2024 AZA. 23 { ANALISIA } Patriarkatua berrarmatzen ari da Patriarkatua berrarmatzen ari da. Algoritmora kateatuta daude feminismoaren urratsak zalantzak jartzen dituzten mezuak. Leize-zulo matxistenetatik datozen psikofoniek burrunba sortzen dute manosferan. Carmen Ruiz Repullo, soziologian doktorea. (Gorka RUBIO | FOKU) Amagoia Mujika Kazetaria Emakumeak gezurtiak dira, indarkeriak ez du generorik, neskek mutilek baino eskubide gehiago dituzte, legeak emakumeen alde daude eta gizonen kontra... leize-zulo matxistenetatik datozen psikofoniek burrunba dezentekoa sortzen dute sare sozialetan. Eta aise, aiseegi, iristen dira sareek modelatu dituzten belaunaldi gazteetara. Carmen Ruiz Repullo soziologiako doktorea da. 25 urtetik gora daramatza nerabe eta gazteekin lanean, indarkeria matxistaren prebentzioan, formakuntzan eta ondorioetan. «Datuak kezkagarriak dira. Horrek ez du esan nahi nerabezaroa inoiz baino okerrago dagoenik. Ni nerabeen defendatzaile sutsua naiz. Benetan merezi duten nerabe eta gazteak ditugu, baina, era berean, ‘berrarmatze’ arriskutsu bat ari da gertatzen patriarkatuaren aldetik eta garrantzitsua da hori detektatu ahal izateko gaitasun kritikoa lantzea», nabarmendu du. Ruiz Repulloren ustez, hiru norabidetan egin behar da indarra: sare sozialen erabilerari buruzko mitoak deseraikitzen, bikote harremanetan aurrerapausoak ematen eta sexu heziketa on baten alde egiten. «Askotan entzuten da; ‘Errua sareena da’. Tira, nik sare sozial guztiak dauzkat eta pertsona ona naiz», egin du gogoeta soziologoak. Harremanak izateko modu osasuntsuak sustatzea, tratu onen kultura zabaltzea, gako garrantzitsua da. «Jeloskortasunean eta jabetzan hezi gaituzte, maitasun erromantikoaren mito guztietan. Nik uste nuen hau guztia gaindituta zegoela, nerabeek eta gazteek garbi zeukatelako bikotekideak ez dizula mugikorra kontrolatu behar, ez dizula xantaia egin behar sexu harremanak izateko, ez duela esan behar ‘jeloskortasuna maitasun-erakustaldi’ bat dela... baina konturatzen ari gara kontu hauen guztien berrarmatze bat gertatzen ari dela. Eta honek guztiak lotura zuzena dauka ikusten ditugun telesailekin eta plataforma jakinekin». Horren adibide da Wattpad plataforma, ustez “literarioak” diren testuak partekatzeko gune bat. Parte hartzen duten asko nerabeak eta gazteak dira. Plataforma horretan bortxaketaren kultura nola ematen den ikertzen ari da Carmen Ruiz Repullo. «Bortxaketaren erromantizazio ikaragarria gertatzen da bertan. ‘Nire bortxatzaile sexya’, ‘Nire aitaorde bortxatzailea’, ‘Nire bortxatzaile maitea’ motako testuak topa daitezke bertan, 200 orrialdetik gorako errelatoak, bortxaketa erromantizatu egiten dutenak», azaldu du. Eta, hirugarrenik, sexu heziketa on baten alde egitearen garrantzia nabarmendu du adituak. «Pornografia debekatzea ez da bidea; ez badugu sexualitatean hezten, zaila da hau guztia aldatzea». Erronka horiek guztiek helburu bakarra daukate: edozein indarkeria matxistatatik libre dagoen bizitza bat bizitzea. Erreakzio patriarkala Alcasserko kasutik gaurdaino, «gauza horiek gertatu egiten dira» mezutik «niri ere gertatu zait» esatera pasatu da jendartea. Indarkeria matxistaren identifikazioa gertatu da. «Horri esker, sufritzen ari diren indarkeria identifikatzen dute emakumeek, eta kasu askotan isiltasuna hautsi eta kontatu egiten dute. Eta isiltasuna hausten denean, erasotzailearen inpunitatearekin amaitzen da», esan du Ruiz Repullok. Emakume gazte bat egoera estuan. (GETTY) Eta honaino iritsita, galdera arantzatsua pizten da. «Askotan galdetzen didate; salatu egin behar da? Nik beti esaten dut baliabide guztiak biktimaren eskura jarri behar direla. Eta, horrez gain, emakume horren balorazio bat egin behar da. Emakume guztiak ez daude prest salaketa prozesu baterako. Nire doktore tesian indarkeria matxista burutu zuten adin txikiko mutikoak eta indarkeria hori sufritu zuten adin txikiko neskatoak elkarrizketatu nituen. Aurrean izan nuen sei suizidio saiakera egin zituen hamalau urteko neskato bat. Bistan denez, neskato hori ezin duzu salaketa prozesu batean sartu, arrisku bizian jartzen ari zarelako. Oso ondo jakin behar dugu zein den salaketa-prozesu bat hasteko unea. Garrantzitsuena kontzientzia hartzea eta horri buruz hitz egitea da». Jendartean, beraz, indarkeria identifikatzeko pausoak eman dira eta neskato asko kontzientzia hartzen ari dira. Parean, erreakzio patriarkal gogorra altxatzen ari da. Manosfera da erreakzio horren estadio nagusienetakoa. Feminismoarekin haserre dauden gizonezkoek elkar topatzen duten sareko espazioa da manosfera. Bertako kontaketaren arabera, feministak etsaiak dira eta aurre egin behar zaie. Gezurraren gainean bada ere, nahasmena sortzeak mesede egiten dio patriarkatuaren berrarmatzeari. Hartara, zalantza sortzen saiatzen da, zalantza dagoen bitartean ez dagoelako posizionamendu kritikorik. Hanburgesak eta paella «Nik horiei ‘hanburgesa diskurtsoa’ deitzen diet. ‘Ez pentsatu, tragatu, hau da dagoena, ez hausnartu, emakumeak gaiztoak dira, indarkeriak ez dauka generorik eta eskubide gehienak emakumezkoek dituzte’. Arazoa da neska-mutiko nerabe eta gaztetxo asko diskurtso horiek tragatzen ari direla. Hanburgesa-diskurtso horiek ez daukate argudiorik. Politika feministetatik, horiei aurre egiteko argudio asko eta indartsuak ditugu, baina gureak ‘paella argumentuak’ dira, askoz mantsoagoak eta pedagogikoak. Erronka da pedagogia feminista hori sare sozialetara eramatea; bideo motzekin, memeekin, stikerrekin, Tik Tok-eko bideoekin... Eta hori jende gazteak egin behar du, bere habitata delako. Beharrezkoa da jende gazte horrengana iritsi eta haiek izatea ‘beren lengoaia propioarekin’ ‘paella argumentuak’ sortzen dituztenak, ‘hanburgesa diskurtsoei’ aurre egiteko», nabarmendu du Carmen Ruiz Repullok. Egungo errealitateak erakusten du manosferak itzal handia duela. «Gizonen eskubideen aldeko mugimendu bat dago, Estatuan eragin handia duena. Badakizue tratu txarrak jasan dituzten gizonezkoen fundazio bat dagoela? Eta badira agentziak, enpresa aholkulariak, feminismoaren aurrean gizonak defendatzen lan egiten dutenak. Duela zazpi urte hau gertatuko zela esan izan balidate, ezetz esango nuke. Baina gertatu egin da eta oso adi egon behar gara diskurtso horiekin», ohartarazi du Ruiz Repullok. Zientifikoki frogatuta dago diskurtso horiek eragina dutela jende gaztearengan. 2023ko datuen arabera, 16-25 urte bitarteko gazteen artean lautik batek uste du genero indarkeria ez dela existitzen, asmakeria ideologiko bat dela eta, beraz, ez dela horren kontra egin behar. 16-25 urte bitarteko gazteen artean, gizonezkoen %51k eta emakumezkoen %27k uste dute berdintasunaren alorrean hain urrun iritsi garela, non orain diskriminatuak gizonezkoak diren. «Hau guztia ez da egia, baina ‘hanburgesa diskurtsoak’ oso urrutira iristen dira eta arriskutsuak dira». Indarkeria eta adin txikikoak Estatuko Fiskaltzaren txostenak jaso duenez, 2023an %45 handitu da hamalau urte baino gutxiago dituzten gazteen artean indarkeria sexuala, jazarpena, ziberjazarpena eta indarkeria matxista delituak egin dituztenen kopurua. Honetan eragin handia daukate eztabaida negazionistek. «Salaketak ugaritzen ari dira. Horrek ez du esan nahi erasoak ugaritzen ari direnik, baizik eta sentsibilizazio kanpainek, kontzientziazio lanak eta martxan jarri diren baliabideek balio dutela neskatoak seguruago senti daitezen salaketa jartzeko orduan», egin du ñabardura Ruiz Repullok. Salaketa horiek benetan gertatzen denaren %11 baino ez dute jasotzen. «Askotan pentsatzen dugu gertatzen diren erasoak talde erasoak direla, komunikabideetan gehien agertzen direnak horiek direlako, baina gertatzen diren erasoetan taldekoak ez dira %4ra iristen. Gustatuko litzaidake hedabideetan fokua ez jartzea hainbeste ‘ezohiko’ horietan, besteak normalizatu egiten dituelako neurri batean». Datuek esaten dutenez, erasotzaileen eta erasoa jasan dutenen adin tartea jaisten ari da azken urteotan. Ziberdelituek ere gora egin dute adin txikikoen artean. (GETTY IMAGES) Datuek esaten dutena kezkatzekoa da: erasotzaileen adin tartea asko jaitsi da. «Valentziako erietxeak lantalde zehatz bat dauka eraso sexualak artatzeko. Oso kezkatuta daude, lanean daramatzaten urteotan ikusten ari baitira ospitalera iristen diren neskatoen adina asko jaisten ari dela. Gaur, batez besteko adina 13 urte da. Erabat harrituta daude, eta larrituta. Ez daude prestatuta hain adin txikiko neskatoekin lan egiteko», kontatu du adituak. Ziberdelituek ere gora egin dute. Hiztegia gero eta zabalagoa da: Sexpreadinga, Sextortsioa, Groominga, Ciberstalkinga, Ciberflashinga, Pornomendekua, Packsa, Slut shaminga, Happy Slappinga, Deep nudesa... Eskatu gabeko zakilen argazkiak jasotzea; mendekuz emakume baten argazkia webgune batean zintzilikatzea; adimen artifizialaren bidez biluztutako argazkiak sortu eta zabaltzea -nerabeen artean gero eta ohikoagoa-... indarkeria matxista ederki ari da teknologia eta garai berrien zirrikituetan sartzen. Datuek berez hitz egiten dute: ziberdelituen biktimak gero eta gehiago dira. %86 emakumezkoak eta %14 gizonezkoak. Biktima diren gizonezkoak 0-13 urte bitartean izaten dira zaurgarrien. Gizonezkoak nerabezarora iristen direnean eta adin nagusiko bihurtzen direnean, normalean arrisku faktoreak izateari uzten diote. Salatzen diren ziberdelituen %84 adin txikikoen artean gertatzen dira. «Prebentzioa lantzea oso garrantzitsua da lehen eta bigarren hezkuntzan. Lehen hezkuntzan dagoeneko ikusten ari gara ziberdelituak», gaineratu du Ruiz Repullok. Erasotzaileen artean, berriz, erradiografia kontrakoa da. %93 gizonezkoak dira eta %7 emakumezkoak. Eta gizonezkoen artean ziberdelituak egiten dituztenen artean adin txikikoak gero eta gehiago dira. Bortxaketaren kultura «Garrantzitsua da indarkeria matxista estatu mailako arazoa dela barneratzea. Hiltzen, bortxatzen eta erasotzen ari dira. Politizatu egin behar da gertatzen ari dena, Estatu arazo bat da», nabarmendu du soziologoak. Horretan lan izugarria egin du feminismoak azken hamarkadatan. «Zer egin nahi dute zenbait ahots misoginok eta politikaren mutur jakinekoek? Anekdotikora bueltatu. Emakume bat erasotzen edo bortxatzen dutenean arazo anekdotiko baten aurrean gaudela sinetsarazi nahi digute, ez bageunde bezala egiturazko arazo baten aurrean. Egiturazko arazoa da eta horregatik da hain zaila horri aurre egitea. Kulturan dago, harremanak izateko moduetan, publizitatean, komentarioetan. Bortxaketaren kulturan dago. Kultura hori da edozein eraso gertatzeko bidea ematen duena». Bortxaketaren kultura hori nonahikoa da. Erakunde mailan ematen da, «ez dituztenean baliabide nahikoa eskaintzen eta erasoak gertatzen direnean errua biktimaren gainean jartzen dutenean. Edo erasotzaileak justifikatzen saiatzen direnean». Maila mikroan ere ematen da, «bortxaketaren kulturaren estereotipoak elikatzen jarraitzen dugunean: ‘jantzita doan bezala, gutxi pasatzen zaio’. ‘Ez badu nahi ezer pasatzea, ez dadila joan ezagutu berri duen gizonezko batekin’. Komentario horiek hor daude oraindik». Ruiz Repulloren esanean, bortxaketaren kulturak emakumeengan beldurra sortzen du umetatik. «Emakume gehienak sexualitatea beldurretik eta tentutik bizitzeko sozializatzen dituzte umetatik. ‘Kontuz ibili’ oso umetatik entzun dudan aholkua izan da. Ez nekien zer esan nahi zuen, baina ikasi dut sexualitatearekin zerikusia zuela. ‘Kontuz ibili’ erreminta patriarkal bat da. Toki batzuetatik ez pasatzeko esaten dizute, ezezagunekin ez hitz egiteko, ez ibiltzeko bakarrik... Eta zerbait gertatuz gero, mezua garbia da: ‘Ez duzu konturik izan eta gertatu zaizuna gertatu zaizu’. Hor errua dago. Erruak biktimen errelatoa isilarazten du, eta erasotzailea zigorgabe utzi». Mitoak deseraiki Indarkeria sexistari buruzko mitoak deseraikitzea izan daiteke bortxaketaren kultura zulatzen hasteko bide bat. «Indarkeria sexista bortxaketarekin edo sarketarekin lotzen jarraitzen dugu, eta ez du horrela izan behar. Kaleko sexu jazarpena eta ziberjazarpena delitu bezala identifikatuta daude dagoeneko. Baimenduta ez dagoen guztia eraso sexuala da eta ez du zertan sarketarik egon». Beste mito bat: indarkeria sexuala gertaera zehatza da eta bizitzan behin gertatzen zaigu. «Indarkeria matxista egiturazkoa da, bikotearen barruan gerta daiteke, eta baita haurtzaroan ere. Ez da gertaera puntuala, egiturazkoa da eta osasunean sekulako eragina dauka». Erasotzailea erotizatzea edo munstro bihurtzea. Beste mito bat. «Badirudi erasotzaileak aberatsak, ezagunak edo guapoak direnean, askoz zailagoa dela ulertzea erasoa egin dutela eta biktimaren errelatoa zalantzan jartzen da. Aldiz, erasotzaileak migratzaileak, itsusiak edo pobreak direnean, errazago sinisten da». Parekidetasunean aurrera egindako urratsak gogor erasotzen dira manosferan, feminismoarekin haserre dauden gizonezkoek elkar topatzen duten sareko espazioan. (GETTY IMAGES) Bada biktimak unibertsalizatzeko joera ere; edozein eraso sexista jasan duten biktima guztiek eraso hori modu berean bizi dutela pentsatzea. «Emakumeei esaten zaie bizitza honetan gerta dakiekeen gauzarik okerrena eraso sexista bat jasatea dela. Eraso egiten badigute, dagoeneko pasa zaigu bizitza honetako gauzarik okerrena. Emakumeak erabakiko du hori ote den gertatu zaion okerrena edo ez. Biktimei utzi behar diegu haiek baloratu dezaten gertatu zaiena. Horrek eramango gaitu biktimaren erabateko sendaketara», ñabartu du soziologoak. Askotan entzun izan da honakoa: «Nahiago dut puta naizela esatea, biktima naizela esatea baino». Bizipen hori ez pizteko biktimaren sendatzeko eta aurre egiteko gaitasunean sinistu beharra dago. «Erantzun biktimizatzaileak, ‘gaixoa’ modukoak, ekiditea garrantzitsua da. Garrantzitsua da biktimari aurrera egiteko gaitasuna aitortzea eta espazio seguruak sortzea horretarako. Biktima biktimizatzen badugu, epaitu eta ebaluatu erasoaren ondoren egin duenagatik, esan duenagatik, jantzi duenagatik... biktima askok ez dute traje hori nahi izango. Biktimaren kontzeptuak biziraulearen kontzeptuaren parean joan behar du», esan du soziologoak. Pornosozializazioa Indarkeria matxista jendartetik erauzteko, ezinbestekoa da sexu heziketa. Horretan bat datoz ahots aditu gehienak. Aldiz, errealitateak dio nerabeak eta gazteak pornosozializazio prozesu bortitza sufritzen ari direla. «Neskatoak eta mutikoak modu desberdinean hezten dituen testuingurua da. Bada egitura estu horietatik ateratzen den jendea, baina agindu patriarkala horra bueltatzea da», azaldu du Carmen Ruiz Repullok. Zer egiten du pornosozializazioak? «Neskatoak, oso umetatik, sexualitatea ustiatu beharreko elementu bezala ulertzera bultzatzen ditu. Neskatoei mezu garbia helarazten zaie: zure balioa estetikoa, fisikoa eta sexuala da. Kapital erotikoa esaten zaio». Sare sozialen dinamika maltzur horretan, onak eta txarrak bereizten dira. Sareetan zintzilikatzen duzunaren arabera, toki batean edo bestean kokatuko zaituzte. «Balio handiko emakumea da birjina dena. Esperientzia sexual ugari izan dituena ez da baliagarria ez harremanak izateko ezta ezkontzeko ere. Hori da zabaltzen ari den mezua». Mutikoen kasuan, pornosozializazioak bestelako mezua ematen die. «Ez die esaten sexualitatea ustiatu beharreko zerbait denik, baizik eta besteen aurrean erakutsi beharreko zerbait. Erakutsi batez ere norbaitek zalantzan jartzen duenean. ‘Ez dago potrorik’ formula ezaguna da. Badira ezetz esaten duten mutilak, ez dutela hau edo bestea egingo esaten dutenak, horiek ezinbestekoak dira. Erreferentziazko gizonak dira. Baina normalean oso zaila da. Institutuetan tailerrak ematen ditudanean konturatzen naiz erreferentziazkoak diren mutikoak gizontasunaren rolak betetzen dituztenak direla ia beti». Gizontasunaren rol horretan aldaketak izan dira. Baina exijentzia sexualak hor jarraitzen du. «Gizontasuna erakutsi beharra. Hori oso presente dago». Errelato misoginoaren ondorioz, pornografia hezkuntza sexual bezala finkatu da. «Ikerketek esaten dute gizonezkoek pornografia gehiago kontsumitzen dutela eta goizago hasten direla; hasteko adina 8-12 urte bitartean dago. Umetatik neskatoei eta mutikoei ez badiezu sexu hezkuntza eskaintzen, pornografiara iristen direnean pentsatuko dute hori dela normala». Gazteen artean egindako galdeketa batek honako ondorioa jarri du mahai gainean: gaur egun sexu harremanetan normalak dira honako praktikak; listua bota, zaplaztekoak eman, iraindu eta urkatu. «Praktika horien normalizazioa izugarria da. Sexualitatean dena balekoa da parte hartzen duten pertsona guztiek desio dutena egiten badute. Desioa badago, baimena dago. Baina ez badago desiorik, indarkeria sexuala da». Hala ere, Carmen Ruiz Repullo soziologoaren ustez, «pornografia bere horretan ez da eraso sexualen erruduna; sistema patriarkalak eta erasoa egiten duenak daukate erantzukizuna. Baina egia da pornografia, mainstream pornoa, emakumeen gaineko, LGTBI kolektiboaren gaineko eta migratzaileen gaineko indarkeria erotizatzen ari dela. Hau gertatzen ari da». Eta, amaitzeko, «sexualitatea beti plazera da. Plazera ez dena ez da sexualitatea eta indarkeria izena du».