu zen ekintza faltagatik. «Euskaldunek edozer egingo dute ondo. Baina arazoa jendea sakon iratzartzea da, ez azalean folklorikoki. Baditugu euskal zentroak, piknikak eta gertaera sozialak, baina gauza sakonagoak egiteko orduan...».

Santos Rekalde bera izan zen, Jon Bilbao, Bill Douglass, Pat Bieter eta Yohn Ysursarekin batera, 1972an Euskal Herrira etorri zirenetako bat. Berriz ere Lapurdira joateaz gain, beste aste batzuk Arantzazun eman zituzten Boise State eta Reno Nevada unibertsitateetako arduradunek. Egitasmoa abiarazteko oztopoak ozeanoaren alde bietan izan ziren. «Errazena Boiseko unibertsitatean izan zen, John Barnes errektorea aliatu izan baitzuten. Baina diaspora bera oso uzkur zegoen».

Ordura artean euskal etxeak elkarrengandik bereizita egon ohi ziren, herri edo eskualde beretik joandako jendeek osatuta. Bizkaitik joandakoak izan ohi ziren batzuk, eta baxenabartarrak besteak, Baztan eta Nafarroa Garaiko beste batzuekin batera. Zenbait elkartek bat eginda, NABO, Ipar Amerikako Euskal Elkartea, sortu zuten 1973an: «Trantsizio garaia zen haientzat, NABO sortu berria, mesfidantza handia zegoen oraindik». Gerora sortu ziren euskal ikasketen programak Renon eta Boisen, baina hamarkada hasiera hartan, ia dena zegoen egiteko.

Konfiantza lantzen

Euskal Herrian ez ziren errezelo gutxiago piztu. «Liburua egiteko artxiboak miatu ditut, Pat Bieterrenak, Boiseko unibertsitatearenak, Jon Bilbao eta Telesforo Monzonen arteko korrespondentzia, Jon Oñatibiarena, eta jabetu gara oso hilabete gogorrak izan zirela. Oso hilabete zailak izan ziren 1973ko udazkenetik 74ko udaberrira artekoak, tentsio handikoak». Denetik zabaldu zen: «Aipatu ziren drogak eta CIA, gutun batean agertzen da amerikarren promiskuitatea ere, esan zen etortzekoak ziren batzuk aberatsen seme-alabak zirela, ia herriaren nortasuna desitxuratuko zen...».

Bi urte lehenago, gaur egungo Boiseko Jaialdiaren aitzindari izan zen “Basque Holiday Festival”-era euskal ordezkaritza bat joan zen Ipar Euskal Herritik, Anai Arteatik eta Seaskatik (Angel Arregi, Txillardegi eta Mikel Muñoa). «Gero hangoak etorri zirenean, Juan Jose Etxabe, Telesforo Monzon eta Txilardegirekin elkartu ziren. Ez zeuden kontra, baina bai mesfidati. Monzonek aipatzen du badakiela Pat Bieter gizon ona dela. Txillardegik kargu hartu zien zergatik eman behar zituzten gaztelaniazko eskolak: ‘hona etorri behar duzue euskal erresistentziaren alde egitera’ zioen», dio Iñaki Galdosek. Izan zen aurkakotasun esplizituagoa izan zuen sektorerik ere, eta Xabier Zumalde ‘El Cabra’-ren taldeak lehergailu txiki batzuk ere jarri zituen estatubatuarrak aterpetu behar zituen laterandarren egoitzan.

Ia talde osoa: ikasleak, irakasleak, senideak eta langileak, John Woodworth irakaslearen hiletaren ondoren. (IÑAKI GALDOSEK UTZIA)

«Pat Bieterrek erabaki zuen leherketez ezer ez esatea, bazekien ekintza sinbolikoa zela mehatxua baino gehiago, baina esanez gero egitasmo guztia bertan behera geratuko zen. Asmatu zuen, eta herrian integrazioa oso ondo gertatu zen».

Oztopoak oztopo, taldea Oñatira iritsi zen, baina hori ere aski modu aldrebesean gertatu zen: Guardia Zibilaren eskolta zekarten, aurrean eta atzean. «Martetik bagentozen bezala begiratzen ziguten. Gogoan dut ama bati haurrak putzura txipli-txapla ihes egin ziola, hain zegoen txundituta guri begira», dio John Bieterrek. Gerora, herriko bizitzan sartuta, eurak izan ziren ezusteko hura jasan zutenak: «Zubillaga auzoko jaietara joan ginen, ez dakit gurasoek zelan utzi ziguten ere, badakit Egan taldeak jo zuela, baina gure ikuspegia ere aldatzen ari zen. Eta bueltan gentozela, sasietatik guardia zibilak irteten ikusi genituen. Hura beldurra!».

Euskaran eragina

Hasierako errezeloak eta gaizki-ulertuak laster galdu ziren, eta Boiseren eta Oñatiren artean harreman estua lantzen joan zen, bai ikasturte hartan, bai ondorengo urteetan.

Gure bizitza goitik behera aldatu zuen urte hark. «Anaia bat Euskal Herriko emakume batekin ezkonduta dago, eta Boiseko ikastolaren sortzaileak izan ziren; beste bat Boiseko alkatea izan da, luzaroan alkate euskaldun bat zeukan hiriburu bakarra, Euskal Herrikoetan ere ez baitzen besterik orduan». Johnentzat berarentzat, «domino baten lehen pieza izan zen, gerora doktoretza egitera eta diasporaz ikertzera eraman nauena». Ama, Eloisa Garmendia, Txorierrin eta Lekeition sustraiak zituen boisetarra zuten. Pat Bieterrek ez zeukan familia loturarik Euskal Herriarekin, baina emaztearen eskutik lotu zen. «Erabat maitemindu zen. Behar zuen hura aurkitu zuen: baloreak, komunitatea, konexioak. Oñatin kuadrilla zeukan, eta Euskal Herrian etxea aurkitu zuen».

Berez, atzerrian egiteko unibertsitate-campus bat izan zen Oñati. Jendeari galdetuta, hizkuntza eta kulturarekiko harremana hobetsi zuten. «Historia, gaztelania, Espainiako literatura lantzen zituzten, baita euskara ere, zati bat kreditu akademikoekin, atzerriko hizkuntza gisa, baina beste batzuek euskara eskolak zituzten aparte», dio Iñaki Galdosek. Bill Petersen aktorearen kasuan ikusi dugunez, antzerkia ere oso arrakastatsua izan zen, John Woodword irakasleari esker. «Lehen urratsak izan ziren batzuentzat, Shakespeare antzeztu zuten urte akademiko hartan, Boisen beharrean Oñatin egin zuten Hamlet». Jon Oñatibiari esker abesbatza izan zuten. Eragin sakonik eta sinbolikorik aipatzekotan, Corpus Eguneko dantza izan zen, Oñatin ikasi eta egun Boisen ere egiten dutena.

Pat Bieter –campusaren bultzatzaile nagusia– eta Joe Eiguren, Kashpar, idazle eta irakaslea, Oñatiko Plazan. (IÑAKI GALDOSEK UTZIA)

Frankismo luzearen ostean, euskararen beraren transmisioa eta prestigioa ez zeuden bere onenean Oñatin. Baina estatubatuarren ikasketetan zegoen, eta taldekide batzuek etxetik ere bazekarten gure hizkuntza. «Oñatiko gazteak euskararekin berriz ere konektatzeko balio izan zuen. Lotsatu egin ziren, amerikarrak euskaraz etorri eta haiek erdaraz ari zirelako». Urruneko begiradak ere balio du batzuetan perspektiba izateko. «Nik Euskal Herri hura leku gris eta ilun gisa gogoratzen dut, eta gaur egun joaten naizenean, ez sinestekoa da nola aldatu den dena; kaleak, bideak, itxura, eta euskara ere bai, noski», dio John Bieterrek.

«Gaiaz ikertu duten guztiek diote Oñatiko ikasturtea inflexio puntua izan zela diasporarentzat», dio Galdosek. «Ordura arte familiara mugatutako harremana zena, beste modu batera ulertzen eta ikusten hasi ziren. Sekulako eraldaketa izan zen hori belaunaldi berrientzat».

NABO elkartea indartzen joan zen, talde gehiagok bat egin zuten, gazteentzako programak abiarazi zituzten. Unibertsitate ikasketan gehiagotan itzuli ziren Oñatira 70eko hamarkadan zehar. Baina Euskal Herrian aldaketak are gehiago bizkortu ziren Franco hil eta gero. Hala, 80ko hamarkada hasieran, Bill Douglassek eta Pat Bieterrek Karmelo Urzari beste zerbait pentsatzeko eskatu zioten. EHU sortua zen, Oñatikoak bere horretan zentzua galdu zuen, eta ikusi zuten hobe zela hemengo unibertsitateekin zerbait egitea. Hala sortu zen USAC, hasieran gazteak Euskal Herrira bidaltzeko -ikasketak jarraitzera-, eta gerora mundu osora. «Euskal Herrian hasi zen, eta Oñatiko esperientziaren oinordekoa da».

Urteurrenaren harira Iñaki Galdosek euskaraz idatzi duen “Abentura bat baino askoz gehiago” ingelesera itzuli eta datorren urteko udan aurkeztuko dute Boisen, Euskal Jaialdia baino lehentxeago. Era berean, egunotan Oñatin dagoen diasporari buruzko erakusketa Idahora eramango dute datorren hilean, eta Boiseko Euskal Museoan egongo da uztaileko jaialdira arte.