2024 IRA. 28 EKARPENA EUSKARARI Barandiaranen ekarpena; oparoa, ertz ugarikoa eta guztiz deskubritu gabea Jakin-min zabala eta zorrotza zuen eta biltzaile aparta zen. Hartara, Jose Migel Barandiaranek egindako lanak, arkeologiaren, antropologiaren eta etnografiaren tiraderak ondo hornitzeaz gain, filologiarenak ere aberastu zituen. Ataunen, bere jaioterrian, haren arrastoa izan dute ikergai, tartean euskararen kaxoian utzitakoa. Jose Migel Barandiaran, Aralarren, 1985ean. (Sigfrido KOCH ARRUTI | GUREGIPUZKOA) Amagoia Mujika Jose Migel Barandiaranek (1889-1991, Ataun) egindako ekarpena neurtzea ez da lantegi erraza, bai ekarpenaren tamainagatik eta baita nolakotasunagatik ere. Arkeologian, antropologian, etnografian... egin zituen aurkikuntzek eta ikerketek oraindik zutik dirauten zutoinak finkatu zituzten. Baina Barandiaranen jakin-mina ez zen arlo jakin horietara bakarrik mugatzen, begirada zabala zuen eta biltzaile aparta zen. Hartara, beste arlo askotatik begiratuta ere, interesgarria da ataundarraren ekarpena. Duela aste pare bat Ataunen Jose Migel Barandiarani buruzko ikastaroa izan zen. Bertan, mahaigainean jarri zuen Luis Mari Zaldua Etxabek -irakaslea, hizkuntzan eta hizkuntzalaritzan doktorea eta euskaltzain urgazlea- ondorengo galdera: neurtu al daiteke Barandiaranek euskalgintzari euskararen arloan egindako ekarpena? Arrasto hori neurtzea zaila dela onartuta, hurbilpen bat egin zuen Zalduak. Bi tokitan jarri zuen fokua hizkuntzalariak, «bere buruz egindako lanetan euskalgintzari egindako ekarpena. Hor badira argitaratuak eta nahiko ikertuak izan diren lanak. Eta badira, argitaratuak izan arren, artean ez daudenak oso ikertuta. Eta badira argitaratu gabekoak ere». Eta, bigarren fokua, «besteri eraginda egindako ekarpena». Orotariko Euskal Hiztegian jarri zuen begia Zalduak hasieran. Bertan garai eta euskalki desberdinetako hiztegia biltzen dela kontuan izanda, Barandiaranen arrastoa nolakoa den ikertzen saiatu da. Orotariko Euskal Hiztegian 147.011 sarrera daude eta 58.248 azpisarrera. Guztira, 716.914 adibide. Horietatik 1.259 adibide dira Barandiarani hartuak. Horrez gain, badira zenbait lan, bere garrantziagatik, osorik daudenak Orotariko Euskal Hiztegian. “Euskaleriko leen-gizona” da horietako bat, Barandiaranek 1934an idatzi zuena eta arkeologian erreferentziazko lana dena. «Adibidez, gaur egungo indusketetan dabiltzanek badaukate Arkeologia arloko euskarazko hiztegi tekniko bat. 1934ko liburu horretan bada hitz bat, “ijelkia”, gaur egun ere erabiltzen dena. 1934. urterako, Jose Migel Barandiaranen argitalpen horretan, gaur egun erabiltzen diren zenbait hitz edo hiztegi azaltzen dira. Alde horretatik lana aitzindaria da eta ez da harritzekoa, horregatik, Orotariko Euskal Hiztegian lana bere osotasunean hartu eta sartu izana», iritzi zion Zalduak. Barandiaran ataundarrak lan izugarria egin zuen arkeologian, antropologian eta etnografian. (Paco MARIN / MARIN FUNTSA / KUTXA FOTOTEKA) Euskaltzaleak izeneko elkarteak eman zuen argitara liburu hori, bi hizkuntzatan aldi berean, euskaraz eta gaztelaniaz. «Galdera hau izan daiteke; zein hizkuntzatan idatzi zuen Jose Migel Barandiaranek ‘Euskaleriko leen-gizona’ argitalpena? Euskaraz? Gaztelaniaz? Bietan? Euskaraz idatzi balu, nork itzuli zuen gaztelaniara? Gaztelaniaz idatzi balu, nork itzuli zuen euskarara? Atal honetan iritziak nahiko bereiz dabiltza; bada jendea pentsatzen duena Barandiaranek lan hau gaztelaniaz idatzi zuela eta gero itzuli egin zutela. Eta bada jendea alderantzizkoa esaten duena. Nik ikusi dudana aintzat hartuta, gaztelaniazko bertsioan badaude zenbait zati edo atal euskarazkoan azaltzen ez direnak. Hala, pentsa daiteke lehenengo euskaraz idatzi zuela, gaztelaniara itzuli zuela, eta itzulpen horretan gauza gehiago sartu zituela», bota zuen hipotesia Zalduak. Historiaurrera, euskaratik Hain justu, 1934ko argitalpen horretan Barandiaranek euskarari buruzko gogoeta interesgarriak planteatu zituen. «Gogoeta batzuetan ukitu dudan hizkuntza-eremua oso labainkorra da. Hitzei eta gauzei buruzko ikerketa sakonagoak egiten direnean, gure kultura tradizionaleko elementu askoren gorabeherak hobeto aztertu ahal izango dira ziurrenik», utzi zuen jasoa apaiz ataundarrak 1934ko lan horretan. Ordurako, beraz, Barandiaran konturatuta zegoen euskaratik Historiaurreko garaiak hobeto ezagutzeko aukera zabaltzen zela. “Euskaleriko leen-gizona” liburua jatorrian euskarazkoa edo gaztelaniazkoa ote den, zalantza horren inguruan, Zalduaren beste gogoeta bat: «Kontuan izan behar da 1936. urtera arte Barandiaranek erabat gaztelaniaz idatzi zituela bere egunerokoak. Hori ikusita, suposatuta artean gizonak ez zeukala euskaraz idazteko ohitura handirik, pentsa daiteke beharbada testua gaztelaniaz idatzi zuela eta norbaitek testu hori itzuli egin ziola. Baina, gauzak nola diren, badago 1922ko testu bat, ‘Eusko Mitologia’ izena duena, Barandiaranek erabat euskaraz idatzi zuena. Euskaraz idatzi zuen lehenengoetako testua da». Bada beste pista bat, Zalduaren ustez. «Garbi dagoena da, Jose Migel Barandiaranek testu hau erdaraz idatzi izan balu, segur aski liburuan bertan horrela adieraziko zela. Izan ere, ‘Euskaltzaleak’ elkarteak argitaratutako lanetan, itzulpenak direnean espresuki adierazi egiten da. Halako lana halako hizkuntzetan eta halakok itzulia. Kasu honetan ez da adierazten lana itzulia denik». Barandiaranen ekarpena aberatsa, oparoa eta zorrotza izan zen. Berak utzitako ondarea horren seinale da. Baina akaso are oparoagoa da oraindik. «Askotan pentsatzen dugu Barandiaranen inguruan gauza guztiak eginda daudela eta nik uste dut ezetz. Jose Migel Barandiaranek utzi zigun funts aberats eta erraldoi horren inguruan oraindik lan asko dago egiteko, asko dago ikertzeko. Esaterako, saiatzea jakiten ‘Euskaleriko leen-gizona’ liburua euskaraz idatzi ote zuen edo itzuli egin zioten». Ataungo hizkera 1996. urtean, Joxe Migel Azurmendik irabazi zuen Gerriko euskarazko ikerketaren saria. «Ataungo euskarari buruzko lana zen, zertan eta Jose Migel Barandiaranen testuetan oinarritua. Azurmendik Ataungo euskara ikertzeko ‘Obras Completas’ bildumako lehenengo, bigarren eta hirugarren liburukietako 59 kontakizunen testuak aztertu zituen, Barandiaranek Ataungo hamar informatzaileri hartuak. Azurmendik Barandiaranen lanak hartu zituen. Ataungo hizkera aztertu zuen, eta nola, gainera. Lan eredugarria da», azaldu zuen Zalduak. Bere ustez, berriz ere agerian geratzen da Barandiaranek zer-nolako herentzia utzi zuen eta horrekin oraindik zenbat gauza egin daitezkeen. Barandiaran eta Arin Dorronsoro, elkarrekin. (Jesus ELOSEGI IRAZUSTA / GUREGIPUZKOA) «Izan ere, Barandiaran aparteko biltzailea zen. Bera ataundarra izanda, ondo bildu eta adierazi zituen Ataungo gauzak. Kontua da Jose Migel Barandiaran gai zela Lakaben, Zuberoan, hango berriemaile bati laminen inguruan jaso zuen kontakizuna zubereraz emateko ere. Niri mirariaren hurrengoa iruditzen zait garai haietan, grabaketarik jaso gabe, eskuz jasota, gizona gai izatea zubereraz entzundako testu bat zubereraz idazteko. Baina ez zubereraz bakarrik. Laminen inguruko beste kontaketa bat Arrasaten jasotakoa da, Garagartza auzoan, eta mendebaldeko euskaran hitz egiten dute. Barandiaran gai izan zen informatzaile batek emandako testu hori bere horretan euskalki horretan emateko», nabarmendu zuen Zalduak. Izan ere, ikertzailearen ustez, bistakoa da Jose Migel Barandiaranek euskararekiko «aparteko zaletasuna eta maitasuna» zuela. «Zenbait garaitan euskal filologiaren arloko lanak egiten zituen. Ez zen bakarrik biltzaile bat, bazuen filologo sena». Horren adibidetzat jarri zuen 1983an argitaratutako lan hau: “Hitz batzuek eta beren esan-nahiak, gehienak Ataunen erabiltzen ditugunak eta hiztegietan, batez ere Azkuenean, ageri ez diranak”. «Euskaraz egin den hiztegi garrantzitsuenetarikoa Azkuerena da. Erreferentziazko hiztegi nagusia. Barandiaran konturatu zen Azkueren hiztegi garrantzitsu horretan bazeudela hainbat hitz Ataunen erabiltzen zituztenak eta hiztegi horretan bildu gabe zeudenak. Nik dakidala lan hau ez da filologiaren arloan merezi bezala erabili», nabarmendu zuen Zalduak. Toki-izenetan ekarpena Onomastika, toki-izenak, pasio zituen Barandiaranek, eta sekulako ekarpena egin zuen alor horretan ere. 1962an “Bosquejo etnográfico de Sara, III” argitaratu zuen. «Sarako argazki antropologiko eta etnografiko erraldoi bat egin zuen eta zenbait urtetan eman zuen argitara. Horren barruan badago atal bat berariaz leku izenei eskainitakoa. Sarako etxe, toki, borda... hainbaten izenak bildu, jaso eta fitxetan antolatu zituen. Sekulako lana», azaldu zuen Zalduak. Bere esanetan, toki-izenak biltzeaz aparte, onomastikan funtsezkoa den beste zerbait egiten zuen: toki izenak mapetan kokatu. «Toki-izenak mapetan kokatzen ez badira, hanka-motz daude. Mapek toki izenik ez balute bezala. Imajinatu mapa bat toki izenik gabe, bada, alderantziz berdin. Toki-izenek ezinbestekoa dute mapa batean kokatzea». Alor honetan ere, Zalduaren ustez, Barandiaranen ekarpena ez dago merezi moduan ikertua eta sakondua. Baina nondik zetorkion Barandiarani toponimiarako zaletasun hori? Horretan ere miatu du Zalduak eta ondorio batera iritsi da. «Nire iritzia: 1924an Jose Migel Barandiaranek Telesforo Aranzadirekin argitara eman zuen Aralarko trikuharri batzuen ikerketa batetik hartua da. Kontua da lehendik, 1918an, Barandiaranekin lanean hasi aurretik, Aranzadik Ansoleaga izeneko beste ikertzaile batekin sekulako lana egin zuela. Toponimia lan izugarria. Urte batzuk lehenago, Barandiaranek Aralarko trikuharriei buruzko beste ikerlan bat argitara eman zuen, 1916an, hain justu. Azterketa horretan ez dago krokisik, ez planorik ez toponimiarik. Beraz, nire iritzi apalean Telesforo Aranzadi izan zen Barandiarani toponimiaren garrantziaren berri eman ziona». 36 urtetako egunerokoak Barandiaranen argitaratu gabeko lanetan ere izango da zer ikertua. «Ez dakit zenbat izan daitezkeen. Batzuk gordeta egongo dira, beste batzuk galduta. Baina argitaratu gabeko lanen artean, bere egunerokoek izan dezaketen besteko garrantzia dutenak gutxi izango dira», nabarmendu zuen Zalduak. Barandiaranen eguneroko bateko orrialde bat. (JOSE MIGUEL DE BARANDIARAN FUNDAZIOA) 1917an hasi zen Barandiaran bere egunerokoa idazten. 1917-1936 bitartean, egunerokoa gaztelaniaz idatzi zuen erabat. Ipar Euskal Herrira joan zenean, 1936-1947 bitartean, gaztelaniaz idatzi zuen nagusiki bere egunerokoa, baina badaude euskaraz idatzitako pasarteak ere. Eta 1947-1989 bitartean, Barandiaranek bere egunerokoa euskaraz bakarrik idatzi zuen. «Horrek esan nahi du 42 urtez bere egunerokoa euskaraz idatzi zuela. Eta 42 urte horietatik 1953 artekoak bakarrik daude argitaratuta. Orduan, horrek esan nahi du badaudela oraindik Barandiaranen egunerokotik 36 urte argitaratu gabeak eta merezi bezala ikertu ez direnak», zehaztu zuen ikertzaileak. Argitaratu gabeko eguneroko horietan, benetako altxorrak daude. Barandiaranen egun bat nolakoa izan zitekeen irudikatzeko, adibide bat ekarri zuen hitzaldira Zalduak, 1958ko otsailaren 22a: «Goizetik Donostiara, Atauri, Laborde eta ni gobernadorearengana joan gaituk, gure Historiaurreko Sailak (Aranzadi Elkargokoak alegia), bere laguntzat izendatu duela agertzera. Bazkaldu Laborderen etxean hiruok. Gero Oiartzunera eta Aritxulegiko lepora. Hemendik Sanantonerreka jaitsi eta igan urrengo lepora, Agiñako lepora. Hemen ari dituk ‘Aranzadi’ Elkargoaren izenean elizaño bat egiten. Lepo hartan aurkitu zituagu: trikuharri bat eta zortzi harrespil edo cromlech. Gero Lesakara jaitsi, Beran zehar Irunera eta handik Donostiara. Ilunabarrean Etnografia eta Historiaurreko sailen bilera. Han ginuztean Diaz de Espada, Laborde, Atauri, Peña, Gorria eta ni. Afaldu Andoainen, Laborderen etxean; lo Donostian, Atauriren etxean». Egun mugitua, bistan denez. «Bere ikerketa guztiak era zoragarrian kontatzen zituen. Biltzaile eta kontalari aparta zen. Marrazkiak eta krokisak ere badira bere kontaketaren parte. Beste zalantza bat: Barandiaranek bere egunerokoan aipatzen dituen arkeologia arloko aurkikuntza guztiak gero aldizkari zientifikoetan argitaratuta al daude? Badirudi Barandiaranen inguruan dena eginda dagoela, ikertuta eta argitaratuta. Baina nire iritziz gauza asko oraindik ikertu gabe daude». Besteri eraginez, ekarpena Leku-izenak ikertzea, aipatzea eta arkeologia lanetan erabiltzea oso garrantzitsua zen Barandiaranentzat. Aurretik aipatu bezala, toponimoak bildu ez ezik, mapetan kokatzen zituen. Beharbada berari toponimiarekiko zaletasun hori Telesforo Aranzadik eragin ziola iradoki zuen Zalduak, eta berak beste ataundar bat kutsatu zuen: Juan Arin Dorronsoro. 1928. urtean Barandiaranek sortu eta editatutako “Anuario de Euskal Folclore” aldizkarian “Toponimia del pueblo de Ataun” izeneko lana argitaratu zuen Arin Dorronsorok. «Lan hori erabat modernoa, iraultzailea, apurtzailea, berritzailea... izan zen. Ez bakarrik bildu zituen toponimo guztiengatik -2.500 toponimo-, batez ere erabili zuen metodologiarengatik baizik. Dakidala, ordura arte Euskal Herrian inork egin ez zuena egin zuen Arin Dorronsorok. Lan berean, ahozko formak -herritarrei jasotzen zizkienak- deskribatu eta izen horiek dokumentu historikoetan nola azaltzen diren jaso zuen, eta, gainera, horiek denak mapetan kokatu zituen. Izugarrizko lana egin zuen», azaldu zuen Zalduak. 1928tik 1972an hil zen arte, Ataungo toponimia biltzen aritu zen. «Askotan herritarrek alde egiten omen zioten. Goizean meza eman eta eguna ematen omen zuen informazioa biltzen, eta ataundarrek bazekiten, Arin Dorronsororekin topatuz gero, galderak egiten hasiko zela eta denbora kenduko ziela». 44 urtez Ataungo toponimia biltzen aritu zen. 60 kilometro eskas dituen herri batean, 9.331 toki-izen bildu zituen. «Euskal Herrian ez dago horrelako beste ikerketarik. Ataungo Udalak eta Euskaltzaindiak duela bi urte lan hori guztia sarean jarri zuten. Lan honek euskararen ikerketari eta arkeologiaren ikerketari begira eman dezakeena oraindik ez da ikertu. Barandiaranek, berak egindako ekarpenaz aparte, besteri eraginda egin zuena ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula», esan zuen Zalduak. Beharbada Arinek ez zuen hori guztia egingo Barandiaranek eragin izan ez balio. Hiltzera zihoanean, Arinek Barandiarani eman zion bere lanaren kopia bat. «Jose Migel Barandiaranek lan eskerga egin zuen euskararen eta euskal kulturaren alde. Idatzizko ekarpen horren zati handiena argitaratuta dago. Baina, nire ustez, informazio iturri horretatik gutxi edan da. Funts hori gutxi ikertu eta erabili da», bukatu zuen Zalduak. Bada, beraz, zer ikertu eta zer deskubritu, bere herria mapetan zorrotz eta zehatz kokatu zuen ataundarraz.