2024 IRA. 14 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Zuloak, abiadurak, oihartzunak Izaro ZINKUNEGI BARANDIARAN Irailaren erdira iristear, abiatu da ikasturtea. Hasi dira haurrak eskolan, kamioiak errepidean, titular potoloak egunkarietan... Honezkero soinean daramagu egunerokoa: betzuloak aurpegian, iratzargailuaren oihartzuna belarrietan. Gorputza egokitu zaigu, buruak hartu digu ohiko abiadura -egoki abiatu garen, hori beste kontu bat da-. Zain geunden gutako batzuk normaltasunera itzultzeko; beste batzuk, ostera, hura bukatzeko zain jarri gara jada. Halako zulo eta oihartzunak dakartza irailak, abiadan. Abiadura handian zabaldu da AHTren oihartzuna egunotan: Ezkio-Itsaso ala Gasteiz, Gipuzkoa ala Araba, Mendoza ala Gonzalez. EAJren trena iazko norabide berean abiatu da ikasturte honetan ere; alegia, noranzko argirik gabe (edo, hobeto esanda, kontrajarritako erreietatik). Alde banatara doazen bi bagoi, alderdi bakar batean -eta haien bazkideak ere berdintsu-. Bitartean, zulo ekonomiko eta geografikoa handitzen, abiadura handian. Irailaren 8a, txilibituen oihartzunak Hondarribian. Jaizkibelek konpainia gisa desfilatu du lehenengoz, goizean Gernikako Arbolatik abiatuz, eta arratsaldean Kale Nagusia jaitsiz. Hasi dira zulotxoak agertzen alarde baztertzaileak okupatutako espazioetan. Horren aurrean, batzuen betiko zaratak oihartzun handiagoa egin du, deserosoa baitzaie bazter utzi nahi dituztenen ondoan egotea, argazki berean agertzea. Aldaketa martxan da. Ordea, urrats txikiak dira, abiadura motelekoak; alarde publiko, parekide eta bakarra urrun dago oraindik. Kontxako estropadetako bigarren igandea, independentziaren aldeko oihartzuna Donostian. Ernai ito asmoz, Mozal Legea aplikatu zien Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dozenaka gazteri. Eta abiadan antolatu da elkartasuna: jendetza batu gara, zulo ekonomiko erraldoia salatu eta bat eginez erantzuteko. Gazteek zin egin dute eurei baino garestiago aterako zaiela xede politiko argiko zigorra. Ameslarien belaunaldia indartsu dator, beheak eta goiak irensteko prest. Irailaren 12a, irratiaren oihartzuna: «Emakume bat hil du bere mutil-lagunak Bilbon...». Barrenak zulatu zaizkigu zenbaiti. Abiadan datoz burura azken egunetako beste berri batzuk: Cheptegei atletaren hilketa; Gasteizko eraso gordina; senarrak drogatuta, ia hamarkada batez dozenaka gizonek bortxatutako andrearen auzia... «Noiz arte?» galderaren oihartzuna buruan; amorrua eta tristura sabela zulatzen. Irailaren 27a, bala zuloak eta tiroen oihartzunak. 49 urte beteko dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik, Francoren Erregimenaren aginduz. Abiadan doaz urteak, baina baita haien bien eta beste milaka herritarron ipar den proiektu politikoa ere. Indartsu dabil askatasunaren aldeko irrintzia. Eta horregatik, besteak beste, memoria gudu-zelai bihurtu nahi dute batzuek, zulatu, isildu. Baina memoria osoa behar dugu, bere ederrez eta minez. Ez atzera begira egoteko, ezpada herri gisa aurrera egiteko. Iraila badoa abiadan, hango zulo eta hemengo oihartzun. Nabarmenduko zaizkigu betzuloak aurpegian, ohituko gara iratzargailuaren oihartzunera. Nago ikasturte hau ere mugitua izango dugula, aurrekoa(k) bezala. Baina, hala izango bada, izan dadila gure alde, guk astindu dugulako. Mugiaraz ditzagun norabideak, tradizioak, elkartasuna, harremanak, memoria eta beste mila kontu. Mugiarazi, herri gisa aurrera egiteko, badugu-eta horretarako premia eta aukera. • Nago ikasturte hau ere mugitua izango dugula, aurrekoa(k) bezalatsu. Baina, hala izango bada, izan dadila gure alde, guk astindu dugulako