GAUR8 - mila leiho zabalik
EVEREST-EKO PIRATAK

Zortzimilakoaren hazkundean eragina duen «River piracy» efektua ikertu dute

Everest-en etengabeko hazkundearen inguruan hainbat ikerketa egin dira azken hamarkadatan. Baina ezezagunagoa da hazkunde horretan eragina duen «River piracy» faktorea; ibai baten arroak beste batena eraldatzea, alegia. Eta Eñaut Izagirre glaziologoak eman digu beste pista bat: Euskal Herrian ere gertatzen da.

Everest eta inguruko gailurren argazki panoramikoa. (EYESWIDEOPEN | GETTY IMAGES)

Everest bi plaka tektonikoren arteko talkaren ondorioz etengabe hazten ari dela jakina zen, baina ikerketa berri batek hazkunde horretan eragiten duen beste faktore bat ondorioztatu du: “River piracy” edo erreketako piratak. Ibai baten arroak beste batena eraldatzen du, bere urak erakartzeko. Arun ibaian gertatu zen, Tibeten, eta Nepalen dagoen Koshi errekaren arroa izan zen lapurra. Lapurreta horretan, milaka arroka tona eraman ditu gizaldiz gizaldiko higaduran, baina lurra bizkorra da, eta Everest igoarazten du, arroken masa galera hori orekatzeko. Errebote isostatikoa da. Planetak oreka bilatzeko duen berezko joera.

Lurra planeta duela 4.600 milioi urte sortu zen, eta gizakiok 80 bat urte irauten dugu bertan. Geologiaren handitasuna ulertzen saiatzeko zenbaki sinpleak dira. Naturaren erreinu erraldoian gizakiok zein txikiak garen onartzeko aproposak. Everest mendiaren altueraz ikerketa piloa egin da azken hamarkadatan, eta frogatuta dago munduko gailur garaienak etengabe hazten segitzen duela, oinarrian dituen bi plaka tektonikoen talkaren ondorioz: indiarra eta eurasiarra. Urtez urteko zenbaketa egingo bagenu, bi milimetro litzateke emaitza. Gizakioi bi milimetro huskeria iruditzen zaigu, noski. Eta egia da, oso kopuru txikia baita. Urte batean. Eta 1.000 urtetan? Ba bi metro. Artikulu hau irakurtzen ari zareten guztiok ez duzue Everest-en hazkuntza ikusiko, baina gertatuko da, aurrez ere hala gertatu baita. Everest-ek 8.848,86 metro ditu ofizialki gaur. Ehunka urte barru zenbaki hori biribilagoa izanen da, 8.850 metro.

Plaka tektonikoen talkak eragindako bultzadari egin berri den ikerketa zientifiko batek utzitako beste ondorio bat gehitu zaio: erreka urek, higaduraz, mendian behera arrokak hautsiz eramaten duen materiala orekatzen du planetak. Batek kentzen duena besteak jarri. Oreka. Nola? Everest gorantz bultzatuz. Zenbat? Plaka tektonikoek eragiten duten goranzko hazkuntza baino zenbaki apalagoa, baina Everest-en eta ondoko zortzimilakoen arteko garaiera diferentzia azaltzen duena. Arun ibaiaren higadurak Everest berari, Lhotseri eta Makaluri eragiten baitie. Makaluri, batez ere; hiru menditzar horien artean higaduragatik gehien hazten ari den mendia da.

Izan ere, inguruan dituen mendiak baino nabarmen garaiagoa da Everest, eta horrek erakarri du aspaldi ikerlari eta zientzialarien arreta. Lhotse dauka gertuen Everest-ek, 8.511 metrorekin munduko laugarren tontor garaiena, baina Everest baino 340 metro apalagoa da. Makalu ere ez dago urrun. 8.481 metrorekin, munduko bosgarren mendi garaiena da, Everest baino 370 metro apalagoa. Andeetan apalagoa da bost mendi garaienen arteko aldea, Alpeetan edo Pirinioetan bezala. Higaduraren ondorengo bultzadak hazkuntza gehigarriaren heren bat suposa dezakeela dio aipatutako ikerketa horrek.

Txina eta Erresuma Batuko geologoena izan da ikerkuntza, eta “Nature Geoscience” aldizkarian eman dute berri zehatza. Honatx ikertzaile taldeko Jingen Dai-k, Txinako Geozientzien Unibertsitateko geologoak, dioena: «Tibeten jaiotzen den Arun errekak Everest mendia altxatzen laguntzen du ‘errebote isostatikoa’ izeneko prozesu baten bidez». Zer ote da, baina, errebote isostatikoa? «Lurraren lurrazala gainazal zurrun baina malgua da. Azpian dagoen goi-mantuko material bigunago eta likatsuen gainean flotatzen du gainazal horrek, eta biek geosfera osatzen dute. Ibaiak higaduraren ondorioz mendietatik arroka kopuru izugarriak eramaten dituenean, gainazal flotagarri horri pisua kentzea bezalakoa da. Ibaien higadurak ezabatzen duen masa konpentsatzeko, masa gorantz bultzatuz erantzuten du geosferak, isostasia izeneko prozesuaren bitartez: oreka grabitatorioa ere esaten zaio».

Termino zientifiko samarrak argitze aldera, Eñaut Izagirre geografo, fisiko eta glaziologoarengana jo dugu argi printza apur baten bila. Ibaien higadura osteko errebote isostatikoaren efektua oso ezaguna zaio, glaziarretan ere prozesu hori gertatzen delako: lurrak izotz masa galera orekatzen du. Elgoibartarra Katalunia eta Pirinioen artean bizi da egun. Instituto Pirenaico de Ecologia-rentzat aritzen da lanean (egoitzak Jakan eta Zaragozan ditu), Cryopyr taldean. Aneto, Monte Perdido, Ossoue-Vignemale, Infiernos eta Posets-eko Llardana glaziarretan aritzen da, landa ikerketa egiten. Vignemale tontorrera bidean doala eman dizkigu orekaren inguruko azalpen aski interesgarriak: «Gure planeta oreka bilatzeko etengabeko jardunean murgilduta dago. Leku batean galtzen duena konpentsatzen saiatzen da, baina ez du inoiz lortzen, lurrean etengabeak baitira energia eztanda handiak. Izan lurrikarak, izan sumendien erupzioak, izan glaziarren urtzeak edo bestelako geologia gertaerak. Bizirik dago planeta, oreka betea ezinezkoa da».

Eñaut Izagirre, baliza batekin glaziar batean neurketak egiten.

«River piracy», ibai piratak

Ossoue glaziarrean Vignemale mendiko glaziarraren urteroko masa balantzea aztertu du drone, instrumentu moderno eta termometroekin, glaziarrak ordu oro nola erantzuten duen jakiteko. 2024a nahiko urte ona izan omen da glaziarrentzat, «elurra berandu egin zuelako udaberrian. Horrek babesa eman die udan glaziarrei, eta izotz galera askoz baxuagoa izan da». Arun ibaia eta Everest-en kasua aipatu dizkiogu, informazio bila, eta munduko gailur garaienean gertatzen denak ez du ezustean harrapatu. “River Piracy” terminoa ekarri du solasaldira berehala (ibai pirata).

«Geomorfologia munduan oso teoria ezaguna da ibai piratarena, eta ez da Nepalen bakarrik gertatzen, Euskal Herrian ere gertatzen da». Aho bete hortz utzi gaitu. Non gertatzen da, ba? «Gipuzkoan Deba ibarrak Urola ibarrari zati bat kendu zion Udana gainean, adibidez. Urola bailararen ur banalerroan nagusi dira arroka bolkanikoak, Karakate-Irukurutzeta, Murumendi eta Irimo mendietan. Arroka gogorrak. Arroaren ohea edo oinarria gorago du Urola ibaiak, Zumarraga edo Legazpi Beasain edo Bergara baino gorago baitaude. Deba ibaiko arroak ibai adarrak kentzen dizkio Urolako arroari. Hemen, gure txokoan ere gertatzen da ibai pirata efektua. Nepalen eta Himalaian baino neurri txikiagoan, noski».

Everest inguruan Arun eta Koshi ibaien arroak dira River Piracy teoriaren protagonistak. Arun ibaia, Bum-Chu izenekoa tibeteraz, Tibet-en jaiotzen da, Nyalan probintziako Gyatso herrian. Han, Everest eta beste mendietan behera datozen elur urak hartzen ditu, Rongbuk glaziar ezagunekoak tartean. Ur kantitate itzelak hartzen ditu, eta ekialderantz egiten du, leun-leun, 3.500 eta 4.000 metro artean.

Duela 89.000 urte, baina, geologia gertaera bat izan zen bertan. Koshi ibaiak, Nepalen, Himalaia mendikateko hego isurian, Arun ibaiaren arroa lapurtu zuen, eta ipar-hego norabidea hartzera behartu, bere jatorrizko norabidea mendebalde-ekialde izanik. Nola eta zergatik? Halaxe azaldu digu Izagirrek: «Koshi ibaiaren arroa Arun ibaiarena baino askoz handiagoa da, eta goi lurretako urei halako irteera azkarra eskaini zien Himalaia mendikatearen bestaldera. 35 km-ko zabalera txikian, Everest, Kangtxenjunga eta Makalu mendien magaletik pasatzen da Arun ibaia, munduko bost gailur garaienetatik hiru, eta munduko arroila sakonenetakoa zizelkatu du gizaldiz gizaldi, gailur handi horiek baino 5.000 metro beherago».

Eskalari erreparatzeko eskatzen digu Izagirrek: «Milaka urtetako kontua da, eta giza ikuspuntutik eskala da arazoa. Aldaketak ezingo ditugu gure begiekin ikusi, baina lurraren historian beste perspektiba bat eduki behar da. 89.000 urte munduaren bilakaeran, geologian, kokatuta, eskala ulergarriagoa da. Everest urteko bi milimetro hazten bada, 50 metro hazi da 89.000 urtetan. Teorian antzera segitu behar luke, baina akaso bilakaera hori eraldatzen duen geologia gertaeraren bat helduko da».

Arun ibaia Himalaia iparraldetik mendebalde-ekialde norabidean mugitu zen bitartean, Everest ondoko mendien neurri berean hazten zen. Plaka tektonikoen talkaren ondorioz. Koshi ibaiko arroak Arungoa bereganatu zuenean, Himalaia mendikatea txikitu zuen bidea egiteko. Arun ibaiak 700 metroko amildegia libratu behar izan zuen Koshi ibaiko arroarekin bat egiteko, 89.000 urte atzera, eta hausketa horretan sekulako arroka tona kopurua txikitu eta eraman zuen arroilan behera. Bere emaria ere ikaragarri handitu zen, bidea egiten zuen neurrian, eta zazpi edo zortzi aldiz biderkatu zen jatorrizkoarekin alderatuta. Pentsa ze indar zeukan ibaiak.

Deba eta Urola ibarren ibai-harrapaketa erakusten duen grafikoa. GAUR8

Ahots kritikoak ikerketarekin

Ikerketak ikerketa, badira txinatarrek eta britainiarrek plazaratu dituzten ondorioak zalantzan jarri dituztenak ere. Ibaien higadurak eragindako ondorioen ikerketan zientzia momentuz herren samar dabilela diote ahots horiek, ezin dela ziurtasunik eskaini. Kritiko diren horiek diote Everest eta inguruko mendietan eragin handiena duen faktorea montzoia dela (Himalaiako hego isurian eurite garai bi eragiten dituen faktore meteorologikoa).

Everest hazi eta hazi ari da, baina etorkizunean ere hala egingo duenik ez da ziurra. Inork ezin du ziurtatu, geologiaren eskalari erreparatzen badiogu, eta gaurko teoriak hutsalak izan litezke gizaldi batzuk barru. Plaka tektonikoek, ibaien higadurak eta altura handian dauden glaziarren erosioak eragiten dute Everest-en.

Azken faktore horrek Everest-eko gailurra bera higatzen du, eta hiru faktoreren interakzioak finkatuko du Everest-en etorkizuna. Geologiak erabakiko du, ez guk. Morgan Freeman aktoreak “Shawshank Redemption” pelikulan esan zuen geologia, finean, presioa eta denboraren ikasketa dela. Eta Lurrak -planetaz ari gara orain- soberan zerbait badu, denbora eta presioa egiteko gaitasuna dira.