2024 URR. 26 OHITURAK BERRITU Lehengo errituak gaurko haurren plazetara ekartzen ari da Gau Beltza Gure aitona-amonek ez zuten Halloweenen distirako Gau Beltzik ospatzen. Baina arimak gerturatzen ziren egunetan, bihurrikeriak egiten zituzten kalabazekin. Gaztainak elkarrekin jateak komunitatea josten du; iluntasuna jolaserako plaza ederra da eta puska biltzea, herria egitea. Badira nahikoa oinarri erritu berriak eraikitzeko. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Amagoia Mujika Gero eta herri gehiagotan antolatzen da Gau Beltza. Jaia indar handiz eta abiadan ari da zabaltzen azken urteotan. Dagoeneko 2017. urtean, gertatzen ari zenaren gainean jarri zuten fokua Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek eta ikerketa etnografiko bat abiatu zuten. Orduan herri gutxi batzuetan ospatzen zen Gau Beltza. Geroztik, gero eta bazter gehiagotara zabaltzen ari da. «Ikusten genuen urriaren 31 eta azaroaren 1aren bueltan mugimenduak gertatzen ari zirela. Haurrak ginenean hilerrira joaten ginen Santu Guztien Egunean loreak jartzera. Erritu kristau bat zegoen hor, familiarekin elkartu, bazkaldu, hildakoak gogoratu. Hori desagertu egin zen, bat-batean ez zegoen. Bitartean, ikusten genuen Halloween ari zela zabaltzen kaleetan. Eta beste mugimendu bat ere bazegoen; gure aitona-amonek kontatzen zuten ume garaian kalabazak hustu eta bide bazterrean uzten zituztela, barruan kandelak jarrita, jendea beldurtzeko. Bihurrikeria bat zela kontatzen ziguten, umeen gauzak», hasi du azalpena Ozaitak. «Oso osagai bereziak zituen fenomeno bat ari zen gertatzen; umeak ari ziren ospatzen, beren kontura, aurretik ezer antolatu gabe... Ikerketan haurrekin egon ginen, beren ahotsa eta iritzia jasotzeko. Eta adinekoekin ere egon ginen, haiek haurrak zirenean zer eta nola ospatzen zuten jakiteko». Ikerketa horretan zenbait elementu agertu ziren mahai gainera. Urriaren 31n, azaroaren batean eta azaroaren bian, arimak etortzen omen ziren bisitan euskal bazterretara. Etxeko denak aztoratzen zituzten bisitariek, helduek jatekoa eta edatekoa prestatzen zuten, hilerriak txukuntzen, hildakoak oroitzen. Haurrek, heriotzaren inguruko ikarazko ke horretan, bihurrikeriak egiten zituzten. Sasoikoak ziren kalabazak lapurtu, hustu, piztutako kandelak jarri barruan eta bide bazterretan uzten zituzten, iluntasunean bideak ibiltzen zituztenak xaxatzeko. Eta orduko iluntasunak ez zeukan gaurkoaren antzik. Euskal Herriko bazter askotan aparte zeuden baserrietako bideak benetan beltzak ziren, egiatan ilunak, eta ikaratzeko modukoak berez. Are gehiago arimak inguruan zebiltzanean eta kalabaza bihurriak bide bazterretan. Hori zen giroa. Euskal Herriko jaiak bi garaitan bereiz daitezke: udako festak eta neguko festak. Josu Ozaita antropologoak azaldutakoaren arabera, «udako festak kanpoan egiten dira, kanpoko jendea etortzen da herrira, harremanak sortzen dira barrutik kanpora. Neguko festak, aldiz, barrura begirakoak dira, herri horren festak, komunitatearenak». Giro horretan egin izan da herri askotan puska biltzea edo eske erronda. Etxez etxe, baserriz baserri, joaten dira herriko gazteak eta horietan emandakoa biltzen dute; jatekoa, dirua... denetarik. Eta gero, bildutakoa komunitatean partekatu eta gozatzen dute. Gaztainek ere indar sinboliko garrantzitsua daukate. Neguko gozokiak dira eta Euskal Herrian gauza asko ospatu izan dira elkarrekin gaztainak jaten, komunitatean. «Gaztainak jatea arimak batzeko modu bat ere bazen. Danbolinaren inguruan bildu eta gaztainak jan komunitatean», azaldu du Ozaitak. Herri batzuetan beste erritu bat ere egiten dute, norberak bere beldurrak idatzi paper batean eta danbolinaren su horretan erre, paperak eta beldurrak. Ikerketan jasotako informazioa “Itzalitako kalabazaren berpiztea” liburuan jaso zuten Ozaitak eta Altunak. Horrez gain, Ozaitak berak “Gau Beltza” izeneko haurrentzako ipuina argitaratu zuen, «ikerketaren emaitza haurrei itzuli nahi genielako». Marrazkiak Joseba Larretxerenak dira. Ohiturak gaurkotzea Kalabazak bide bazterrean, puska biltzea, gaztainak komunitatean jatea, beldurrak sutan erretzea eta iluntasuna. Badira nahikoa adreilu ohitura bat eraikitzeko, berrinterpretatzeko. «Euskaldunok askotan gure ohiturak aspaldikoak direla justifikatzeko beharra daukagu, gu ere aspaldikoak garela frogatzeko bezala. Gure buruari askatasuna eman beharko genioke ohiturak moldatzeko, gaurkotzeko eta berriak sortzeko», iritzi dio Josu Ozaitak. Itsasuko haurrak, Gau Beltza ospatzeko prest. (Guillaume FAUVEAU) «Guk ikerketa honetan ikasi dugun gauzetako bat da ohiturak bizirik daudela, une oro mugitzen eta moldatzen ari direla. Ohitura bat ez da fosil bat. Beti dago mugimenduan; jendartea aldatzen da, eguraldia aldatzen da, antolatzaileak aldatzen dira… Tradizio batek beharrezkoa du mugimendua. Tradizio bat zerbait estatikoa bezala ulertzen baduzu, orduan sortzen da arazoa; horrek tentsioak sortzen ditu edo ohitura desagertu egiten da. Eta, bigarrenik, ikerketan landa-lana egiten aritu ginenean, herriz herri joaten ginenean, asko errepikatzen zen ideia zen “berreskuratzen” ari ote ginen, gure aitona-amonek egiten zutena berreskuratzen edo. Duela hamarkada batzuk ez zegoen Gau Beltza izeneko festarik. Kalabazarekin jolasten ziren bihurrikeria moduan, baina errealitatea desberdina zen oso. Garai hartan umea izatea desberdina zen, eta baita jolasa bera ere. Horregatik, gehiago gustatzen zaigu esatea berrinterpretazio bat dela, berrasmatze bat. Euskal tradizioko elementu batzuk berrinterpretatu edo gaurkotu egiten ditugu. Erakargarriak izan nahi badugu, tradizio berriak asmatzea gauza ederra da, eta Gau Beltzak hori dauka, komunitatea biltzen duen festa ederra izan daiteke», jarraitu du antropologoak. Heriotza eta errituak Santu Guztien Egunetik Gau Beltzera, hor azpitik doan erreka baten oihartzuna sumatzen da: heriotza. Gure jendartean gai tabu bihurtuta dago eta urte gutxitan aldaketa handia gertatu da heriotzari begiratzeko moduan. «Ikerketa egin genuenean, adinekoekin eta haurrekin egon ginen. Heriotza bizitzeko bi modu oso desberdin identifikatu genituen. Adinekoek gogoratzen zuten lehen hildakoa bi egunez etxean egoten zela, hilkutxa etxean bertan, gela batean. Eta bertan egiten zela gaubeila. Finean, hildakoa etxean zaintzen zuten lagunek, senideek, bizilagunek... Baserrietan hilbideak izaten ziren, bide sakratuak. Hilkutxarekin bide hori egiten zen eta beti garbi egon behar zuen. Auzolanean zaintzen ziren bide horiek. Garbi eta txukun egon behar zuen hilbideak, inoiz ez zekitelako heriotza noiz etorriko zen. Prozesioa hildakoarekin kaleetan egiten zen. Kristau erlijioak errituak oso markatuak dauzka. Sekularizazioarekin, horrek bere indarra galdu du. Ez baduzu ezertan sinesten, erritu horiek zentzua galtzen dute», agertu du Ozaitak. Haurrei ere galdetu zieten heriotzaz. «Erantzuna, isiltasuna. Gai tabua da gaur egun. Hildakoa ez da etxean egoten, beilatokian egoten da. Herritik aparte daude beilatokiak. Gure bizitzatik atera nahi dugu heriotza, lehenbailehen amaitu nahi dugun tramitea da. Ez daude errituak antolatuta horren inguruan hori dena kudeatzeko». Ozaitaren ustez, jendarte bezala gabezia bat daukagu. «Heriotza kudeatzeko erritu berriak sortu beharko genituzke. Mundu guztian dagoen kezka bat da. Heriotza hor dago eta gizarte guztiek kudeatu beharreko gaia da. Ez baduzu kudeatzen erritu bidez edo, min hori barruan geratzen da eta norbanakoaren arazo bihurtzen da. Erritu kolektiboak izatea garrantzitsua da. Dolua kudeatzen laguntzen du». Josu Ozaita, Baliarrainen egindako elkarrizketan. (Gotzon ARANBURU / FOKU) Erritu zaharrak baztertu egin dira, baina ez dira berriak sortu. «Heriotza indibidualki kudeatu beharrean sozialki kudeatzeak badauka bere garrantzia. Buelta bat eman beharko genioke. Errituek ez badute funtzionatzen, kentzea ondo dago, baina berriak sortu behar dira, garrantzitsua da hori», nabarmendu du Ozaitak. Garai bateko ohiturak dira, adibidez, ogia jartzea hildakoaren ondoan, beste mundurako bidaian zer jana izan dezan; leihoak irekita uztea lasai joan dadin; ispiluak tapatzea arima ez dadin bere islarekin ikaratu... «Kristau erlijioak baditu ohitura batzuk eta horietako asko aurretik zeudenak dira. Sinkretismoa esaten zaio horri. Ez dira kristau erlijioaren ohiturak berez, bereganatu egin ditu», dio Ozaitak. Ospakizunaren jatorria Santu Guztien Egunaren jatorrira joanez gero, kristau erlijioak bere egindako jai baten zantzuak suma daitezke. «Jatorrian Samhain festa dago, zelta. Gehienak artzainak ziren. Udara mendian pasatzen zuten eta negurako herrira jaisten ziren, data hauen inguruan. Eta hor baziren trantsizioko hiru egun, udaratik negura pasatzeko hiru egun, eta horietan hildakoak oroitzen zituzten. Urriaren 31, azaroaren 1 eta 2. Hildakoek presentzia zeukaten egun horietan. Kristau Erlijioak VIII. mendean erabaki zuen Santu Guztien Eguna azaroaren 1ean jartzea». Josu Ozaitaren ustez, garrantzitsua da jatorria ezagutzea eta berrinterpretatzea. Esaterako, Samhain festa irlandarrek eta ingelesek eraman zuten Amerikako Estatu Batuetara, bertara egindako migrazio olatuan. «Hasieran komunitateko festa bat zen, ingelesena eta irlandarrena, diasporako festa bat. XX. mende hasieran AEBetako Gobernuak erabaki zuen festa nazionala bihurtzea. AEBak migrazio herrialde bat ziren eta komunitatea indartzeko eta herri bezala indartzeko beharra zeukaten. Horregatik erabaki zuen Halloween festa nazionala bihurtzea». Behin Halloween festa nazional izendatuta, hori zabaltzeko makineria guztia jarri zuten martxan; eskolako curriculuma, telebista, marrazki bizidunak, denetariko produktuak... Kapitalismoaren, kontsumismoaren eta globalizazioaren olatuan zabaldu da gerora mundu guztian, baita Euskal Herrian ere. Itsasuko Gau Beltzaren beste irudi bat. (Guillaume FAUVEAU) «Euskal Herriko toki askotan gertatzen ari dena fenomeno polita da. Berrinterpretazio bat gertatzen ari da. Gau Beltzak baditu haurrentzat erakargarriak diren ezaugarriak; iluntasuna, gaua, lagunartea, gozokiak edo gaztainak biltzea... Garrantzitsua da Gau Beltzean haurren ahotsa kontuan izatea. Beren iritzia jasotzea, beraiek izatea antolatzen dutenak. Gau Beltzak hobeto funtzionatuko du haurrekin batera antolatzen bada», iritzi dio Ozaitak. Bada beste tasun garrantzitsu bat: komunitatearen festa da. «Halloween talde txikietan ospatzen da. Baina Gau Beltzean komunitateak parte hartzen du, adin guztietako haurrek. Garrantzitsua da zentzu hori zaintzea». Josu Ozaita Ibarrakoa da, baina Baliarrainen bizi da. Bertan Gau Beltza antolatzen da azken urteotan, komunitateko festa ederra. Baliarraingo adibidea Baliarraingoa izan daiteke, beraz, Gau Beltza ospatzen duten herrien lagin bat. Plana, honakoa. Urriaren 31n, arratsaldeko 18.00 inguruan, plazan bildu. Danbolinean gaztainak erre eta elkarrekin jan. Paperean norbere beldurrak idatzi eta sutara bota. Kanpaiak jo, herriko farol guztiak itzali eta kalabazak jarri bide bazterrean. «Ilunduta dagoenean, kinkekin, kandelekin eta linternekin etxez etxe ibiltzen gara. Jatekoa biltzen da traktorean eta elkartean jaten da bildutakoa taldean, komunitatean». Etxez etxeko puska biltzean, herriko haurrek erabakitako esaldia esaten da: «Txingili, txangili, txango. Gau beltza beltzago. Kalabazak argituko. Jana eman arte ez gara joango». «Euskaldunok gure ohiturak aspaldikoak direla justifikatzeko beharra daukagu. Gure buruari askatasuna eman beharko genioke ohiturak moldatzeko, gaurkotzeko eta berriak sortzeko» «Ohitura bat ez da fosil bat. Beti dago mugimenduan; jendartea aldatzen da, eguraldia aldatzen da, antolatzaileak aldatzen dira. Tradizio batek mugimendua behar du» «Heriotza indibidualki kudeatu beharrean sozialki kudeatzeak badauka bere garrantzia. Errituek ez badute funtzionatzen, kentzea ondo dago, baina berriak sortu behar dira» «Gau Beltzak baditu haurrentzat erakargarriak diren ezaugarriak; iluntasuna, gaua, lagunartea, gozokiak edo gaztainak biltzea... Haurren ahotsa kontuan izan behar da»