2024 AZA. 16 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Aukeratu daitezkeen etiketen inguruan Maddi Txintxurreta Tel Aviveko Maccabi futbol taldeak Ayax-en aurka Amsterdamen jokatu zuen partidaren bueltako liskarretan zauritu zutenetako bat da Ofek Ziv. Harri batekin jo zuten buruan eta, bere esanetan, «terroristen» biktima da. Merke saltzen da etiketa hori, made in Palestine bada. Hemen ere badakigu zerbait horretaz. Terroristak dira 2023ko urriaren 7an Hamasek eta Erresistentzia Palestinarreko beste talde batzuek Israeli eraso egin ziotenez geroztik, baina terroristak ziren tanke israeldarren kontra harriak botatzen zituztenean ere, David Goliaten kontrako epika itzelezko bataila galduan. Mendebaldar zenbaitek agian xarma gehiago hartzen zieten garai haiei, eta oraindik Israelen ankerkeriak irmoki arbuiatzen segitzen duten arren, palestinarrek edo Palestinaren aldekoek indarkeriaz erantzuten dutenean, presaren presaz agertzen dira argitzera: hau ere salatzen, gaitzesten, kondenatzen dugu. Made in Europe elkartasuna, herri zapalduen alde, baldin eta txintxo portatzen badira. Ez da harritzekoa, terrorista edo pogrom-zale bilakatu baitaiteke edonor kliska batean. «Pogrom antisemita» deitu diote agintari israeldarrek eta hainbat komunikabidek Europa League-ko partidaren inguruko zafraldiari. «Bigarren Mundu Gerran huts egin genion Herbehereetako komunitate juduari, eta bart berriro huts egin genuen», esan zuen Willem-Alexander herrialdeko erregeak istiluen biharamunean. Joe Biden AEBetako presidenteak agertu zuen «historiako une ilunen» oihartzuna zekarrela Maccabiko zaleen kontrako oldartzeak. Ez naiz ni izango futbolaren bueltako indarkeria justifikatuko duena, ze pereza, baina, agian, adierazpen horiek apur bat tranpatiak dira, ezta? Errelatoa josten ari dira, nahi duten hari-muturrekin eta, batez ere, soilik muturreko hariekin. Hasteko, tranpatia edo interesatua da hizkuntzaren erabilera: hainbatetan azaldu digutenez, antisemita hitza era desegokian erabiltzen da, juduen kontrako diskriminazioa adierazteko. Baina palestinarrak ere semitak dira, adiera horrek Ekialde Hurbilean bizi izan ziren herriei eta hizkuntzei -gaur egun, arabiera, amharera eta hebreera, besteak beste- erreferentzia egiten dienez gero. Beraz, Maccabiko zaleek, bandera palestinarrak erauzi eta «arabiarrei heriotza» oihukatu zutenean -hor ez zuten tranparik egin hizkuntzarekin, argi eta garbi arrazistak izan ziren-, jarrera antisemita erakutsi zuten. Eta oso biolentoa, bide batez. Bestalde, uler dezala nahi duenak hipokrisiaren kritika bezala edo demagogia ariketa gisa, baina: Palestinan ez dute kezkatu behar historiako une ilunen oihartzunez, historiako une ilunean baitaude. Ez dute esplikatzerik behar zer den pogrom bat. Eta Made in Germany, UK, Spain... Armak Israelera heltzen diren bitartean, kondenak eta gaitzespenak erdi bana banatzen ditugularik, Made in Europe izango da genozidioa bera ere. Beraz, pogrom-zale, terrorista, edo antzeko etiketetatik ihes egiten tematzea baino, Made in Israel etiketari uko egitea da aukera bat. Eta boikota egitea Estatu genozida zuritzen duen Maccabiri ere. • «Uler dezala nahi duenak hipokrisiaren kritika bezala edo demagogia ariketa gisa, baina: Palestinan ez dute kezkatu behar historiako une ilunen oihartzunez, historiako une ilunean baitaude»