GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Oxigeno iturri abisalak

Oihanetan baino biodibertsitate handiagoa topa liteke ustiatu gabeko itsas hondoetan. (GETTY)

Uda osoa masari bueltaka eman ostean, ez dakit ore fin-finik atera ote den, baina bidean zientzia munduko berri asko gelditu dira. Zaila da, halakoetan, gai bat hautatzea. Are, “espazio lasterketa” propagandistikoak gero eta espazio handiagoa hartzen duenean zientzia albistegian. Maiz esaten da gehiago dakigula unibertsoaz gure ozeanoen hondoaz baino, eta uztail amaiera aldera argitaratu zen berriak agerian utzi digu. Izan ere, aurkikuntza txundigarria egin berri dute Ozeano Barean, lau mila metro inguruko sakoneran, eguzki argirik gabeko eremu abisalean; oxigenoa sortzen dela behatu dute! Denbora luzez pentsatu izan da organismo fotosintetikoek sortu dutela planetako oxigenoa, eguzkiko argia baliatuz karbono dioxidoa oxigeno bihurtzeko. Aurkikuntza horrek, baina, zalantzan jar lezake uste hori, eta bizitzaren jatorria bera.

Zientzian ohikoa denez, nahi gabe egin zuten aurkikuntza Eskoziako Itsas Zientzien Elkarteko (SAMS) kideek Ozeano Bareko ipar-ekialdean itsas hondoko laginak hartzen ari zirenean. Oxigeno irakurketak heltzen zitzaizkien, eta haiek denboran gutxitu ordez, handitu egiten zirela ikusita, ekipoak hondaturik egon behar zuela pentsatu zuten. Are, makineria kalibratuta ere hamarkada eman dute irakurketa arraro horiek jasotzen, metodo eta sentsoreak aldatuta ere irakurketak mantendu diren arte; gauza berri baten aurrean zeuden. Hala, Northwesterneko (AEBak) elektrokimikariekin harremanetan jarri ziren 2023ko udan, oxidoak ur gaziarekin elektrizitatea sor zezakeela aurkitu baitzuten bertan. Elektrizitateak uraren elektrolisia eragin dezakeela jakitun (erreakzio kimiko horren bidez, ur molekula hidrogeno eta oxigeno molekuletan desegiten da H2O -> H2 + O2), itsas hondoko arrokek voltaia nahikoa ematen ote zuten argitzea zen gakoa.

Aztertu duten itsas hondoko nodulu polimetalikoetan (mineral anitzen nahasketak dira, partikula ñimiñoetatik patata tamainara artekoak) kobaltoa, nikela, kobrea, litioa eta magnesioa topatu dira, besteak beste. Horiek laborategian independenteki aztertzean, voltaia ezberdinak neurtu dituzte, baita 0,95V-koak ere. Uraren elektrolisia egiteko 1,5V nahikoa izanik, elkarren ondoan (seriean) jarritako bi harritxo oxigenoa sortzeko lain lirateke, zer esanik ez nodulu osoak. Tamalez, meatzaritza iritsita dago sakonera hauetara, eta 80ko hamarkadan ustiaturiko inguruneetan, itsas hondoko bizitza oraindik berrosatu ez dela ikusi dute, ezta bakterioak ere. Gezurra badirudi ere, oihanetan baina biodibertsitate handiagoa topa liteke ustiatu gabeko itsas hondoetan eta ez dago argi ustiatu direnetan zergatik ez den berrosatu. Geobateria natural honek bizitza abisala oxigenoz hornitzen duela frogatzeke dago oraindik, baina oso hipotesi itxaropentsua da. •