2024 URR. 19 3 BEGIRADA: Lorategiak ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Arkitektoa Elkarrizketa hasteko, hiriaren eta lorategiaren inguruko hiru egoera: 1) Hiri historikoetan, eraikinen eraikuntzaren aurretik, lorategiak eraiki ziren. 2) Lorategi batzuek “babes klimatiko-gune” deklarazioa jaso dute egungo hiri askotan. 3) Erabilerarik gabeko eraikin eta azpiegitura hutsak lorategi bukoliko bilakatzen dira ezer egin ezean. Hirietako zentro zein aldirietan lorategiak aktualitatea hartzen ari direla errealitate bat da. Erantzukizun urbanoa jasotzen ari dira gutxinaka, oraindik bide luzea egiteko dagoen arren. Lorategia zentzu zabalean erabiltzen ari gara, bizitza begetala oinarritzat duen espazio bat bezala definiturik. Lorategi garaikideak, baina, klasikoek irudikatzen zituzten lore eta landare ikusgarri eta ordenatuetatik aldenduko dira, edo gutxienez beste funtzio eta estetika eredu batzuetan oinarritzen dira. Lorategi urbano-historiko-burgesak gizakiak naturarekiko duen kontrola adieraztea helburu zuen bitartean, gaur egungo lorategiei dimentsio ekologikoa, kulturala eta soziala gaineratzen zaizkie. Ekologikoa, hiria kokatzen deneko lurraldearen biodibertsitaterako ekosistema izan nahi duelako; kulturala, lorategiaren erabilerak garaiaren ulermenari erantzuten diolako eta estetika etiko baten balioekin egiten delako; eta soziala, lorategien balio pedagogikoarekin batera proiektu kolektiboak garatzeko elkargune boteretsua izan daitekeelako (Donostiako Uliako Baratzeak kasu). Orain arte lorategiak hirietako parterretan garatu izan dira, espaloi eta bidearen artean, jauregien inguruko lorategiak publiko egin direnean. Baina hemendik aurrera plangintza bat behar izango dute funtzio ekologikoa eman nahi izanez gero eta hegazti eta beste animalien erabilera-zirkuituan txertatu nahi badira. Lorategia, beraz, ez da eraikinen artean gelditzen den hutsune bat betetzen arituko, baizik eta gizakiak ez direnen logikek komenigarria ikusten duten zonaldea hautatuko da eta horretarako leku bat egin, bestelako funtzio eta erabilerekin egiten den bezalaxe. Lorategiek bere leku jakin eta estudiatua behar dute, eta gainera, denen artean ehundura bat osatu behar dute, hau da, saretuak egon behar dira. Eta horretarako, lorategi publikoen zein pribatuen lana behar da, elkarlanean, sare berdin baten atalak bailiran. Azkenik, lorategia bizirik dagoenez gero, atentzio berezia behar du urtaro bakoitzean eta modu jarraitu batean. Txakur bat etxean izateak adinako garrantzia izan beharko luke lorategiak hirian. Lorategiek herritarrari eman dioten elikadura, garbitze, freskatze eta plazer funtzioa argi dagoen arren, hirian garrantzitsua denaren hierarkian aldaketa bat egitea suposatzen du. Oxala etorkizun gertuan hirietako inbestitze nagusiak lorategi eta parkeetan gertatuko balira, eta urbanizazio eta azpiegituretako udal-sektorearen garrantziarekin parekatuko balira, sikiera, bai helburu estrategikoetan, eta baita ekonomikoetan ere. •