GAUR8 - mila leiho zabalik

Gorantza, baloiari ostikoka emakumeei bidea ireki zien taldea

57 urte bete dira aurten emakumezkoen Gorantza Futbol Taldea sortu zutenetik eta, urteurren borobila ez bada ere, omenaldia antolatu diete taldea bezala galdakoztarrak diren Miren Muniozguren eta Silvia Tutorrek. Aitzindari izan ziren eta bidea zabaldu izana aitortu diete.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Jai giroan otu zitzaion emakume talde bati Gorantza Futbol Taldea sortzea, eta herriko jaietan omendu dituzte Galdakaoko emakumezkoen lehen futbol taldea osatu zuten jokalariak. Mende erdia eta zazpi urte gehiago igaro dira 1967an Galdakaoko emakume gazte talde batek Gorantza sortu zuenetik. Urteurren xelebrea omenaldi baterako, aspaldi egin beharreko zeregina gehiago ez atzeratzearen nahiak bultzatu duena.

Santa Barbara futbol zelaian egin zieten omenaldia, jokalari ziren garaian bertan jokatzerik izan ez bazuten ere. Eguzkiñe Loroño, Pili Moreno, Blanqui Goiri, Emili Suarez, Amaia Garay, Eguzkiñe Garay, Rosario Etxabe, Maribel Saratxaga, Marieli Aurtenetxe, Maria Angeles Yarritu, Henar Yarritu, Maria Jesus Urgoiti, Belen Urgoiti, Virginia Gonzalez Ramos, Mari Carmen Alvarez eta Maria Pilar Torres jokalariak, Miguel Caballero entrenatzailea, eta Koldo Tutor eta Arturo Maza laguntzaileak omendu zituzten Miren Muniozgurenen ekimenez Silvia Tutorrekin batera antolatutako ekitaldian. Aurtenetxe eta Tutor GAUR8rekin aritu ziren omenaldiaz, noski, baina baita taldearen sorreraz, garai horretako emakumezkoen futbolaren egoeraz eta gaur egungoaz ere.

Gorantza sortu zuten garaiko argazkia. (GORANTZA FUTBOL TALDEA)

Ostikoka hasi ziren baloiaren aurka, eta baita jarri zizkieten oztopoen aurka ere. Galdakaon bazegoen gizonezkoen futbol taldea, baina aparte antolatu zuten emakumeek haiena, gizonengandik laguntzarik batere ez baitzuten jaso: «Entrenatzeko ere ez ginen elkartzen, ez ziguten zelaia uzten». Urte asko joan dira dagoeneko, baina ondo gogoratzen du Aurtenetxek ez zizkietela ez instalazioak ez arropak utzi nahi izan.

1967ko Galdakaoko Jaietan bururatu zitzaien futbol talde bat osatu behar zutela, jaietan bertan partida bat jokatzeko. Auzoan betidanik mutilekin zein haien artean jokatzen aritutako 13 eta 17 urte bitarteko emakume gazteak ziren guztiak. Saiatu ziren partida bat jokatzeko bi talde osatzen, baina ez ziren nahikoa, eta mutilei haien kontra jokatzea proposatu zieten.

Haiek, harroputz, erantzun zieten baldintza berdinetan jokatzeko ezinbestekoa izango zela mutilek binaka elkarren hanka bana lotuta jokatzea, emakumeek behar besteko maila emango zutenik sinistu gabe. «Pikutara bidali genituen», gogoratu du Aurtenetxek, erantzunak suminduta oraindik.

Horrela, haien kontra aritu nahiko zuen emakume talde baten bila hasi ziren. «Igandeetan Zornotzara, Durangora eta alde horretarantz joatea gustatzen zitzaigun, eta Elorrioko neska batzuk ezagutzen genituen. Haiei proposatu genien lehen partida jokatzea eta hona etorri ziren», horrela sortu zuten Gorantza taldea, eta beste talde batzuen aurka lehiatzen hasi ziren ordutik aurrera.

Blanqui Goiri, asteleheneko ekitaldian. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Izena ezin izan zioten aproposagoa jarri, lehiatu eta irabazi ere egin zutelako, Aurtenetxek gogoan duenez: «Baginen onak, bai». Tutorrek azaldu du lehen partida 2-1 irabazi ziotela C. D. Elorriori. Halaber, 1969-1970 denboraldian Trofeo Hierro irabazi zuten eta urte horretan Gin Rives ginebra etxe ezagunak babestu zituen; mugarri garrantzitsua izan zen hura taldearentzat, irribarrez gogoratzen dutena. Horren hurrengo denboraldian Gorantza taldea izan zen Bizkaiko Trofeoaren irabazle.

Talde gisa onak ziren, baina badago jokalari bat Tutorrek bereziki gogoratzen duena: «Akordatzen naiz Blanquik (Goiri) zer-nolako “paradoiak” egiten zituen, pasada bat zen». Aurtenetxek Amaia Garay goraipatu du, garai horretan prentsan jarri zioten ezizena gogoratuz: «Amaia gure Pelé zen». Izan zen, ordea, egun pentsaezina baldin bada ere, guztiz desegokia zen titularren bat, hala nola «Una Pelé con minifalda» zioen bat.

Aitzindari, baita gaur egun ere

Tutorrek azpimarratu du Gorantza sortu zutenean Athleticek berak ere ez zuela emakumezkoen talderik, orain erreferente badira ere. Are gehiago, gaur egun C. D. Galdakaok ez dauka emakumezkoen talderik eta bertako jokalariak beste talde batzuetan aritzen dira. Agian horregatik dauka Aurtenetxek hain argi gauzak ez direla horrenbeste aldatu, ez da batere baikorra, susmoa dauka ez ote duten okerrera ere egin.

Izan ere, zailtasunak zailtasun, harrera beroa egin zieten herrian jokatzen ari zirenean. Zelaira jende ugari gerturatzen zen Gorantza taldeko jokalariak animatzera, agian, Tutorrek uste duenez, frankismoa indarrean zen garai horretan «aire freskoa» izan zelako Gorantza herrian, ospatzeko aitzakia ematen zuena.

«Jende asko etortzen zen gu ikustera eta animatzera, eta inoiz ez genuen entzun egokia ez zen ezer jokatzen ari ginen bitartean», gogoan du Aurtenetxek. Hala ere, onartu du bazegoela jendea taldea sortu izanarekin guztiz ados ez zegoena, emakumeak futbolean ikustea gustuko ez zuena, eta gurasoei baten batek inoiz galdetu omen zien ea nola uzten zioten alabari mutilek bezala futbolean jokatzen. «Beti dago baten bat, baina, orokorrean, arazo barik», laburbildu du.

Silvia Tutor eta Marieli Aurtenetxe, omenaldia hasi baino lehen. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Iruditzen zaio gaur egun egoera hobera egitetik urruti dagoela oraindik, haien garaian «pentsaezinak» baitziren gaur egun emakumezko futbolariei harmailatik zein sare sozialetan botatzen dizkieten astakeriak, eta horrelako jarreren aurrean tinko eustea ezinbestekoa dela ezin argiago dauka, horretarako deia egin nahi izan die emakumeei, bereziki gazteei.

Bost urteko ametsa

1967an hasi eta 1972an bukatu zen Gorantza Futbol Taldearen ibilbidea. Izan ere, 18 urte bete eta lanera edo unibertsitatera hastean, taldekide gehienek futbola uzten zuten, dena uztartzeko denborarik aurkitu ezinda. Saiatzen ziren bakoitza bere ordezkoa bilatzen taldea utzi behar zutenean, eta horrela ibili ziren Gorantzan Amurrioko emakume batzuk ere.

Galdakaoko gizonezkoen futbol taldeak zerabilen futbol zelaia erabili ezinda, Elexalden entrenatu behar izaten zuten, herriaren erdigunetik oinez gutxienez ordu erdira dagoen zelaian. Horrek denbora asko kentzen zien, oinez egiten baitzuten joan-etorria, eta askorentzat, Aurtenetxe tartean, ez zen bateragarria ikasketekin eta lanarekin. Horrela, hiru urtez ibili zen taldean. Gero, Maribel Saratxagak hartu zion lekukoa.

Omenaldi hunkigarria

Banan-banan deitu zituzten jokalari den-denak astelehenean Galdakaoko Santa Barbara futbol zelaian egin zieten omenaldian. Pasillotxoa zeharkatu zuten, ahal zuenak korrika, jokalari zirenean bezala, eta izan zen bidea presarik gabe egin nahi izan zuenik ere.

Gin Rivers babesle izan zutenean zeramatzateneko elastiko berdinak banatu zizkieten, baita Galdakaoko Udalaren eskutik prestatutako opari batzuk ere. Bertan izan zen Iñigo Hernando alkatea, eta jokalariei eskertu zien emakumeei bidea irekitzeko egin zuten lan nekaezina.

Ekitaldiaren ostean, Athleticeko kadete taldea Galdakaoko emakume futbolariek osatutako taldearen aurka lehiatu zen, omenduen zein bertaratutakoen gozamenerako, Blanqui Goirik ohorezko sakea egin ostean.

Amaia Garay, jokalari zenean “Pelé” ezizenarekin ezagutzen zutena (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

«Bazelako garaia», hori da omenaldia orain egin izanaren aitzakia, Tutorren hitzetan. Horretan ere bereziak dira taldekideak, zenbaki borobil bati itxaron beharrean sorreraren 57. urteurrenean egin baitute ekitaldia. «Isilpean mantendu den zerbait izan da, jende gazteak ez dauka honen berri eta helduagoak diren beste askok ere ez, Gorantza zer zen ere ez», azaldu du antolatzaileak. Miren Muniozgurenek proposatu zion ideia, eta laguntza eskatu zionean onartu izanaz pozik agertu da, «oso polita» izan baita bidea.

Halaber, berriz ere elkartzeko aukera paregabea eman diete Muniozgurenek eta Tutorrek taldekideei, gazte denborak oroituz. Horrela, merezitako aitortza egin diete jokalariei: «Garrantzitsua izan zen Gorantzak egin zuena».