2024 AZA. 23 «OAK FLAT BABESTU» Apatxeen borroka beren gune sakratuak txikitu nahi dituen meatzaritzaren kontra Phoenix Arizonako hiriburuaren ekialdera dago Tonto National Forest basoa. Eskualdeko oreka ekologikorako garrantzi handia duenez, babes federaleko eremua da, eta bere barruan dago Oak Flat, mendebaldeko apatxeen eta beste herri indigena batzuen topaleku sakratua. Orain, meatzaritza proiektu batek arriskuan jarri du. Apatxeak Washingtonen, Auzitegi Gorenaren aurrean egindako protesta ekitaldian. (Urtzi URRUTIKOETXEA) Urtzi Urrutikoetxea Arizona hegoaldeko paisaian basamortua da nagusi. Phoenix hiriburuaren ekialdera, baina, Nafarroa baino handiagoa den baso batek berebiziko garrantzia dauka eskualdeko oreka ekologikorako. Izena xelebrea du: Tonto National Forest, oraindik ere gutxiespen gisa AEBetako indigenetako figura ezagunenetako batetik hartua. Babes federaleko eremu horretan, are esangura bereziagoa daukan txoko bat dago: Oak Flat. Meatze baten mehatxuak ingurua defendatzera eraman du San Carloseko erreserbako apatxe herria. Oraingoz, epaileak indigenen eskaeren aurka agertu izan dira, eta horregatik, Washington herrialdeko hiribururainoko martxa egin dute hainbat indigenak Auzitegi Gorenak egitasmoa gerarazteko eskatzeko. Oak Flat Superior herriaren kanpoaldean dago kokatuta, Phoenix eta San Carlos Apache erreserbaren erdibidean. Oso aspalditik, mendebaldeko apatxeen eta beste herri indigena batzuen topaleku izan da, «beste inon egin ezin diren zeremonia sakratuetarako». Kolono zuriek Oak Flat edo “haritz zuri” izendatu zuten lekua Chi'chil Biłdagoteel izenez ezagutu izan dute apatxeek askoz lehenagotik. Eskualdean libre zebiltzan apatxeak San Carlos erreserban bizitzera behartu zituzten 1870ean, apatxeen gainerako lur gehienak meatzeetan ziharduten kolonoei utziz. Oak Flat, baina, praktika kultural eta erlijiosoetarako gorde zen. Leku Historikoen Erregistro Nazionalean ageri da Einsehower presidentearen garaitik. Horri esker, meatzaritza eta kaltegarriak izan zitezkeen beste praktika batzuetatik babestuta egon zen, XX. mendearen erdialdetik saiatu izan ziren arren hainbat konpainia gunea ustiatzen. Lobby horien presioaren ondorioz, 2013an Washingtongo Kongresuraino iritsi zen gaia; baina indigenen presioak eman zuen fruiturik, eta legeak azkenean ez zuen aurrera egin. Handik gutxira, baina, ustekabeko xedapen bat sartu zuen John McCain senatariak defentsa-lege batean; horren arabera, Resolution Copper enpresari Oak Flat inguruan aritzea ahalbidetzen zitzaion. Meatzaritzan dihardu konpainia horrek, eta hiru kilometro zabal eta 335 metro sakoneko kraterra egin asmo du gune indigena sakratuan. Rio Tinto multinazionalak dauka Resolution Copper-en gehiengoa, eta lehen ere munduko hainbat txokotan polemika iturri izan da; besteak beste, Australiako kultur gune garrantzitsuenetako batean 46 mila urtez aterpe gisa erabilitako haitzak suntsitu zituen. «Emakume mendia» Wendsler Nosie da Apache Stronghold elkarteko aurpegi ezagunena, eta bi hilabeteko martxa osorik egin duenetako bat. Oak Flat “emakumezko mendia” dela esan zuen Kongresuan. Zinaida Carroll Emakume Indigenen Baliabideen zentroko kazetariak dauka azalpena: «Chi’chil Biłdagoteel bizitza-emailea da. Haritzak sostengu dira, erreka haranetan zehar doa eta txori kantariak, azeriak, oreinak eta beste animalia ugari elikatzen dira bertan. Inor oroitzen ez den garaitik, apatxeek lur hauek izan dituzte bizileku, gurtu eta zaindu egin dituzte. Haien nortasuna, subiranotasuna, Nahagosan ama-lurrarekiko konexio horri eustearekin lotuta dago. Chi’chil Biłdagoteel herri indigena askoren kulturarako erdigunea da». San Carlos eta beste hainbat eremutako apatxeez gain, zuni, hopi eta beste herri ugarik daukate eremu honekiko konexioa. Apatxe sinesmenen arabera, hemen bizi dira ga'an edo "mezulariak", eta «hemendik bakarrik irits daitezke otoitzak Usen sortzailearengana zuzenean. Lotura sakratu hori dela eta, Chi'chil Biłdagoteel zeremonia asko egin behar diren lekua da, hala nola egunsentiaren zeremonia, lur sakratuaren zeremoniak eta izerdi-aterpeko zeremonia». Era berean, apatxeek «sendabelar sakratuak, mineralak eta fauna biltzen dituzte zeremonia hauetarako». Meatzaritza proiektu batek arriskuan jar dezake Oak Flat eremu sakratua. (Robin SILVER PHOTO) Meatzaritzaren mehatxua iritsitakoan lekua babesteko testigantza garrantzitsuenetakoa chiricaua apatxe emakume batek eman zuen. Hamahiru urte zituela, Kongresuari azaldu zion Naelyn Pike-k bere egunsenti-zeremonia, neskato izatetik emakume izatera igarotzeko trantsizioa. «Nortasun indigenaren eta lurraren arteko berebiziko lotura» azaldu zuen. Lehendabizi, lur horretako landareekin aitona-amonei otordua prestatu zien. Gero, lehen egunean, hainbat egun emango zituen wikkiup aterpea eraiki zuen, hantxe iratzarriko zen egunsentiarekin batera. «Senideekin dantza egitea. Eguzkiari, sortzaileari dantza egitea. Makilarekin lurra jo eta mendiko ga’an-ak iratzartzeko, berpiztea». Hirugarren egunean, «zuriz margotutako emakumea izan nintzen. Aitabitxiak eta ga’an-ek glesh-ez (buztinez) margotu ninduten. Gure sorkuntza istorioan, emakumea zuriz margotua atera zen lurretik, lurrazaleko errauts zuriz estalita. Zuriz margotutako emakumea eta bere bizitza berri baterako sarrera irudikatzen ditu. Aurpegia guztiz estalita, amabitxiak zapi batekin xukatu zizkidan begiak. Begi horiek irekitzean, mundua ez nuen begiratu jada neskato batek bezala, emakume bihurtuta baizik». Senideek eta lagunek zoriondu zuten, «denok negar egin genuen. Gero amonak ibaian garbitu ninduen eta kolibri berde txiki bat pasa zen. Banekien bedeinkapen handi bat zela». Pike nerabeak azaldu zuenez, «emakume bihurtu nintzen, nire aurreko apatxe neskek egin zuten eran. Nire zeremonia apatxeon bizitzaren zati bat baino ez da. Gure eskubidea da zeremonia hauek leku sakratuetan egitea. Nola egingo ditugu gure zeremoniak Oak Flat suntsitzen badute?» Apatxeen zeremonia sakratua. (Robin SILVER PHOTO) Vanessa Nosie harro dago alabak bizipen hori izan zuelako, baina kezkatuta ere badago: «Nire familiak zeremonia hori eman ahal izan zion, bere sustraiak han ezarri eta Oak Flat-ekin lotzeko. Ama bezala, jakinik zeremonia horrek bere bizi osorako bidea markatzen duela, nire kezka zera da; hura suntsitzen bada, zer gertatuko da nire alabarekin? Guk sinesten dugu zeremonia horretan. Bizitzan hondamendia ekarriko dio? Berak eta bere alabek haurrak dituztenean, eraman ahalko dituzte haurrok Oak Flate-eraino, bertan errotu daitezen?» Washingtonera Hamar urte baino gehiagoko borroka horretan azken urratsetako bat Estatu Batuak hego-mendebaldetik ipar-mendebaldera zeharkatu dituen martxa izan da. Uztailean hasita, AEBetako indigenen gune garrantzitsuetatik igaro dira, bertako sinesmen tradizionalen praktikak partekatuz eta ama-lurrarekiko lotura adieraziz; besteak beste, paiute eta shoshoneen herrian dagoen Peehee Mu’huh (Thacker Pass) izeneko gunearen litio-meatzearen aurka protesta egin dute. Ekialdera egin ahala, beste geltoki garrantzitsu bat Alabamako Montgomery hiriburua izan zen. Praktika erlijiosoa eta eskubide zibilen aldeko borroka oso lotuta egon dira historikoki Estatu Batuetan, eta Martin Luther King-en ibilbidea da horren adibide argiena. Hala, Luther King apaiz zeukan Montgomeryko Dexter etorbideko eliza baptista eskubide zibilen mugimenduaren sorleku garrantzitsuenetakotzat hartu ohi da. «Oak Flat gure Sinai mendia da. Apatxeen belaunaldiak gure Sortzailearekin, gure fedearekin eta gure lurraldearekin konektatzera etorri izan dira; leku sakratuena da», dio Wendsler Nosiek. Goreneko epaileek Oak Flat babesteko itxaropena adierazi dute, AEBetako oinarrizko eskubideetako bat izan ohi baita erlijio-askatasuna. «Otoitz egiten dugu epaileek berma dezaten gure gurtza-lekua, ez dadin desberdin tratatu ez dituelako lau horma eta kanpandorre bat». 2021ean hasi zuten auzibideak kolpe gogorra jaso zuen aurten, bederatzigarren zirkuituko epaileek ontzat eman zutelako meatze-enpresari egindako lur esleipena. Doi-doi egin zuen aurrera ebazpenak, sei jujek alde eta bostek aurka bozkatu baitzuten. Apache Strongholden argudioa zen erlijio-askatasuna babesten duen neurri federalak jarraitu beharko liratekeela, eta meatze-ustiapena galarazi. Goragoko epaileek ebazpena berrikusteari uko egin ziotenez, Washingtongo Auzitegi Goreneraino iritsi dira apatxeak eta haien aldean jarritako beste hainbat lagun, “Apache Stronghold v. United States” kasua ontzat har dezan eta multinazionalari Oak Flat-en suntsipena galaraz diezaion. Urrian esan ohi ditu Auzitegi Gorenak zein kasu hartzen dituen aintzat, horien ebazpena jakiteko hilabete gehiago behar badira ere. Gaur-gaurkoz, hiru epaile progresistak eta sei kontserbadorek osatzen dute AEBetako Gorena, baina azken horietako batek, Neil Gorsuchek, jatorrizko herrien eskaera eta salaketen aurrean elkartasunezko jarrera izan du. Apache Strongholden ez dira inozoak, badakite nor duten aurrean eta zeinen interesak dauden Oak Flat-eko egitasmoen atzean. Horregatik erabaki zuten herrialdeko hiribururaino eta bere boteregune indartsuenetakoraino eramatea protesta. «Kapitoliora iritsi eta bandera ikusi genuen, hainbeste jenderi eta lurri hainbesteko mina eragin dion ikurra», jakinarazi zuen elkarteak. «Sufrimenduaren historia horrek gogora dakarkigu herrialde honen sorreraren egia, sistema kapitalista eta kolonial maltzur honekin, baina gogorarazten digu, halaber, nor garen eta zein lotura daukagun bai ama-lurrarekin bai batak bestearekin». Hala, apatxe buruzagiak azpimarratu zuenez, «ez dute irabazi. Ez naute ezabatu. Hemen gaude oraindik gure jendea, ama-lurraren eta giza existentziaren alde egiteko txikizioaren aurrean». Washingtongo protestak. (Urtzi URRUTIKOETXEA) AEBetako ibilbidean, antzinako praktikak eta erlijio indigenak lantzeaz gain, mezu eraldatzailea zeukaten bestelako elizekin ere bat egin dute. «Bada ordua erlijio eta konexio espiritual guztietako jendea jaiki dadin ama-lurra eta etorkizuneko belaunaldiak babesteko», diote apatxeek. «El Salvadorko Oscar Romero artzapezpikuak esan ohi zuenez, krisirik sortzen ez duen eliza, aztoratzen ez duen ebanjelioa, gizarte horretako egiazko bekatua aipatzen ez duen Jainkoaren hitza, zein ebanjelio mota da? Luzaroan inperioak elizak eta erlijioa erabili ditu lurra txikitu eta gu guztion gizatasuna ukatzeko». Oak Flat eremua herri askotako indigenen jomuga izan da mendetan. Haraino bidaiatu izan dute zeremonietan parte-hartzeko, otoitz berezietarako, sendabelarrak eta bestelako elementu batzuk biltzeko. Espiritualtasun horren barruan, hildakoekin dugun konexioa eta norbanakoen garbiketa-sendaketa pertsonala bilatzeko txokoa izan da. Indigena zein ez, aisialdirako eta ekologikoki gune garrantzitsu gisa ere erabili ohi da gaur egun, kanpinean joateko, mendian txangoak egitera zein eskalada praktikatzera, adibidez. Eta horrez gain, Arizonako hegaztien behatoki garrantzitsuenetakoa ere bada. «Oak Flat gure Sinai mendia da. Apatxeen belaunaldiak gure Sortzailearekin, fedearekin eta lurraldearekin konektatzera etorri izan dira; leku sakratuena da», dio Wendsler Nosiek Apache Strongholden ez dira inozoak, badakite zeinen interesak dauden Oak Flat-eko egitasmoen atzean. Horregatik erabaki zuten herrialdeko hiribururaino joatea