2024 URR. 19 MEMORIA-LIBURUA Melania Trumpek abortu-eskubidearen alde egin du bere memorietan «Melania» izenburua dauka AEBetako lehen andre izandakoak argitaratu berri duen memoria-liburuak. Joan den astean argitaratu zen, aurretik zenbait pasarte ezagun egin baziren ere. Zeresan handiena abortuari buruz esandakoak sortu du; senarraren iritziaren aurka, emakumeen erabakitzeko eskubidea defendatzen baitu. Melania Trump bere senarraren hautagaitzaren aldeko ekitaldi politiko batean 2020ko urtarrilaren 27an, Stoneybrooken. (DPA-EUROPA PRESS) Urtzi URRUTIKOETXEA Melania Trump; Jugoslavia sozialistako zati zen Eslovenian jaiotzetik Etxe Zurian bizitzera. Ibilbide hori jaso du berriki kaleratu duen memoria-liburuan. 184 orrialde eta 157 argazki ditu liburuak, eta oro har kritikak ez dio txalo handirik egin. Baina ezin uka Estatu Batuetako lehen andre ohiaren memoria-liburuak zeresan handia eman duela urri hasieran argitaratu zenetik. Liburuan zehar, Melania Trumpek luze dihardu haurtzaroaz eta familiaz. Gero, luxua darie orrialdeei modelo lanetik lehen damaren ardura hartu artekoak kontatzean. Limusina eta jantzi garestien deskribapenez ondo hornituta dator argitalpena, glamourra eta finezia maite dituela agerian utzita. Horien artean, zenbait pasartetan bere iritzia ematen du, beste batzuetan argibide edo azalpenak ageri dira, haserre mintzo da uneren batean, baina, oro har, Donald Trumpen ondo-ondoan eta kritika handirik egin gabe ageri da Melania. Pasarte ezagunena abortuari dagokiona da. Berez, liburuaren amaiera aldera ageri diren hamabi paragrafo baino ez dira. Emakumeek «askatasun pertsonalerako» eskubidea dutela azpimarratzen du Melania Trumpek liburuan, eta agerian uzten du abortuari buruz daukan iritzia. «Baitezpadakoa da emakumeek autonomia izatea haurrak izateari buruz erabakitzerakoan, haien sinesmenetan oinarrituz, Gobernuaren inolako esku-hartze edo presiorik gabe». 2022an Donald Trumpek izendatutako epaileek ia mende erdiz indarrean egon zen “Roe v Wade” doktrina ezabatu zuten, aborturako eskubide konstituzionala bermatzen zuena pertsonen pribatutasun-eskubidetik abiatuta. «Askatasun indibidualak, bere bizitza izateko emakume batek duen oinarrizko eskubideak, hala nahi badu haurdunaldia eteteko autoritatea bermatzen dio», dio Melania Trumpek. Bere senarrak esan du emazteari bere iritzia libreki emateko aholkatu ziola. «Hitz egin dugu gaiari buruz», esan zuen Melania Trumpek Fox katean egindako elkarrizketa batean. «Eta esan nuen, sinesten dudana idatziko dut». Donald Trumpek demokratei «bederatzigarren hilabetean» abortuak egitea egotzi die inolako funtsik gabe. Melania Trumpek zuzen jaso du abortuen estatistikan zati txikiena den horren oinarria: «Garrantzitsua da azpimarratzea historikoki haurdunaldiaren azken faseetan egindako abortu gehienak fetuak zituen arazo larrien ondorioz izan direla», dio. Alde eta kontrakoak Ugalketa-eskubideei buruz esandakoek piztu dute zeresan handiena azken egunotan, bai Trumpen aurkarien bai aldekoen artean. Hala, abortu-eskubidearen aurkako sektore eskuindarrek gogor kritikatu dute Melaniak idatzitakoa. «AEBetako emakumeak indartsuak eta sormen handikoak dira. Berez mintzatu ohi dira indar gutxiago dutenen alde. Abortua ez da haien askatasunaren edo askapenaren iturria», esan du Marjorie Dannenfelser-ek, Susan B. Anthony Pro-Life America elkarteko presidenteak. Abortuaren aurkako beste erakunde bateko ordezkaria da Lila Rose ere, eta «funtsean» Kamala Harrisen «jarrera bera» izatea egotzi dio. Baina hauteskundeetatik aste gutxira iritzi hori publiko egiteak bestelako interesak ere baditu, Trumpen aurkarien ustez. «Urrian gaude eta azkenean Melania bere babesetik irten da emakumeen eskubideen alde egiteko?», esan zion ironikoki MSNBCn behinola Trumpen laguntzaile izan ostean haren kritiko bihurtu den Elise Jordanek. «Begi bistan dago, inork ez du sinesten Melania Trumpi Melania Trump ez den beste ezer axola zaionik». Irailean Donald Trumpen datuak oso txarrak ziren inkestetan emakumeen artean. Argitalpena eta abortuari buruzko mezua aurretiaz zabaltzea erabaki kalkulatu gisa ikusi dute hainbatek; liburuaren promoziorako, alde batetik, baina baita emakumeen artean presidente ohiak duen irudi txarra hobetzeko ere. Melania ez da, edozelan ere, abortu-eskubideen alde mintzatu den emakume errepublikano bakarra. Lehen dama izan ziren bere aurrekoek ere, hala nola Laura Bushek, Barbara Bushek eta Nancy Reaganek antzeko jarrera izan zuten. Baina ñabardura egiten du Laura Bushen komunikazio-buru izandako Anita McBridek: presidenteen emazteek senarrak kargua utzi ostean argitu izan zuten haien jarrera, eta oraingoan, berriz ere Etxe Zurira itzultzeko lehian dihardu Trumpek. Edozelan ere, mezuak jendea, erakarri baino gehiago, uxatu egingo duelakoan dago. «Ez dakit boto-emaileak urrunduko dituen ala jende gehiago hurbilduko den, baina amorrarazi egingo ditu bestela ere Donald Trumpek abortu-eskubideei buruz esandakoekin pozik ez dauden abortuaren aurkako aktibistak». Biluztasuna, «ohikoa» Abortuari buruzkoak liburuaren amaieran dakartza Melaniak. Aurretik, 200 orrialde baino gehiagotan, Etxe Zurira iritsi arteko garaiak biltzen ditu. Liburuaren hasieran haurtzaroko eta gaztaroko sasoiak ditu aipagai. AEBetan Europa ekialdeko herrialde sozialistez dagoen irudia goitik behera botatzen du, eta Italiara egindako bidaiak aipatzen ditu, 1 Formulako lasterketetara joatea, Alpeetan eskiatzea, neskame pribatua eta auto mordo bat zituztela, «Ford Mustang-ak, Alemaniako BMWak eta Ford Cougar XR-7 bat, zenbait Mercedes Benz prestigiotsurekin batera». Lehen dama ohia, 2021eko urtarrilaren 20an, Andrews-eko basean. (Stefani REYNOLDS/ EUROPA PRESS) 2016ko kanpainan “New York Post” agerkari sentsazionalistak Melaniak 20 urte lehenago biluzik egindako argazkiak argitaratu zituenekoa ere aipatzen du lehen dama ohiak liburuan, Europan hazi izanak biluztasunari buruzko «jarrera irekiago bat, onartzeko errazagoa», eman ziola azpimarratuz. Modelo zela biluzik posatzea «oso ohikoa zen, inola ere ez eskandalagarria», irakur daiteke. «Emakume figura behinola gurtu eta ohoratu egiten zen mendebaldeko kulturan. Historikoki artistek pintura eta eskultura bikainak egin dituzte emakumearen figura goraipatuz. Biluztasuna zen gizatasuna goratzeko eta ospatzeko modua. Sentimendu horrek ozen egiten zidan oihartzun “Vogue”-rentzat paratu nintzenean haurdunaldian. Orduan eta orain sinesten dut emakumeek harro egon behar dutela beren gorputzekin, lotsatu gabe», adierazi du. Modelo zela iritsi zen artean Melania Knaus zena New Yorkera. Hantxe ezagutu zuen 24 urte zaharragoa den Donald Trump 1998ko irailean, Fashion Week modaren astean Kit Kat Klubera joan zenean. Memorietan jasotakoaren arabera, Trump «ilehori erakargarri» batekin joan zen Melania agurtzera. «Solasaldia hasi genuenetik harrapatu ninduen bere xarmak eta nortasun errazak». Magnateak telefono-zenbakia eskatu zion arren, modeloak ezetz esan zion, edo zehazki, hark emateko erantzun zion. Zenbait egun beranduago, lehen aldiz geratu ziren Bedford-en Trumpek daukan Seven Springs etxaldean. Semearen babesle 2005eko urtarrilean ezkondu ziren, eta hamalau hilabete geroago jaio zen Barron. Melaniak ez du askorik esaten Donald Trumpekin bizitako garaiko uneez. Liburuan aipatu ere ez da egiten semeak lau hilabete zituela senarrak Stormy Daniels porno-aktorearekin izandako harremana. Hura ezkutatzeko kanpainako finantzaketa erabiltzeagatik errudun jo zuten presidente ohia joan den maiatzean New Yorken, oraindik kondena argitaratu ez bada ere. Gai horri buruzko ezer aipatu ez arren, bereziki mingarria zaion une bat badago semearekin lotuta. Memorietan irakur daitekeen une pertsonalenetako bat da. Rosie O’Donnell komedianteak sare sozialetan Barron Trump hamar urteko semeari burla egiten zion bideo bat prestatu zuen, umearen irudiak bildu eta edizio berezi bat eginez. Haurraren jokaerak eta gorputz-espresioak autismoa adierazten zutela iradoki zuen. «Lur jota geratu nintzen halako ankerkeria zela eta. Argi nuen ez zeukala interesik autismoari buruzko kontzientzia pizteko. Semeari eraso egiten ari zitzaiola sentitu nuen, ez zuelako gustuko nire senarra». Komedianteak gero barkamena eskatu bazuen ere, «banekien txioa eta bideoa biralak izango zirela eta banekien zenbateko mina emango zioten», dio. Gertaera haren ondorioz, Melaniak «Izan Onena» (Be Best) izeneko ekimena abiarazi zuen. Egun hemezortzi urte ditu Barronek eta ez du autismorik, amak dioenez, «autismoak lotsatzeko ezer ez badu ere» azpimarratuta. Melania Trump bere senarrarekin batera, 2020ko azaroaren 11n, Beteranoen Egun Nazionalean, Arlingtoneko hilerrian. (Chris KLEPONIS / EUROPA PRESS) Hauteskunde-kanpainan eta presidentetzan bizitakoak ezagunak dira gehienak, baina bere galbahe eta azalpenak erantsi dizkio Melaniak. Horietako lehena 2016ko konbentzio errepublikanoari dagokio. Trump presidentegai hautatu berritan, emaztearen hitzaldiaren txanda zen. Handik gutxira, Michelle Obamak egindakoaren plagioa zela agerian geratu zen. Bere lantaldearen hanka-sartzea izan zela dio, «behar bezala ez ikertzeagatik», eta horrek «traizio-sentipen sakona utzi zidan». «Hasieran ez nuen sinetsi nahi izan, baina gertutik begiratuta, antzekotasunak ukaezinak ziren. Horretaz ohartzeak aurretik inoiz ez bezala kolpatu ninduen. Atzera begira, ohartzen nintzen gehiegi utzi nuela besteren esku berebiziko langintza honetarako». Etxe Zurira ohi baino beranduago joan zen bizitzera, senarrak 2017ko urtarrilean kargua hartu eta ia urte erdi beranduago. Lehen arrazoia semeak ikasturtea amaitzea zen, baina liburuan Obamatarrei egozten die ardura, hauteskundeen ostean ez zutelako haiekin harremanetan jartzerik izan, etxean behar bezalako konponketak egiteko. Monarkiak eta Israel Donald Trumpen lehen bidaia Saudi Arabiara izan zen, Salman erregearekin elkartzeko. «Ohartarazi zidaten ez zela ohitura musulmana emakumeei eskua ematea, erregeak agian ez zidala kortesia hori egingo. Baina elkartu ginenean, nire eskua hartu ez ezik, musu eman zidan. Etorkizun handiko hasiera zen hura!». Gertaera haren irudirik ez badago ere, Donald Trumpek gauza bera errepikatu zuen 2018ko agerraldi batean. Britainiar monarkia ere aipatzen du. Elizabeth erreginarekin «benetan konektatu» zutela dio, eta Charles erregearekin egun ere harremanetan daudela. «Oraindik ere idazten diogu elkarri». Beste une batean, behin eta berriz errepikatu den irudi bat azaltzen du Melaniak: Israelen, hegazkinetik jaitsita senarrari eskua eman ez eta hura saiatzean alde egin zionekoa. Azalpenean dioenez, protokoloak zioen Netanyahu eta Donald Trump elkarrekin joan behar zirela hizketan, eta bien emazteak segidan. Baina israeldar lehen ministroa emazteari eskua emanda zihoanez, AEBetako presidentea ere gauza bera egiten saiatu zela dio presidenteak. «Ez zegoen laurontzako lekurik alfonbra gorrian, eta leun urrundu nuen senarraren eskua. Lehen ministroarekin eta haren emaztearekin oinez jarraitzen utzi nion, nik urrats bat atzera eginda, ondo nindoan. Keinu txiki bat izan zen, ez besterik». Beranduago, senarrak elkartuta Sara Netanyahurekin batu zenean, hark esan omen zion «hedabideek gorroto gaituzte, baina jendeak maite gaitu». Melaniak berehala egin omen zuen alderaketa, eta erantzun zion: «Hori dugu amankomunean». Umeak bereizi Immigrazioaren aurkako neurri gogorrenen artean, Mexikotik legez kanpo AEBetara sartzen ziren familietako haurrak gurasoengandik bereiztea izan zen latzena, 2018ko apirilean. Protesta ugari izan ziren, eta gaiak erabat «ezustean» harrapatu zuela dio Melaniak. «Ez nuen politika horren berri inondik inora». Memorietan dakarrenez, haren berri izan eta berehala esan zion senarrari, «hau amaitu egin behar da». 2018ko ekainean presidenteak politika haren amaiera iragarri zuen. «Ulertzen ditut herrialde honetan bizitza hobe baten bila ari diren guztiak. Neu ere immigrantea izanik, sakon-sakon ulertzen dut estatubatuar bihurtzeko legezko prozesu nekagarri bezain beharrezkoa. Muga zorrotzen aldekoa naiz, baina mugan gertatzen ari zena onartezina zen eta sinesten nuen guztiaren aurka zihoan». Melaniak dioenez, tarteka izaten zituzten desadostasunak nahiago zuen «senarrarekin era pribatuan» eztabaidatu publikoki egin baino. Abortuari buruz Donald Trumpen eta haren jarraitzaileen iritzietatik urruntzen bada ere, eta haurren bereizketaz senarrari gaztigatu arren gaizki zegoela hura, oro har gainerako gaietan Melania Trump bat dator presidente ohiak esandakoekin. Hori adierazteko senarraren tonu zakarra baino leunagoa darabil, antzeko gauzak esateko. Horren adibide argiena 2020ko hauteskundeetan eta hurrengo bi hilabeteetan gertatutakoa da. «Erabateko nahasmena izan zen. Ez naiz emaitzak zalantzan jartzen dituen bakarra», dio Melaniak. Baina emaitzak onartzen ez dituzten guztiak, praktikan, Trumpen gezurrak eta salaketa faltsuak sinetsi dituzten errepublikanoak dira. Donald Trumpek hauteskundeetarako errepublikanoen hautagaia izateko izendapena onartu zuen pasa den uztailaren 18an Milwaukeenen egindako konbentzioan. (Carol CUZY / EUROPA PRESS) Hauteskunde egunetik bi hilabetera presidente ohiaren jarraitzaileak Kapitolioan oldartu zirenean isilik geratu izana ere justifikatzen du. Argudiatzen duenez, lehen dama «ez zen jakitun» gertatzen ari zenaren neurriaz. «Detaileen berri eman izan balidate, bistan da, berehala salatuko nukeen Kapitolioan jazo zen indarkeria». Funtsean, bat dator Donald Trumpen salaketarekin, baina ez du esaten hauteskundeak «ostu» zituztenik edo «iruzurra egon» zenik. Liburuaren amaieran, azken asteotako gertaerak ere jasotzen ditu, uztailean Pennsylvaniako Butler hirian bere senarraren aurka egindako hilketa-saiakera tartean. Lehen dama ohiak ia ez du hauteskunde-kanpainan parte hartu, eta uztailaren 13an ere ez zen ekitaldian izan. New Jerseyko etxaldean zegoen egun hartan. «Kaosa gailentzen ikusi nuen: tiroketa, Donaldek instintiboki buruari heltzea, eta zerbitzu sekretuen berehalako erantzuna hura babestuz». «Eternitate itxura» izan zuen tarte baten ostean, senarrarekin hitz egitea lortu zuen. Gertatutakoa, eta senarra bizirik irtetea, «mirari hutsa» izan zela dio. Semeagatik kezkatu zen bereziki, hura ere telebistara begira baitzegoen. «Donalden aurpegia odoletan agertzen zen bakoitzean, nire buruari gogorarazten nion berarekin hitz egin berri nuela». Hauteskunde-kanpainan eta presidentetzan bizitakoak ezagunak dira gehienak, baina bere azalpenak erantsi dizkio. Horietako lehena 2016ko konbentzio errepublikanoari dagokio Donald Trumpek esan du emazteari bere iritzia libreki emateko aholkatu ziola. «Hitz egin dugu gaiari buruz», adierazi zuen Melaniak. «Eta esan nuen, sinesten dudana idatziko dut» Pasarte ezagunena abortuarena da. Liburuaren amaiera aldera ageri diren hamabi paragrafo baino ez dira. Emakumeen «askatasun pertsonalerako» eskubidea aldarrikatzen du Modelo zela iritsi zen artean Melania Knaus zena New Yorkera. Hantxe ezagutu zuen 24 urte zaharragoa den Donald Trump 1998ko irailean, Fashion Week modaren astean «Lur jota geratu nintzen. Argi nuen ez zeukala interesik autismoari buruzko kontzientzia pizteko. Semeari eraso egiten ari zitzaiola sentitu nuen, ez zuelako gustuko nire senarra» «Ni ere immigrantea izanik, sakon-sakon ulertzen dut estatubatuar bihurtzeko legezko prozesu nekagarri bezain beharrezkoa», adierazi du Melaniak bere liburuan