2024 IRA. 21 IKUSMIRA «Ez galdetu zenbat urte ditudan» (Naaman OMAR | EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi «Zenbat urte dituzu?». «Gerran bost urteko haurra ezin da gehiago bost urteko haur bat izan, 90 urte bizi izan balitu bezala da. Beraz, mesedez, ez galdetu zenbat urte ditudan». Bost urteko ume gazatar baten erantzuna da hori. Iazko urriaren 7az geroztik, Gazan eta Zisjordanian adin txikiko 11.001 ikasle hil ditu Israelek, eta beste 17.772 zauritu. Save the Childrenek aste honetan bertan salatu duenez, Zisjordanian egunean batez beste bost ume hil edo zauritu ditu Israelgo armadak. «Ekintza hauek ez dira gertakari isolatuak, Israelgo operazio militarren gorakadaren eta Palestinako haurren segurtasuna eta oinarrizko eskubideak sistematikoki urratzen ari diren indarraren erabileraren parte dira», nabarmendu du Jeremy Stonerrek, Ekialde Hurbileko gobernuz kanpoko erakundeko zuzendari erregionalak. Haurtzaroarekin loturiko errutinak -eskolara joan, parkean jolastu, eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartu...- modu bortitzean eten ditu Israelek. Biziraupenean adituak bihurtu dira eta, begietako distira haren tokian, orain mina eta alerta egoera islatzen dute.