2024 URR. 19 3 BEGIRADA: Algoritmoak Sare sozialetan albisteen kontsumoa jaitsi egin da. (Master 1305 | GETTY) Garazi GOIA Idazlea Lehengo batean dentistaren kontsultan: «Axola dizu adimen artifizialdun programa bat erabiltzen badugu kontsultan esandakoak grabatzeko?». Kontsultaren amaieran eman zidaten txostena grabazio horren emaitza zen. «Bi astez trebatu genuen algoritmoa kontsulta ezberdinekin. Txostenen zehaztasun maila ia perfektua da». Aste honetan lantegian: «Dagoeneko ez dugu argazkilaria kontratatu behar enpresa-txarteletarako argazkiak ateratzeko. Programa honek, norberaren edozein argazki erabiliz, segundo gutxitan adibide ezberdinak ematen dizkigu». Eraginkortasuna hobetzeko edo aplikazio sinpleetarako adimen artifizialak ekartzen dituen abantailak edo onurak direla-eta elkarrizketa sortu da, baina beste hainbat arlotan konplexuagoa da eztabaida. Atzo bertan, ChatGPTrekin izan nuen ia ordubeteko elkarrizketan, doitasun beldurgarriz eta espero ez nituen hainbat ñabardurekin erantzun zizkidan egin nizkion hainbat galdera. Open AI-ren SearchGPT deitzen den bilaketa prototipoaren erabilerari buruzko analisi komertzial bat egiten ari ginen, albisteen testuinguruan. Zer balio dauka, adibidez, fida ditzakezun zuzeneko azken berriak leku berdinean erakutsi ahal izateak? Eta zein konpentsazio ekonomiko jaso beharko lukete bilaketa algoritmo hori egunero hobetzen ari direnek (“BBC News”, “CNN”, “Bloomberg”)? Galdera horiek darabiltzate hainbat albiste- eta eduki-etxek. Aurrekaria den horrek ezartzen duen erreferentzia garrantzitsua izango da zalantzarik gabe; baina, aldi berean, inork ez du lehenengoa izan nahi. Fidagarritasuna geroz eta zalantzagarrigoa da algoritmoek gobernatutako desinformazioaren testuinguru honetan, irakurri berri ditudan datu batzuk aipagarriak iruditu zaizkit. Oxford unibertsitateko Reuters institutuak mundu mailan egindako inkesta baten arabera, egun, jendartearen %39k albisteak irakurtzeari uko egiten dio; datu bera hamar puntu igo da azken zazpi urteetan. Britainiarren %38k bakarrik dauka interes handia egunero albisteak irakurtzeko; duela hamar urte %70 ziren talde horretan zeudenak. Estatu Batuetan, %67tik %52ra jaitsi da datu bera. Sare sozialetan -X, TikTok- egiten den albisteen kontsumoa ere jaitsi egin da, eta arrazoi nagusia adimen-osasunari eta ongizate emozionalari egotzi zaio. Ulergarria da, noski, larritasuna edo kezka pizten dituzten albisteak ez kontsumitzeko joera areagotzea. Aldi berean, azken orduko berriak futboleko emaitzen goiburuak balira bezala irakurtzera gonbidatzen gaituzten sakontasunik gabeko asertzioek, sinplifikazio eta ignorantziaz betetakoak gehienetan, beste dinamika batzuk ezarri dituzte. Munduan gertatzen ari den hori ulertzeko mesfidantza dago, eta apatia sortzen du horrek. Baina albisteak irakurri edo ikusteari guztiz uztea ez zen espero zen ondorioa. Datu hauen inguruan “Financial Times”-en kazetari batek ondorioztatuekin guztiz ados nago: «Sare sozialen eta adimen artifizialaren erabilera okerrak errealitateari buruzko pertzepzio are distortsionatuago bat sortzen du. Baina albisteen kontsumoaren uzte erradikal honek iritzi koherente eta perspektiba berrien gabezia handiagoa sortzen du. Beraz, beste batek esango digu zer den egia eta zer den gezurra; zer dagoen ongi eta zer dagoen oker. Beraz, demokrazia batean, gu ordezkatzen (edo ordezkatu nahi) gaituzten horiei erantzukizuna eskatzeko eskubideari uko egiten diogu. Horren inplikazioak aski arduragarriak dira». •