2024 URR. 26 Goizetik txigortuta Itzea URKIZU ARSUAGA Zientzia bat da tostadak bere puntuan txigortzearena; konfiantzazko harremana eskatzen du ogi-motaren, txigorgailuaren eta gosaltiarraren artean. Plazer txiki bat ere bada, gosariko gainerako gauzak prestatzen dituzun bitartean, txigortze horren lehen zantzuak usaintzen hastea, harik eta gailuak, susto txiki bat emanez, bere lanak amaitu dituela jakinarazten dizun arte. Nahiago nuke txigorgailuarenak balira goizetako ezusteko bakarrak. Gurean, beste askorenean bezala, goiz guztiek baitituzte pieza berberak -pijamak, gosariak, hamaiketakoak, motxilak, galtzerdiak, musu-garbitzeak, arropa jakin baten aurkako konplotak, azken orduko kakagurak-, puzzlea sekula berdin ateratzen ez den arren. Zuk josi dezakezu, bezperako gauean, biharamunerako planik errealistena eta zuhurrena, baina, kasurik gehienetan, ahalegin antzua izango da: beti gertatuko da zerbait, zuhurtzia gainbaloratuta dagoela berresteko. Eta, ogiaren txigortze-puntuarekin bezala, hemen ere bada zientziarik, ekuazio bat beti: zenbat eta goizago esnatu haurrak, orduan eta beranduago iritsiko zara. Tira, halako batean irten gara. Seme zaharrenaren hanka laburrek senez markatuko luketena baino askoz ere erritmo biziagoan goaz eta, hala ere, ez da kexatzen. Zubitik begiratzen diot Oria ibaiari, goizetan bereziki eder egon ohi denari: arnasa sakon hartzeko baliatzen dut begirada, goizetan naizen presaren pertsonifikazio honekiko enpatia bila-edo. Paradoxikoki, erlojuak alferrikako dira eszenatoki kronometratu honetan: bidean topatzen dudan jendearen arabera, badakit garaiz ala larri ote nabilen, eta nire egonarria ere horrek erregulatu ohi du. Bat-batean, azken txanpan semeari animoak ematen ari naizela, galdera bat: «Amatxo, gu ez gara inoiz hilko? Nik hemen bizi nahi dut hiltzen naizen arte». Eta pentsatu dut nor ote naizen ni lau urteko haur bati heriotza zer ote den azaltzeko, sarri bizitza bera sosegu gehiagoz digeritzeko talenturik ez baldin badut. •