2024 IRA. 28 Urte askoan Itzea URKIZU ARSUAGA Idatzi nahi nuke testu bat behin eta berriz orraztua. Ortografiari eta kohesioari erreparatuz berrirakurritakoa, eta, figura literarioren batean fokua jarrita, aberastasuna dariona. Idatzi nahi nuke gertakari orokorretatik bizitza pertsonaletik baino gertuago legokeen zerbait; erakusleihoan jarriko ez nindukeena. Horretarako, ordea, sarriago zapaldu beharko nituzke patioa eta parkea ez diren bestelako plazak; lehen bezala, arretaz jarraitu albistegia; gain-informazioaren kontsumitzaile konpultsibo izan, aspaldiko partez. Idatzi nahi nukeelako orraztutako testu bat, baina… nola orraztu hitz batzuk, ilea ganoraz atontzeko astirik ere ez dudanean? Ideiak erraiak baino gehiago zeharkatzen dizkidaten testuak idatzi nahi nituzkeela pentsatu izan dut maiz, baina ezin dut. Hortik baino ez da irteten gaia, sentimendua, pultsua, tinta, tekla sakatzeko indarra. Diafragma, sabela, kopeta estutzen didan hori hitz bilakatuta bakarrik aurkitzen diot zentzua honi; pertsonaletik zerbait politikoa esan dezakedala sinetsita. Eta, tira, Karmele Jaioren “Maitasun kapitala” irakurri-tolestu-azpimarratu, nerabezarotik hona hozkatu ditudan maitasun erromantikoaren amu guztiak gaitzetsi eta Uxue Alberdi argitaratzekoa den “Hetero”-ren zain egonagatik ere, gaurkoa eskaini nahi nioke bidelagun dudanari. Gaur urtebetetzea duelako, batetik. Hau idazten ari naizen bitartean duela urtebeteko irudiak datozkidalako ere bai: erditze gelan, minez ni, izerdiz bera. Baina, batez ere, jendartean espazio handiagoa hartu beharko lukeelako haurrak izan ondorengo bikote bizitzaren gaiak. Meloi handi eta urtsu horrek. Maskaldu egiten baita uztarri berera lotutako bi bururen tiraldia, 24 orduz harri berera lotuta daudenean. Instagrametik aparte, haur txikiekin bikote bizitzarik existitzen ote den galdetuko du zenbaitek. Galdera da ea prest ote gauden onartzeko bizitza hori bestelakoa izango dela. Zaintzan eta enpatian ardaztua, edo horretara iristeko saiakeren bueltan eraikia, behintzat. Eskerrik asko zuri, egunetan luzeena eta efemerideetan motzena izan den urte honetan, beti eskutik heldu didazulako. Izan dadila horrela urte askoan. •