2024 URR. 26 Zaldien lehen azokaren atarian, amets bat, zergatik ez euskal odolgarbi bat? Igande honetan Zornotzan zaldi-hazleei eskainita estreinatuko den Zaldialdiaren bezperatan, arraza autoktonoen ondoan kirol zaldietan jarri duten azpimarrak jakin-mina piztuta, kuku bat egin du GAUR8k zaldien munduan. Ateak parez pare irekita dituen merkatu zabal bat marraztu dute kirol arloan, eta hori esploratzeko unea dela diote. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. Nerea Goti Zaldien sektoreak bere lehen azoka izango du igande honetan (urriak 27) Zornotzan, Jauregibarriako parkean. Hitzordu berezia da hainbat ikuspuntutatik begiratuta, hasteko oso ezaguna ez den mundu baten erakusleiho zabal bat izango delako. Antolatzaileek eurek nabarmendu dute azoka elkarte eta federazioen elkarlanaren emaitza dela, profesionalen lana erakutsi eta balioan jartzeko. Arreta ematen dute deialdiak biltzen dituen beste berezitasun batzuek, zaldien hazkuntzak har ditzakeen bide ezberdinekin lotuta daudenak. Euskal arraza autoktono ezagunen ondoan, esaterako, abere azoketan hain ohikoak izaten ez diren kirol zaldiak ere egongo dira, eta horrelako formatuko azoketan gutxitan ikusten diren zenbait erakustaldi eskainiko dituzte osagarri modura. Nazioarteko epaimahaikideek kirol zaldiei egingo dizkieten balorazio morfofuntzionalak edo pottokek burutuko dituzten erresistentzia oztopo jauziak dira horren adierazle. Zaldialdiaren estreinaldiak 120 animalia baino gehiago jarriko ditu ikusgai, «horietako asko salgai, eta horien artean haragitarako zaldiak, erresistentzia eta jauzi txapelketak irabazitakoak, pottokak, Enkarterriko astoak edota mendiko zaldiak». Aldaketetako bat da hori. Orain arte zaldi hazleak nekazaritza eta abeltzaintzarekin lotutako azoka ugariren parte izan badira ere, protagonista bakarrak izango dira bihar. Jauzi hori eman nahi izan dute antolatzaileek biharkoa bezalako azoka batekin, sektorearen erakusleiho espezializatu bat eskainiz eta fokua zaldiaren munduak aurrerantzean dituen aukeretan jarriz. Deialdiaren bezperatan, sektorearengana jo du GAUR8k lehen azoka hori antolatzera eraman duten zergatiez, helburuez, gogoez... hitz egiteko eta bizi duten egoeraren argazki zehatzago bat izateko. Izan ere, lehen begi-kolpean burura etor daitekeena baino askoz anitzagoa den eremu bat dela ondorioztatu dugu, eskema tradizionaletik harago joan nahi duen sektore bat, haragiaren ekoizpenaz aparte aukera leiho handiak ikusten dituena, batez ere kirol arloarekin lotuta. Amets bat ere agertu da: «Zergatik ez Euskal Herriko odolgarbi bat?» Zornotzan bertan egin dugu hitzordua antolakuntzan eta mundu horretan diharduten Osertz Lejarreta eta Jon Alberdirekin. Bertan du bigarrenak zalditegia, Kati-Bi, orain semearen ardurapean dagoen ustiapena. Ibiltzeko zaldiak dituzte han, propioak gehienak, eta baita beste ugazaba batzuenak ere, zalditegian gorde eta zaintzen dituztenak. Zaldi gaineko ibilbideak eta ekitazio eskolak eskaintzen dituzte bertan, pottoken arrazaren lanketan dabiltza aspalditik. Kirol zaldi-hazleen figuran zentratu dute mezua, eta jarduera horrek izan dezakeen proiekzioa nabarmendu dute solaskide biek. Elkarrizketatik ez oso urrun, istorio honen beste protagonista nagusiak daude begira. Hesiaren beste aldetik elkarrizketatuei adi begira jarri dira hurbilen dauden zaldiak, itxura ederrekoak, belarriak tente, haiek hizpide diren jakin eta solasaldia entzun nahiko balute bezala. Kamerari ere ez diote ihes egin, begi aurrean tramankulu beltz horretatik begiratzen dien argazkilariarengana gerturatzen dira. Azoka antolatzeko helburuekin hasi dugu solasaldia. Osertz Lejarreta Zaldialdia azokako koordinatzailea da. Nabarmendu du euskal elkarte eta fundazio ezberdinak biltzeko eta lanerako dituzten arraza ezberdinetako zaldiak erakusteko baliatu nahi dutela hitzordua. Duela urte batzuk hasitako ibilbide baten barruko beharrezko urrats berri gisa definitzen du biharkoa. Osertz Lejarreta eta Jon Alberdi, Zaldialdia lehen zaldi azokaren antolatzaileak, zalditegian bertan. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Gogoratu duenez, 2016an sortu zuten kirol zaldien elkartea. «Helburua zen lehen sektorean kirolerako zaldiak errekonozitu ahal izatea. Lorraren bitartez azterlan sakon bat egin genuen, haragitarako zaldiak edo Enkarterriko astoak dauden moduan kirol zaldiak ere egon zitezen, zeren apur bat aparte egon dira. Orain egiten duguna da denak batu eta errekonozitu hazle guztiak, nahi dutenak zaldi mundutik bizitzen hasi edo lehendik daudenak baina ezin izan dituztenak aukerak edo laguntzak erabili», dio. Sektoreak duen pisu ekonomikoa ere nabarmendu du: «2022ko datuak hartuta, 8.500dik gora dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden zaldi esplotazioak. Esplotazio bakoitzak bere zaldi motak ditu, eta guztien artean, 27.200 zaldi inguru dira. Zaldien munduak 40 milioi euro uzten du BPGan». Zifren atzean, halere, sektore isil bat dagoela esan liteke, ezagunagoak diren arraza autoktonoen aldeko lanarekin alderatuta, behintzat. Errealitatea, berriz, aukera ugari eskaintzen dituen eremu zabal batetik gertuago dago, diotenaren arabera. Hitz egiten hasi eta bistakoa da sektoreak duen izaera anitza da, azokan bertan ikus daitekeenez. Sektoreko profesional ezberdinen ordezkariak diren lau erakundek batu dituzte indarrak Zaldialdiaren lehen edizioa egia bilakatzeko: Euskal Herriko Kirol-Zaldi Elkartea (BCSH), EAEko hiru herrialdeetako elkarteak biltzen dituen Euskal Herriko Mendiko Zaldi Arrazaren Federazioa (EHMEZAFE), Euskal Herriko Mendiko Zaldia “Pottoka” (EPOFE) -Euskadiko Pottokazaleen Federazioa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hazleen elkarteak biltzen dituena) eta Enkarterriko Astoa arrazaren Hazleen Federazioa (ENAFE). Arraza ezberdinak eta oso erabilera ezberdinak biltzen dituen sektorearen aurrean gaude eta, hala ere, imajinatu baino askoz gehiago dute amankomunean. «Zaldi motak oso diferenteak dira, baina ez hazkuntzaren lehenengo fasean, animalia jaiotzen denetik hurrengo pausoa eman arte, erabilera bat edo beste bat izan arte: kirolerako, haragitarako, paseoak egiteko... lehenengo lauzpabost urteak berdinak dira. Janaria, zaintza eta animalien ongizatearen aldetik egin beharreko lana berdina da, nahiz eta gero, segun eta zertarako hazten duzun, zaldi bakoitzari irteera ezberdin bat emango zaion eta zaldi arraza zehatz batzuk erabiliko diren», zehaztu du Lejarretak. Indarrak batzearen beharra Sektorearen erakustaldi handi bat sortzeaz gain, indarrak batzeak duen garrantzia azpimarratu dute: «Hori da lortu nahi duguna, bat egitea zaldien sektorean. Ez bagara elkartzen ez dugu ezer lortuko eta baditugu datuak erakusten dutenak momentu honetan zaldia oso inportantea dela Euskal Herrian», planteatu du Alberdik. Orokorrean, jende gutxi dago zaldira bakarrik dedikatzen dena, baserri munduan beste animalia batzuen hazierarekin uztartuta baitaude zaldiak. Azken urteetan, zaldiak landak garbi mantentzeko mantendu dira neurri handi batean. Irudian, Zornotzako Kati-Bi zalditegian dagoen zaldietako bat. Arraza ezberdinetako aleak biltzen ditu jarduerak, erabilera ezberdinak uztartuz. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Lejarretak eta Alberdik dauden aukera ezberdinak jarri dituzte mahai gainean, sektoreak horretarako dituen indarguneak azpimarratuz. Diotenez, begirada aldatzea izan daiteke gakoetako bat, eta Euskal Herriak kirol zaldien hazierarako baldintza on ugari dituela adierazi dute, Britainia Handiak, Estatu frantsesak edo Belgikak erakusten duten jardueraren parean jartzeko modukoak, baina horiengandik urrun oraindik. Azokako koordinatzaileak gogoratu du zaldien hasierako urteek behar duten haziera hori ardatz hartuta lortu zela jarduera lehen sektorean sartzea, eta hori duela gutxi izan zela. Berretsi duenez, berdinak dira baldintzak hazle guztientzat, beste gauza bat da lehen lauzpabost urte horietatik aurrera zaldiak izango duen aktibitatea. Adibidea jarri du: «Zaldiak ez dira hemen [zalditegia] hazten, beste leku batzuetan daude, mendian, baserrian..., libre. Zeren, gainera, ona da eurentzat libre egotea. Behin bezatua izan ondoren beste jarduera batzuk egiteko moduan egoten da animalia, baina hasiera berdina da». Gaineratu duenez, aukera leiho ezberdinak daude lan berberarekin: «Basoko zaldien hazkuntzaren xede nagusia haragitarako saltzea da; kirol zaldien kasuan, ordea, oso kirol ezberdinak izan daitezke». Jarduera dibertsifikatzeko aukerarik baden galdetuta, argi diote posible dela, adibidez, arraza ezberdinak uztartzea. «Guk pottokak ditugu -jarri du adibide gisa Alberdik-, hemen jaioak, haziak eta heziak dira, eta pottokak ere sartu ahal dira kirol munduan. Hemen umeek zaldiz ibiltzen ikasten dutenean pottokekin ikasten dute. Hasieran prozesu berdina jarraitzen dute; hazten dira basoan, landan... eta kirol zaldia izango bada, gobernatze on bat egon behar da, selekzioa egon behar da, izaera onekoa izatea kontuan hartzea... batez ere jendearekin ibili beharko duelako, kasu honetan jende gaztearekin». Zornotzarraren iritziz, dibertsifikazioa berez sortuko da, eta esplotazio berean, «ale batzuk izango dira arraza gordetzeko, landak garbi mantentzeko..., eta beste batzuk kirol munduan aritzeko». Zaldialdiaren beste helburuetako bat aipatu du Lejarretak: «Apur bat demostratzea pottokak landak garbi mantentzeaz aparte kirolerako balioa ere baduela, ibilbideak egiteko, zaldi-turismoa egiteko..., eta esplotazio berdinean mota ezberdineko zaldiak egon daitezkeela, batzuk gauza baterako eta beste batzuk beste erabilera baterako, guztiz bateragarriak direnak». Kirolen munduaren aukerak Zaldialdia azoka deitzeko, «etengabe hazten dabilen» sektore gisa aurkeztu dute zaldien hazierarekin lotutakoa, eta goranzko bilakaera hori batez ere kirol jarduerarekin lotuta dagoela aipatu dute. «Kirol zaldien barruan, kirol ezberdinak daude. Gure elkartean erresistentzia lasterketarako zaldi hazleak daude, oso denbora mugatuan kilometro asko egiten dituzten zaldiak, jausietarako zaldiak... eta horretarako, zaldi arraza ezberdinak daude. Gero, egon daitezke ibilbideak egiteko zaldiak, abiadura handiko zaldiak, hipodromokoak bezalakoak... diziplina asko daude kirolean, eta arraza ezberdinak», azpimarratu du. Osertz Lejarreta eta Jon Alberdiren beste irudi bat. (Jaizki FONTANEDA / FOKU) Alberdiren ustez, aukera asko ditu Euskal Herriak, gainera, mundu horretan lehiakortasun handia erakusteko. Agertokia oso zabala da hazlearen esanetan. Kontuan izan behar da, dioenez, zer-nolako lana egin den behien munduan, Pirinioetako arrazarekin, adibidez. «Desagertzeko arriskuan egon zen arraza da, lan handia egin da azken hamarkadatan, eta arriskua ezabatzeaz gain lehiakorrak dira nazioartean. Zaldien munduan lan hori guztia falta da. Lortzen bada horrelako lan bat egitea, Europako beste edozein herrialderen parean jarri ahalko gara, zeren momentu honetan uste dut posibilitate handia dagoela, kontsumo handia dago kirol zaldien inguruan, gero eta jende gehiago ibiltzen da zaldiz...». Klima, lurra edota ingurunea bera aipatu ditu Euskal Herriak betetzen ei dituen baldintza egoki horien gainean galdetuta, horrek eragin zuzena baitu zaldien hazkuntzan, adibidez, «zaldiak libre hazteko aukera asko dagoelako». Onenak aukeratzea da gakoa Agertoki oso zabal baten aurrean gaudela uste du zornotzarrak, eta bidearen zati bat egina dagoela azpimarratu du, «besteek egin duten hori jarraitzea» baino ez baita kontua: «Ingalaterran, Frantzian, Landetan... topera daude sartuta kirol zaldien hazkuntzan, lehiaketarako zaldiak saltzen ari dira... Eurek eginda daukaten lana jarraitzea baino ez dago, eta gauzak ondo egitea, aita eta ama txapeldunen zaldiak lortzea. Jendeak askotan larreak garbitzeko erosten du zaldi bat, baina ez du kontuan izaten zer jatorri daukan zaldi horrek eta zer aukera dituen, leku berean, gastu berarekin, zaintza berberarekin, errentagarritasun bat ateratzeko aukera dagoenean». Emearen eta arraren aukeraketan sakondu du Lejarretak: «Onenak aukeratu behar dituzu», ahaztu gabe genetikaren aldetik aukeraketa on batekin hasten dela dena. Arlo horretan merkatu handi bat dagoela aipatu du Alberdik, zaldien salmentaren bat telefonoz lotu dutela zehaztuz. Azpimarratu du ustiategi batean erabilera ezberdinak uztar daitezkeela: «Guztiz bateragarria da. Izan ere, gu horrela gabiltza. Izan dezakezu zaldi bat paseorako, baina ondoan eduki dezakezu beste bat produkzio baterako. Guk hazten ditugun zaldiak ez ditugu etxean edukitzen. Ezin dugu 8.000-10.000 euro balio duen zaldi bat etxean izan paseoetan erabiltzeko». Azpimarratu duenez, azokak dituen helburuen artean kirol jarduera aktibitatearen barruan sartzea ere bada, eta horren ondoan, Zaldialdia begiratzeko modua zabalduko duen «amets» bat izango da: «Euskal Herriko kirol zaldi bat sortzea, Euskal Herriko odolgarbi bat, liburu genealogikoarekin, kalitatezko berme guztiekin... Ez da erraza, baina egingarria da. Badaude arabiarrak, anglo-arabiarrak, espainolak..., zergatik ez euskal odolgarbi bat?» Hazle ezberdinak batzeko eta sektoreko profesionalen lana ikusarazteko hitzordua izango da biharkoa, baita aurrean dauden aukera-leihoak erakusteko modu bat ere Arraza autoktonoak babesteko urteetan egindako esfortzuaren ondoan, lehen sektorean duela gutxi sartu den kirol zaldien mundua ere egongo da Zaldialdian Kirolen mundurako hezitako zaldien hazkuntza jarduera dibertsifikatzeko bide bat izan daitekeela diote, esplotazio berean zaldi ezberdinen haziera uztartuz, adibidez Kirol zaldien hazkuntzak sektorean agertoki berriak zabaltzen dituela nabarmendu dute Osertz Lejarreta eta Jon Alberdi hazle eta Zaldialdiaren antolatzaileek Kirol jardueran fokua jarrita, gogoeta bat bota dute: «Odolgarbi ingelesa zer da? Behor autoktonoa, arraza garbiko zaldi arabiarrez estalia. Hemen arraza autoktonoak ditugu» Kalkulatu dute haragitarako direla animalien %90, baina diotenez, Euskal Herrian baldintza onak daude kirol zaldien merkatuan beste herrialde batzuen parean jartzeko