2024 URR. 05 CLAUDIA SHEINBAUM Mexikoko lehen emakume presidentearen seiurtekoa abian da Herri baten mugarrietan izenak igarotzen dira historiara, kolektiboa aldarrikatuagatik ere abizenek hartzen dute pisua. Claudia Sheinbaumen izena jada Mexikoko historiara igaro da lehen emakumezko presidentea delako, baina haratago joan nahi du, erronka erraldoiei erantzuten jakiteagatik igaro nahi du historia liburuetara. Sheinbaun, Lopez Obradorrekin, kargua hartu berritan. (Felix MARQUEZ | EUROPA PRESS) Iraitz Mateo Zuekin konpromisoa hartzen dut nire arima, nire bizitza eta nire onena Mexikoko herriaren ongizatearen alde emateko. Konpromisoa hartzen dut beti Mexiko defendatzeko, maitasuna, egia, harrotasuna eta ahizpatasuna goratzeko eta diskriminazio mota oro gaitzesteko. Hitz ematen dizuet ez dudala gezurrik esango, ez dudala lapurtuko. Historia egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, zuen guztion aurrean». Claudia Sheinbaum Mexikoko presidente berriaren lehen hitzartzea da, astearte honetan bertan hartu zuen kargua, eta jada egin du historia. Mexikoko errepublikaren 200 urteetan lehen aldiz emakume bat izango da presidentea. Hauteskunde kanpainan zein kargu hartzearen egunean ere errepikatutako ideia izan zen Andres Manuel Lopez Obrador presidente ohiak abiatutako Laugarren Iraultzari jarraipena ematea dela bere helburua. Erroetan dagoen proiektuari jarraipena ematea, baina datozen erronkei erantzunez. Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeen bezperako testuingurua, muturreko biolentzia, pentsamendu zein praktika matxistak eta feminizidio tasa altuak, narkotrafikoaren aurkako borroka, migrazio krisia, beherantz doan ekonomia… Erronka handiak ditu parez pare Mexikok, baita Sheinbaumek ere. Kargua hartu eta bere lehen hitzartzean 100 neurri proposatu zituen etorkizuna ezkerretik, feminismotik eta berdintasunetik eraikitzeko. 62 urterekin heldu da presidentetzara, Morena alderdiaren eskutik. Bere buruari «68ko alaba» deitzen dio presidente berriak, 1980ko ikasle mugimenduan egin zituen lehen urratsak, 1989an Iraultza Demokratikoaren Alderdiko kide izan zen, eta 2000. urtean Lopez Obrador presidente zela Gobernuko Ingurumen Idazkaria izan zen. 2018an, berriz, Mexiko Hiriko alkatea izan zen. Esperientzia luzea du, eta, dokumental batean aitortzen duen bezala, argi du zer den gobernatzea: «Gobernatzea erabakiak hartzea da egon daitezkeen presioei aurre eginez». Kargu hartzeko ekitaldian, oraindik presidentetzaren boterea eman aurretik. (Carlos SANTIAGO / ZUMA PRESS) Analitikoa, zuhurra eta pragmatikoa izatea txalotzen diote adituek; eta kabinete plural bat osatzeko izan dezakeen gaitasuna. Lopez Obrador Tabasco herritik, hegoaldeko landa eremutik, iritsi zen kargura; presidente berria, aldiz, inguru unibertsitario eta intelektual batetik iristea azpimarratzen dute askok, «klase ertainekoa, modernoa, urbanoa eta kosmopolita» izatea. Familia judua, laikoa eta ezkertiarra du; aitona-amonak Bulgaria eta Lituaniatik iritsi ziren Mexikora Bigarren Mundu Gerratik ihesean. Ikasketaz ikertzaile zientifikoa da Sheinbaum, eta 2007an bera lanean zebilen taldeak Nobel Saria jaso zuen aldaketa klimatikoa ikertzeko egindako lanagatik. Lehen emakumea «Emakume eraldatzaileen unea da, ongizatean sakontzeko eta Mexikoko eskubideak, eta bereziki, emakumeen eskubideak, bermatzeko garaia», aldarrikatu zuen. Eta kargu hartzeko momentuan Josefa Ortiz de Dominguez eta Leona Vicario gogoratu nahi izan zituen, Mexikoren Independentziaren aldeko borrokalariak; presidentetzako makila hartzen lehen emakumea bera izan den arren, bidea urratutako guztiak gogoratu nahi izan zituen. «Ez naiz bakarrik iritsi, guztiak iritsi gara, aberriak eman zizkigun heroiekin», zehaztu zuen. Nolanahi ere, Mexikoko Mugimendu Feministak hauteskunde kanpainan zehar hainbatetan kritikatu zuen Sheinbaum, berdintasun agenda espliziturik ez izateagatik, abortatzeko eskubidearen gaia bere programan ez lantzeagatik eta eraildako emakumeen inguruko ikerketak sakontzeko erreforma ez aipatzeagatik. Sheinbaumek argi du Lopez Obradorrek abiatutako Laugarren Iraultzari jarraipena emango diola. Presidente ohiak 20 erreforma utzi zituen onartzeke: pentsioen, osasunaren eta hezkuntzaren unibertsalizazioa, soldaten igoera edota droga kimikoen salmentaren debekua, besteak beste. Horiei erantzun bat ematea izango da bere lehen etxerako lana. Emakumeen aurkako bortxari eta feminizidioari aurre egitea lehentasunen artean kokatzen du Sheinbaumek. Eta horrekin batera, oro har, herrialdean gertatzen diren bestelako hilketak ere saihestea. Iazko datuen arabera, 31.000 hilketa izan ziren Mexikon, hau da, egunero 84. Mexikoko presidente berria, bere jarraitzaileekin batera, kargua hartu berritan. (Felix MARQUEZ / EUROPA PRESS) Lopez Obradorrek abiatutako segurtasun politikari jarraipena emango dio, 2019an sortu zen Mexikoko Guardia Nazionalari, ezaugarri zibila duen segurtasun publikoko erakundea, 130.000 agente berri gehituta. Armada Guardia Nazional horrek zuzentzeko erabakia hartu zen. «Segurtasun indarren artean koordinazio gehiagorekin eta inteligentzia gehiagorekin lan egitea izango da nire helburua», adierazi zuen Sheinbaumek hauteskunde kanpainan. Mahai gainean duen beste gai bat epaileak herritarren bozken bidez aukeratzeko erreformaren inguruko eztabaida da. Ekonomia eta migrazioa “Nearshoring” edo enpresen birkokapenaren potentzialak, hazkunde ekonomiko gero eta apalago baten biziberritzeak eta aurrekontuek markatuko dute Mexikoko presidente berriaren gobernuaren abiatzea. Herrialdeko ekonomiak denbora gutxian aldaketa asko jasan ditu; pesoaren balioak behera egin du, dolar baten baliokidea irailean 20 peso ziren, eta 2022az geroztik ez da horrelako zifrarik izan. Politika publikoen «eredu humanistari» jarraipena emango diola esan zuen Sheinbaumek, eta alorrari egonkortasuna eskaintzeko Rogelio Ramirez de la Ok jarraituko du Ogasuneko idazkari postuan. Hala ere, jauzi kualitatibo baten beharra sumatzen dute bertako ekonomialariek, batez ere energiaren hornidura berriztagarrietan. Sheinbamuek kargua hartu baino egun batzuk lehenago, irailaren 29an, migratzaileen mobilizazioak egin ziren, ehunka migratzailek eskatu zioten presidentetzarako hautagaiari Mexikora igarotzeko mugan dagoen biolentzia amaitzeko esku har zezan. Herritarren artean ez dagoela sentsibilizaziorik eta ukapena jasaten dutela azpimarratu zuten. Hala ere, zenbait mexikarrek muga libre igarotzeko ematen dieten laguntza txalotu zuten, eta jasotako baliabide apurrak eskertu zituzten. Nazioarteko tirabirak Donald Trump AEBetako presidentetzara iristeko arriskua handia da; inoizko migratzaileen aurkako diskurtso gogorrenarekin, Mexikoko narkotrafikatzaileak bonbardatzeko mehatxua egin zuen. Testuinguru horrek asko baldintzatu dezake Mexiko bera. Presidente ohia den Lopez Obradorren politika «asko ez bidaiatzekoa» izan zen, Sheinbaumek azaldu zuen berak ere politika horri eutsiko ziola, eta oraindik baloratzen ari dela Brasilen egingo den G20 gailurrera joan edo ez. Presidente berriaren jarraitzaileak. (Felix MARQUEZ / EUROPA PRESS) Azken egunetan, Espainiarekin izandako tirabirek protagonismoa hartu dute. Sheinbaumek Felipe VI.a ez zuen bere kargu hartzera gonbidatu. Izan ere, Lopez Obradorrek 2019an gutun bat igorri zion Estatu espainolak barkamena eska zezala esanez, «konkistan egindako gehiegikeriengatik». Erantzunik jaso ez zutenez, egungo presidenteak ez du bere kargu hartzera gonbidatu, eta Pedro Sanchezek, ondorioz, erabaki zuen ordezkaririk ez bidaltzea Mexikora. Euskal Herritik ordezkaritza egon zen, ordea, kargu hartzeko ekitaldian, EH Bilduko Jon Iñarritu izan zen bertan. Ekitaldi hunkigarria izan zela kontatu zuen sare sozialen bidez, «Mexikoko zenbait hizkuntza eta erritu indigena ikusi genituen, Mexikoko kultura aberatsaren zati bat ikusi genuen». AYOTZINAPAKO KASUTIK HAMAR URTERA, OIHU BERA KALEAN: «ARMADA IZAN ZEN» Irailaren 26an bete ziren hamar urte Ayotzinapako 43 ikasleen desagerpenetik. Urteroko ohitura mantenduz, aurtengoan ere oroimen martxa egin zuten milaka herritarren «egia eta justizia» eskatuz. “Bizirik eraman zituzten, bizirik nahi ditugu!”, oihukatu zuten martxan zehar, eta euriak ere ez zien eragotzi aurrera egitea. Martxan zehar, aste honetan bertan Mexikoko presidentearen kargua utzi berri duen Andres Manuel Lopez Obradorren egoitzara petardoak bota zituzten. Izan ere, manifestariek azken bi urteetan salatu dute Lopez Obradorrek, Ayotzinapako kasuaren ikerketa abiatu arren, ez duela aurrera jarraitu «Mexikoko armada ez kaltetzearren». Mexikoko presidente ohiak kargua hartu zuenean esan zuen «bere eskuetan zegoen guztia» egingo zuela kasua ikertzeko, eta hori ez egin izana leporatzen diote gazteen senide eta lagunek. Ayotzinapako sarraskiaren hamargarren urteurrenean egindako protestak. (Jorge NUÑEZ / EUROPA PRESS) Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak (IACHR) «isiltasunaren ituna» salatu zuen, bere ustez Mexikok gobernuak emandakoa baino informazio gehiago baitu. IACHRek aitortu zuen Egiaren Batzordea edota batzorde espezializatu bat sortu izana aurrera urratsak zirela. Baina, hala ere, ez duela ulertzen zer dela-eta dagoen orain «ikerketan etena». Elkarrizketarako deia egin zuen: «Ikerketaren erronkak gainditzeko beharrezkoa da elkarrizketa gardena eta zintzoa, alde guztietakoa». Gobernuak sortutako Egiaren Batzordeak ondorioztatu zuen 2022an gazteen desagerpena «Estatuko krimena» zela eta autoritate guztien parte hartzea egon zela, «baita indar armatuena ere» argitu zuen. Meliton Ortegak, desagertutako Mauricio Ortegaren osabak, azaldu zuen gobernuak mugimendua zatitzeko ahaleginak egin zituela, baina ez zuela lortu. «Mugimenduaren aurkako kanpaina bat egon zen eta horrek gobernuarekiko distantzia hartzea ekarri zuen», kontatu zuen. Eta beraiek «egia, justizia eta arduradunentzat zigorra» eskatzen jarraituko dutela gaineratu. Kargua hartu berri duen Claudia Sheinbaumengan esperantza dute, ordea; Lopez Obradorrek baieztatu zuen jarraipena emango ziola ikerketari. Analitikoa, zuhurra eta pragmatikoa izatea txalotzen diote adituek. Lopez Obrador Tabasco herritik, landa eremutik, iritsi zen kargura; presidente berria, inguru unibertsitariotik «Emakume eraldatzaileen unea da, ongizatean sakontzeko eta Mexikoko eskubideak, eta bereziki emakumeen eskubideak, bermatzeko garaia», aldarrikatu zuen kargu hartzean