2024 URR. 05 Inbidia Xabier Mikel ERREKONDO Inbidia onik ba ote dago? Nori galdetu, iritzi bat, gehienetan nahasi samarra. Batzuentzat izan daiteke inbidia “sanorik”, besteentzat inbidia guztiak dira txarrak. Sinadura nirea denez, nire nahaste-borrastea botako dut. SSIFF’72 pasa berria dela aprobetxatuz, esango nuke askok famatuak direnekiko inbidia sentitu dutela, begitandu direla alfonbra gorrian pauso luzean astiro-astiro ibiltzen, ezker-eskuin sinadurak eta emojiak bailiran gorritutako irribarre eta muxu zaparradak banatzen, marka ezagun batek neurrira espresuki diseinatutako jantzian estu, goreneko glamourrean horditurik errepikatzen «eskerrik asko, ez dut hainbeste merezi, eskerrik asko…» banitatearen gailurretik. Ulergarria, pentsatzen duenarentzat alfonbra gorriak erakutsitakoa dela desira duen elegantzia, estiloa, klasea eta glamourra. Lagun batek maiz errepikatzen dit inbidia sanorik ez dagoela, aitzitik, gaixotasuna dela eta zabaldutako plaga dela eta, agian, arrazoi du; edo ez al gara gehiago bizi besteei begira eta besteei gustatu nahian norbere edertasuna eta dohainak zaintzen baino? Itxurakeria merke saltzen den garai hauetan, kartoizko edertasunak, “postureoek” eta antzezpen artifizialek sortu plastikozko errealitateak eragin dirdirek ez naute itsutzen, baina onar dezagun erakargarria dela eta eramaten gaituela besteak ederragoak direla eta besteen bizitza hobea dela sinestera gaixotasun bilakatu arte. Arriskuak arrisku, kanpotik jasotzen dugunari ezin diogu bizkar eman, harremandu beldurrik gabe, eman eta hartu, asko ikasten da-eta, baina bakoitzaren baloreen galbahetik pasa, selektiboak izan. Zuk ahal duzu, alfonbra gorriaren foku eta diseinuzko arropa argitsuetatik harago, elegantzia, edertasuna, klasea eta glamourra bera ere barrutik kanpora eraikitzen baitira. Ez duzu makillajerik ez antzerki edo pelikula baten atrezzorik behar, antzemango dizugu. Eta zuretzat, ba al da inbidia sanorik? •