2024 AZA. 16 BILUZIK BELOAREN AURKA Ahoo Daryaei azaroaren 2an atxilotu zuten Teherango Azad Unibertsitatean Ahoo Daryaei azaroaren 2an atxilotu zuten Teherango Azad Unibertsitate Islamikoan. «Moralaren» poliziak hijaba gaizki eramateagatik geldiarazi zuen. Protestan, biluztu egin zen. Geroztik ez dago haren berririk. Irango Gobernuak «buruko arazoak» dituela esan du, eta Amnesty Internationalek berehala askatzea exijitu du. Ahoo Daryaeirekin elkartasunean, azaroaren 8an performance sinbolikoa egin zuten Londresen, Legebiltzarretik Trafalgarrera oinez eta isilpean joan ziren. (Joao Daniel PEREIRA | ZUMA Press Wire DPA EUROPA PRESS) Ainara Lertxundi Irango Gobernuaren bozeramaile Fatemeh Mohajeranik “Ham-Mihan” egunkarian eginiko elkarrizketa batean plazaratu duenez, azaroaren 2an Teherango Azad Unibertsitate Islamikoan atxilotu zuten ikasleak, Ahoo Daryaei izenarekin identifikatu duten neska gazteak, «buruko arazoak» ditu. «Ez da bere kontrako prozesurik zabaldu. Gobernuarentzat, gertaturikoa ez da segurtasun arazo bat, ikuspegi sozial bat ematen diogu gaiari. Eta ikuspuntu horretatik saiatuko gara arazoari aurre egiten. Tratamendua behar du», esan du. Ospitale batera eraman zutela iradoki du. Amnesty Internationalek, ordea, Ahoo Daryaeiren egoeraren gaineko kezka azaldu du eta salatu du Gobernu irandarrak beloaren derrigortasunaren kontra protesta egiten duten horiek buruko arazoak balituzte bezala aurkezten dituela eta ospitale psikiatrikoetan ospitaleratzeko agindua eman ohi duela. Horietan, tratu txarrak eta torturak pairatzeko arriskua handia dela ohartarazi du. Ahoo Daryaeik frantsesa ikasten du unibertsitatean. Lekukoen arabera, «moralitatearen poliziak» eta Basij milizia talde paramilitarrak zapia gaizki eramateagatik eta janzkera kodea ez errespetatzeagatik geldiarazi zuten. Zapia burutik kendu eta arropa urratu omen zioten. Protesta gisa, ikaslea biluztu egin zen. Barruko arroparekin jantzita fakultatetik oinez ikus daiteke sareetan zabaldutako hainbat bideotan. Zibilez jantzitako lau gizonek atzeman eta auto batean sartu zuten. Teherango ospitale psikiatrikora eraman zuten. Amirkabir Newsletter portaleak eman zuen lehenik gertaturikoa jakitera. «Modu bortitzean atxilotu zuten. Emakumeei inposatzen zaien janzkera kode zorrotzaren aurka egin du. Jipoiak eta sexu bortizkeria pairatzeko arriskuan dago eta bere atxiloketaren gaineko ikerketa independente bat eskatzen dugu, baita familiarekin eta abokatuarekin harremanetan jartzeko duen eskubidea ere», nabarmendu du Amnesty Internationalek. Mahsa Amini gogoan Bai beloaren erabileraren kontra mobilizatzeagatik bai beste motibazio politikoengatik atxilotuta izan ostean, maiz ospitale psikiatrikoetara eramaten dituzte, non maiz torturak jasaten dituzten, gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, hala nola jipoiak, elektro-shock-ak edo drogak hartzeko derrigortasuna. Gobernuko bozeramailearen adierazpenen ildo beretik, Azad Unibertsitate Islamiko ospetsuko harreman publikoetako zuzendaria den Amir Mahjobek Daryaeiri leporatu dio ardura. X sare sozialean publikatutako mezu batean, Unibertsitateko segurtasunak «ikasle baten ekintza desohoragarri batengatik esku hartu behar izan zuen eta polizia-etxera eraman zuten. Ikasleak nahasmendu mentala du eta presio handiaren mende dago». Era berean, Daryaei bananduta dagoela eta bi haurren ama dela jakitera eman zuen, bere izen ona zikindu nahian. Bere protestak, ordea, 22 urteko Mahsa Amini gazte kurduaren atxiloketa eta heriotza ekarri du gogora. 2022an, hijab zapia «modu desegokian» eramateagatik atzeman zuen «moralaren» poliziak. Komisarian hil zen, oraindik argitu gabeko baldintzetan. Bere heriotzak protesta uholdea piztu zuen, ez soilik Iranen, baita nazioartean ere, eta “Woman, Life, Freedom” mugimendua bultzatu zuen. Emakume irandar askok beraien hijabak erre zituzten eta ilea moztu zuten protesta gisa, Gobernuaren lege zorrotzei aurre eginez. Irudiak biralak egin ziren, sare sozialak emakumeen ahotsaren eta aldarrikapenen aliatu bihurtu ziren, zentsura hertsia gaindituz. Irango Gobernuaren bozeramaile Fatemeh Mohajerani, artxiboko irudi batean. (Rouzbeh FOULADI / EUROPA PRESS) «Ez da soilik emakumeen eskubideen aldeko borroka bat, giza eskubideen eta askatasunaren aldeko borroka da. Iraultza ez da bakarrik emakumearen gorputzaren autonomia aldarrikatzeko, baizik eta irandar guztien segurtasuna, bizitza eskubidea eta eta norberak bere izaera eraikitzeko eta garatzeko duen eskubidea aldarrikatzeko. ‘Women, Life, Freedom’ mugimenduak aldaketa eskatzen duen oro zigortzen duen sistema autoritario bati aurre egiten dio», azaldu du Zagros Andaryari ekintzaile kurduak Medyanews hedabidean idatzitako artikuluan. «Daryaeiren ekintza iraultzailea eta sinbolikoa da. Lekukoen arabera, galtzak kendu zituen eta poliziei bota zizkien. Norberaren gorputza eta duintasuna aldarrikatzeko ekintza bat da, eta ez buruko nahasmendurik duelako egindakoa. Erregimenak emakumeen gaineko erabateko kontrola ezarri nahi du. Bere erantzuna aurreikusi daiteke; bere izen ona zikintzeko ahaleginean, burutik gaizki dagoela esan du publikoki. Indarrez ospitale psikiatriko batera eramateko estrategia, disidenteak eta aurkariak isilarazteko eta sinesgarritasuna kentzeko xedea duena, behin eta berriro ikusten ari gara. Portaera irrazionalak dituzten pertsonak balira bezala aurkezten ditu Irango erregimenak aurkariak, arreta beste nonbait jartzeko eta disidenteen aldarrikapenei balioa kentzeko. Andaryariren aburuz, «Ahook egindakoak ‘Women, Life, Freedom’ mugimenduaren erresilientzia erakusten du. Irudikatu ezin ditzakegun ondorioak jasan baditzakete ere, emakume irandarrak zutitu egin dira, ez baitute isilik egon nahi». Orain, «inoiz baino gehiago, nazioarteko komunitatearen babesa behar du». Irango giza eskubideen aldeko zentroaren (CHRI) zuzendari exekutiboak, Hadi Ghaemik, antzeko gertaerak gogora ekarri ditu: Saman Yasin rap-kantari kurdua 2023ko uztailean atxilotu zuten “Woman, Life, Freedom” mugimenduaren manifestazio batean parte hartzegatik, eta ospitale psikiatriko batean ospitaleratu zuten. Hilabete berean, Teherango epaitegi batek Afsaneh Bayegan eta beste bi antzezle «mentalki gaixotzat» jo zituen derrigorrezko beloaren kontra egiteagatik. Nazioarte mailako Global Student Forum erakundeak -300 milioi ikasle ordezkatzen ditu- Ahooren atxiloketa «egunerokoan emakume irandarrek pairatzen duten zapalketaren isla» dela salatu du. Berehala eta baldintzarik gabe aske utz dezatela exijitu du. «Mundu mailako ikasleok bat egiten dugu Irango emakumeekin eta ikasleekin». Iazko Bakearen Nobel saridunak, Narges Mohammadik, Evingo kartzelatik igorritako mezu batean helarazi duenez, «protesta egiten duten emakumeei azterketa psikologikoa egin beharrean, beloaren erabilera derrigortu nahi duten horiek aztertu beharko lituzkete, inposizio lotsagarri bat baita». «Aurkariak gaixotzea errepresio metodo frogatua da», ohartarazi du Shirin Ebadi Irango abokatuak, 2003an Bakearen Nobel saria irabazi zuenak. «Daryaeiren ekintza iraultzailea eta sinbolikoa da. Norberaren gorputza eta duintasuna aldarrikatzeko ekintza bat da, eta ez buruko nahasmendurik duelako egindakoa» «Protesta egiten duten emakumeei baino, beloa derrigortu nahi dutenei egin beharko liekete azterketa psikologikoa», esan du Narges Mohammadi Bake Nobel saridunak Evindik