2024 URR. 05 ZUBIAREN BI ALDEAK LOTUTA Beste mural ikusgarri bat margotu du «muraleslian»-ek Markinan, eta urriaren 8an inauguratuko du Aurrekoen jakintza baliatuz, haiek asmatutako munduetatik abiatuta sortu daitezkeen horiek irudikatzeko gonbita da «muraleslian»-en azken lana. Ahanzturaren aurkako erantzun artistikoa, transmisioari esker memoria kolektiboak jarraipena izan dezan. Datorren asteartean inauguratuko du Markinan. Datorren asteartean «muraleslian»-ek Markinan inauguratuko duen murala. Xabier Izaga Bizkaiko hainbat herritan eta Hego Euskal Herriko beste batzuetan ere ikusgai daude haren mural ikusgarriak. Ondarroan bizi da Lian eta sare horretako azken lana etxe ondoan inauguratuko du datorren asteartean, hilaren 8an; Markinan, hain zuzen, arratsaldeko 19.00etan, muralaren ondoan plaka bat jarriz. Muraleslian goitizeneko artista duela zenbait urtetik Euskal Herrian bizi den katalana da, AEBetan sortutako katalan euskalduna, street artist eta emakumea. Mugimendu sozialen inguruan jardun ohi da, borroka eta bizimodua uztartuz eta ezohiko edo aitortu gabeko emakumeak ikusarazteko espazioak sortuz. Bidea errazten duen lotura Muralaren ondoko plakan agertuko den testua Rafael Barret idazle espainiar-paraguaitarraren “Moralidades actuales” liburutik hartua da: «Eta horrela azaltzen dira gure erretina liluratuaren aurrean denboraren sakonetik guregana datozen eszenak, paisaiak, mamu biziak, eta gure amets eta nostalgiekin nahastuko dira...». Ondo hautatua; izan ere, «bidea errazten duen lotura» irudikatzen baitu Markinako eraikin bateko hormatzarreko irudi horretako funtsezko elementu batek, zubiak. Alde batean, «desmemoriaren aurkako borroka» eta borroka horren tresna, transmisioa; beste aldean, berriz, orainera heldu eta jarraipena emateko baliabideak sortzeko beharra. Horretarako, «antzinako jakintzan komunitateek euren oinarriak lehen pertsonan adierazteko duten gaitasuna» aintzat hartuta. Hausnarketarako gonbita da Lianen azken lana, «zerez eginda gauden, gure ametsak eta gurariak zein diren» gogoetatzeko. Aurrekokek asmatutako munduetatik abiatuta sortu daitezkeenak irudikatzeko gonbita «eta, urrats berri, alai eta sortzaileak eginez, ustekabeko bideak zeharkatzeko deia». Kalean margotzea herriarekin komunikatzeko modu bat dela uste du Lianek. Lan hau historia eta haren ondarea ahaztearen aurkako erantzun artistikoa eta antzinatik egindako jakintza komunen transmisioaren garrantzia nabarmentzeko ahalegina da. Bizitza kolektiboaren jarraipena Irudian ageri den «matriarka» memoria historikoaren ikurra da, «berak jaso, kontatu eta partekatzen baititu komunitatearen askotariko subjektibotasunak tradizioaren arabera», dio. Emakumeak ilea txirikordatuta dauka, artistak beste lan batzuetan ere erabili izan duen elementua, hain zuzen: «Txirikorda indarra da, kontakizunak elkar trukatuz lortzen den indarra, historiaren eta orainaren bizi-konplexutasuna lotuz sortzen dena. Badakigu ile soil bat erraz apurtu daitekeela, baina ile-mataza txirikordatzen denean, indartsua da». Azaldu duenez, indar kolektiboari esker, memoriak bizirik dirau: desagertzen joan diren lanbideen memoriak, herrien eta identitateen memoriak; hala, «bizitza kolektiboa osatzen duten benetako lotura etengabeek jarraipena izango dute». Irudiko emakumearen buruan, antzinako argazki batean, Artibai ibaiaren iragana ikusten da zubi azpitik; eta beherago, ibaiaren gaur egungo koloreak: «Mugitzen ari den urak eragin nabaria du herri baten egunerokoan, etorkizuneko proiekzioan, eta bizitzaren ikur indartsua da». Ohartarazpen bat zabaldu nahi du mural berri hau ikustera gerturatzen direnentzat: «Baimenduta dago horma-irudi honen aurrean barre eta negar egitea, abestea, dantzatzea, pilotan aritzea eta/edo ozen berba egitea». Europan, AEBetan eta Australian zehar ibili da Lian muralak egiten, eta azken urteetan Euskal Herrian egin ditu lan ugari, haietako batzuk munduko onenen artean sailkatu izan dituztenak.