2024 URR. 05 Polizia frankistak eta naziak, Donostian, 1942an (PASCUAL MARIN, MARIN FUNTSA. KUTXATEKA) Juantxo Egaña 1942an Donostiako Zubieta kalean egindako talde-argazki hau irudi aztoragarria da; itxuraz, polizia-zerbitzu frankisten eta Alemaniako naziaren arteko topaketa bat dirudi, Continental hotelean. Argazkirako paratu da genozida taldea, Bigarren Mundu Gerran milaka herritar hil zituena. Horien artean, ezkerretik bigarrena, Helmut Knochen da, naziek okupatutako Frantziako Segurtasun Poliziaren komandante kargua bete zuena. Juduak nazien sarraski-eremuetara masiboki deportatzearen arduraduna izan zen, baita erresistentzia frantseseko kideak jazartzearen, atxilotzearen eta exekutatzearen arduraduna ere. Gerra amaitu ondoren, heriotza-zigorra ezarri zioten Frantzian eta Ingalaterran, baina zigorra kommutatu egin zioten. Bere ezkerrean Karl Bomelburg dago, okupatutako Frantziako Gestapoko burua, errepresioaren arduraduna eta ehunka frantziarren heriotzaren arduraduna. Bomelburg ere heriotzara kondenatu zuten gerraren ondoren, baina 1946an hil zen, nortasun faltsu batekin izandako istripu batean. Bigarrena, eskuinetik, Pedro Urraca Rendueles espainiar agente makurra da, gerra zibilaren ostean Frantzian errefuxiatutako errepublikanoak harrapatu eta entregatzeaz arduratzen zena. Gerra ibilaren ostean Jose Antonio Agirre lehendakaria Frantzian aurkitzen saiatu zen, atxilotzeko asmoz, baina ez zuen lortu. Lluis Companys Irunen atxilotu eta entregatzearen arduraduna izan zen 1940ko abuztuaren 13an, eta urte bereko urriaren 15ean fusilatu zuten. Halaber, Julian Zugazagoitia bilbotar eta ministro errepublikanoaren atxiloketaren arduraduna izan zen, Parisen erbestean zegoela. Gestapok polizia frankistari eman zion, eta ondoren, Madrilen fusilatu zuten. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, Urracari heriotza-zigorra ezarri zioten Frantzian, Vichy eta Gestapoko erregimenarekin kolaboratzeagatik; hala ere, epaia eman aurretik, Espainiako estatura ihes egin zuen. Urracaren ondoan Lezoko guardia zibil ohia zegoen, Luis Lopez Santiesteban. Beste irudian, Donostiako Zubieta kalean egina hori ere, Pedro Urraca ikusten da, kapelarik gabe, talde batean hizketan, eta bigarren plano batean, berriz, nazien buruak. Pascual MARIN / MARIN FUNTSA / KUTXATEKA