2024 IRA. 28 3 BEGIRADA: Itzulerak Oasis taldearen itzulerako kontzertuetarako sarrerak erosten. (Matt Cardy | GETTY IMAGES) Garazi GOIA Idazlea Oasis taldeak itzulera iragarri zuenean, Manchesterreko Gallagher bi anaien zaleak egonarri zeuden mundu osoan zehar, datorren urteko uztailean Erresuma Batuan emango dituzten kontzertuetara joateko aukera ez galtzeko. Sarrerak salgai jarri ziren egunean, minutu gutxiren buruan txarteldegi ofizialeko sistema blokeatu egin zen eta zale asko itxarongela birtualetara bultzatu zituzten, gehiengo handi bati ezinezkoa izan zitzaiolarik sarrerak eskuratzea. Eskaeraren arabera prezioa puztuz zihoan, eta polemika asko sortu zen “prezio dinamikoaren” inguruan, legitimitatea zalantzan jarriz. Bizpahiru orduren bueltan, sarrerak agortuta zeuden. Inteligentzia artifiziala erabiliz, gizakien jarrerak berdintzen zituen agente-birtualak erabili zirela ere esaten da, batez ere birsalmenta egiten duten agentzia ez-ofizialei leporatu zaie jarrera hori. Horrez gain, kontzertuak emango diren egunetan, hotel eta bidaia prezioak igotzen hasi ziren. Kontzertuak iragarri aurretik egindako hotel erreserbak bertan behera utzi zizkietela argitara eman zuten hainbatek, gela berdinak prezio askoz garestiagoetan saldu ahal izateko. Azpijoko hauen guztien erdian, ikerketa ofizial bat ireki da Erresuma Batuan, antzeko egoerak ekiditeko. Horrelako itzulera sonatuek hainbatengan sortzen dituzten desengainuen, espektatiba puztuen eta frustrazioen itzalean, askok galdetzen dute: zer “behar” dago itzuleretarako? Zergatik ez utzi historia behin kontatu zen bezala? “Itzuleren” testuinguru honetan, aste honetan Sandra Newman-en “Julia” liburua irakurri dut, Orwellen 1984 liburu entzutetsuaren bertsio berri bat; hain zuen, Winston Smith liburuko protagonistaren maitalearen -Juliaren- begietatik birkontatzen du istorioa. George Orwellen fundazioak Newman idazleari bertsio berria idazteko aukera baimendu zionean, liburuak historian utzi duen arrastoak ezinbestean pizten duen espektatibaren presioa ez zela samurra esaten zuen Newmanek elkarrizketa batean. Hamarkada askotan zehar hainbat feministak aldarrikatu duten moduan, Orwellen perspektiba ez zen sofistikatuena emakumeek gizartean zuten rola kontatzerako moduan, eta misoginia leporatu zaio. Orwellek sortutako narrazioan, estatu totalitario hartan emakumeak zerbitzariak ziren, haien ametsak begitazio antinaturalak zirela zioen, eta aurreratzen zituzten ideiek ez zutela garrantzirik azpimarratzen zuen behin eta berriz fikzio errealista hartan. Newmanek egindako birkontaketan, irakurlea harritzeko duen gaitasuna miresgarria iruditu zait, istorio originala aberastuz eta falta ziren kontaketa inpartzialagoa eginez. Julia emakumeentzat egindako ostatu batean bizi da, beste hogeita hamar emakumerekin batera, eta elkarbizitza horretan, Orwell iritsi ez zen gizarteko eta emakumearen begiradako aspektu asko biltzen dira. Newmanek sortutako karakterea ausarta da, umorearen erabilera inteligentea egiten du eta tamalez askotan emakumeei egozten ez zaien pertsonalitate erronkari bat dauka, emakumearen paper hori normalizatuz. Orwellek totalitarismoaren psikologiari buruz eta orokorrean gizarte horretako biktimei buruz zuen ñabarduraz beteriko ulermena izugarria bazen ere, gizonezko baten begietatik kontatutako istorioa zen eta Newmanek azalera ekarri dituen hainbat aspektu galtzen ziren zalantzarik gabe. Newmanek espektatibak bikain bete dituela iruditu zait. •