GAUR8 - mila leiho zabalik
EUSKARAREN EGUNA

Euskararen iparraren bila, hiru gazte euskalgileren bide-orria

Mundu geroz eta globalizatuago honetan, elebitasun asimetrikoaren itzaletan, euskara larrialdi linguistikoan dela errepikatzen ari dira erakundeak. Biziberritze prozesuan, erabakigarria izan daiteke hitza euskararen lekukoa hartu duten gazteei ematea: «Zeri heldu orain?»

Irudian, Maddi Kintana, Baionako Unibertsitatearen aitzinean. (Guillaume FAUVEAU)

Badira hiltzeko bokazioz sortu diren egunak, urte osoan zehar ematen den zapalkuntza bati aurre egiteko xedea gorpuzten dutenak; eta egiturazko zapalkuntza hori desagertuko balitz, izateko arrazoirik ez luketenak. Horietako bat da Abenduaren 3a, Euskararen Eguna. Aurtengoan ere, Euskal Konfederazioak alarma joa du, eta Sebastien Castet eledunak larrialdia erakusten duen zifra oroitarazi du behin eta berriz: «Proportzionalki, erritmo honetan jarraituz gero, hiztun kopurua 2025ean %16koa izanen da» (Euskararen Erakunde Publikoak -EEP- eginiko prospekzioen arabera). Jon Peli Etxeberriaren (Hendaia, 1997) ustez, «argi da koska batera iristen ari garela. Euskararen egoera kezkagarria da, are gehiago Ipar Euskal Herrian».

Joan den urtean, Euskal Konfederazioak hiztunen langa 2050erako %30ekoa izateko politika eskatu zion EEPri. Horren ezean, joera beheranzkoa dela, Euskararen Egunari baino, euskarari iragartzen ari gatzaizkio heriotza. Anbizioaren zergatia ulertu arren, zifra hori irrealtzat du Amets Susperregik (Puerto Vallarta, Mexiko, 1998) : «%14ko gorakadak, 25 urtez hiztunak bikoizteak, beste 20.000 bat pertsona euskalduntzea suposatuko luke. Langa hori gainditzea ezinezkoa izanen da, ez bada modu automatikoan irakasten euskara eskola publiko eta pribatuan, eta, beraz, betiko arazora goaz: ofizialtasuna. Euskara ez bada ofiziala ez dut ikusten langa hori gaindigarria denik. Are gehiago, ofiziala izanik ere, duda handiak ditut, ez dakit langa horretara iritsiko ginatekeen...». Gazteak aldebiko txanpon gisa deskribatu du: «Helmuga urrun jartzeak motibazioa eman dezake, baina amildegia ere nahiko hurbil dugula erakusten digu».

«Panorama politikoaren ziklo aldaketan» kokatu du Maddi Kintanak (Zurich, Suitza, 1999) euskararen gaurko egoera kritikoa. «Bada hamar urte inguru aldatu dugula aroz Euskal Herrian, eta oraindik jokaleku berri batean ari gara, ikusten zeintzuk diren taktika berriak. Badira adostasun asko instituzioekin, erakundeekin elkarlanak bultzatzen dira, guretzako aliatuak izan ez direnekin ere sortzen ari gara aliantzak, eta horrek sortzen ditu hainbat galdera».

Izan ere, antzina etsaia agerikoa zela iruditzen zaio, euskal herritarrek sentitzen zutela «gure kontra dira, gure kontrako legeak ezartzen ari dira, gure hizkuntza debekatzen eta zigortzen». Gaur egun, berriz, beste forma batzuk hartu izanen lituzke zapalkuntza horrek, «zeharkakoagoak, eta konplikatuagoak dira atzematen».

Horiek horrela, hizkuntza biziberritzeko plan, lege eta estrategien artean, behin eta berriz heldu den faktore gakoetako bat da gazteena: etorkizuna direla, azken hamarkadatan egin aitzinamenduak erabilpenean ez direla islatzen… Etorkizuna haien eskuetan izatearen ardura daramate, baita, askotan, errua ere. Baina gazteek, zer diote?

Euskaraz egitea ez da hautu bat Maddi Kintanarentzat, «bere hizkuntza» baita. Ama hizkuntza du, baina gurasoekin mintzatzen zen soilik euskaraz, atzerrian bizi izan baitzen bere lehen urteetan. Horregatik dio «betidanik harreman biziki pertsonala» izan duela euskararekin. Euskal Herrian bizi denetik, Donostia, Gasteiz eta Baiona izan ditu bizitoki. «Ez naiz behin ere bizi izan arnasgune batean. Euskaraz egitea beti izan da erresistentzia, eguneroko borroka bat, egunero azaldu behar delako zer den euskara, eta jarri behar dituzulako horrelako erronka txikiak, adibidez, lortzea okinak zuri esatea ‘egun on’». Euskararen etorkizuna bermatzeko gazteen mintzaira ikertu beharraz arduraturik, 18 eta 24 urte bitarteko pertsonak behatu ditu, elkarren arteko hizketan, “Gazteen hizkera BAM eta inguruan” (2024) master amaierako lana (MAL) osatuz.

Amets Susperregik ere betidanik sentitzen du euskararekiko lotura berezia. Gaztetatik euskararen egoera hobetzeko «borroka pertsonala» eramanez, bere ama hizkuntza irakasteko lanetan hasi zen 2018an, Biarritzeko eta Arbonako Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundean (AEK). Boluntario gisa hasi eta langile bilakatu zen ondotik, irakasle eta didaktikari gisa.

Hain zuzen, urte batekin Euskal Herriratu eta Baionan bizi izan zen zortzi urteak bitarte. Ondotik Iruñera joan zen, 15 urterekin Baionara itzuli arte. «Fite konturatu nintzen iparraldean egoera are kritikoagoa dela, ofizialtasunari loturik, eta folklorizazioari ere bai. Baxoa frantsesez pasatzea, fakultatean euskaraz ikasi ezinean ibiltzea… hor izanen zen nire ‘deklika’, sentitzen nuen kexa erabilgarria den zerbaitetan bilakatzeko».

Amets Susperregi, Biarritzeko AEKren egoitzan. Euskara irakaslea eta didaktikaria da bertan. (Patxi BELZAIZ)

Jon Peli Etxeberriak ere eragiteko erabakia hartu zuen, BADA Ipar Euskal Herriko gazte hedabideko sortzaileetako bat bilakatuz; 2021eko urrian publikoki aurkeztu zuten. Harrezkero, proiektua aitzina eramateko lanetan da, «Interneten iraultza baten erdian», sare sozialetan euskarazko edukiak sortuz zein aurkeztuz. Geroztik sareetan euskarazko edukia biderkatzen ikusi duelako kontent da, eta urgentzia gisa ikusten du bere hizkuntzak Interneten duen presentzia emendatzea, «beste esparru guztietan bezala».

Mundu «ideal» batean, sare sozial handiak «ez ditugu erabiltzen, zeren eta kaltegarriak, arriskutsuak dira eta gure informazioa saltzen dute». Argi du bere posizioa: «Ados naiz osoki, baina guri dagokigu joko horretan sartzea, besteak hor baitira eta gure belaunaldiak informazio gehiena hortik ateratzen baitu. Hipokrita da esatea ez dela sartu behar joko horretan eta gero lehenak izatea sare sozialak kontsultatzen, beste hizkuntzetan. Guri dagokigu eduki euskalduna eta etikoa egitea, ahal dugun heinean».

Elebitasun asimetrikoa

Mundu mailan, hiztun gehienak, bederen, elebidunak direla oroitarazi du Kintanak. Alta, Euskal Herrian, egunerokoan hizkuntza bakarrean ari diren hiztunez inguraturik, arauaren salbuespena dira hiru hizkuntzatik gora arruntasunez baliatzen dituzten hiru gazteak.

Ikasketa prozesu osoa ala gehiengoa euskaraz egin, lagun artean, oro har, euskaraz komunikatu, eta euskaraz lan egiten dute. «Zentzu batean, euskaraz osotasunean bizi naizela esan daiteke», dio Kintanak. Bizi «ia osoa» euskaraz egiten dute Susperregi eta Etxeberriak ere, azken honen erranetan, «betidanik eta naturaltasunez. Nahiz eta baditugun lagun frantses edo espainol hiztunak, euskara da egunerokoan gehien erabiltzen dugun hizkuntza».

«Erresistentziarako guneak sortzen dira, zapalkuntza jasaten dugunok gure artean egonez», adierazi du Kintanak. Horri loturik, hendaiarrak azaldu duenez, bizitzan hartu dituen erabakiek eraman dute «zirrikitu» horretara, zeinetan sentitzen duen «kasik osoki euskaraz bizitzeko aukera» duela; «Baina badakit salbuespen bat naizela». Bere ustez, euskaldunen motorra beti izan da euskara eta horrek bultzatzen ditu gauzak egitera. Izan ere, euskara zapalkuntza egoeran dagoenaren kontzientzia osoarekin, horri aurre egiteko, euskararekiko duen harremana «frantses batek frantsesarekin duena bezalakoa» izatearen alde borrokatzeko hautua egiten du, egunez egun, Etxeberriak.

Horiek horrela, elebitasunaren gibelean denaz ohartarazi du gazte hizkuntzalariak. «Elebitasun horrek kalte egiten dio euskarari, asimetria batean gaudelako: badira elebakar frantsesak, baina ez da elebakar euskaldunik, euskaldun guztiak, gaur-gaurkoz, bederen, elebidunak baitira. Frantsesak du hegemonia alor guztietan. Ez daude maila berean, eta horregatik, euskaldunok beti frogatu behar dugu zergatik ditugun hizkuntza eskubideak».

Horrek ondorio gisa Ipar Euskal Herrian gertatzen ari den gazteriaren «diaspora» dakarrela gaineratu du Susperregik. «Jendea barreiatua da frantziar Estatuan gaindi eta ikasketen exilioak, anitzetan, kanpoan geratzea dakar». Horregatik, goi-mailako ikasketak eta formakuntza profesionala emendatu beharra jarri du mahai gainean, kontuan harturik eskaintza bakarra dagoela euskaraz Baionako Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatean (UPPA): Euskal Ikasketak. Unibertsitateari, eskumena duten Herriko Etxeei eta Euskal Hirigune Elkargoari eskatzen die euskarazko ikasketa sail berriak zabaltzeko eta Hego Euskal Herrira ikastera joateko erraztasunak ezartzeko.

Erreferentzia beharra

Euskararen gaurko erronka nagusien artean, erreferenteak sortzeko beharra jarri dute mahai gainean hiru euskaltzaleek. «Ez dugu lagun arteko hizkerarik euskaratik sortua, gure erreferente gehienak, kultura popularrean orokorrean, erdaldunak direlako. Ez dugunez ia erreferente euskaldunik, ez dugu nondik hartu, eta hartzen dugu hegemonia duten erdaretatik. Haiek dira, gaztetan, guregan eragina dutenak», deitoratu du ikertzaileak.

Hori dela-eta, «hil ala biziko» gisa ikusten dute euskaren presentzia Interneten. Erreferentzia geroz eta globalizatuagoekin, «euskal herritar gazte zein adindunen gehiengoak dituen erreferentziak ez dira herri eta hizkuntzarekin erlazionatuak, kontsumitzen dena ez da kasik bakoitzaren herriko kulturari lotua», azaldu du Susperregik. Horri aurre egiteko proposamenetako hainbat dira euskarazko edukia sortu zein kontsumitzea, gazteak euskarazko edukia sortzera animatzeko laguntzak eskaintzea, edota horretarako formakuntza eta tailerrak plantan ezartzea.

Aurtengo EHZ jaialdian jasotako irudia. Gazteak, euskal musikaz gozatzen. (Julien MARCHIANE)

«Egin behar da. Batek egiten badu, beste batek segituko du atzetik, eta ondotik beste bik. Euskaldunok atxikimendua dugu hizkuntzarekiko, eta norbait hasten bada, jendea sartuko da jokoan», luzatu du eduki sortzaileak. Inkonformismotik sortu behar dela uste du. Ez da aski euskara izatearekin proposamenaren zentralitatea, puntu positibo nagusia; «Mundura begira zerbait berritzailea eta interesgarria ekarri behar da, besteek ekartzen ez dutena, erdaraz ere ikusiko luketena. Sortzerakoan, pausatu beharko genukeen galdera da: ‘Hau, frantsesez balitz, ikusiko nuke?’». Hala, euskara gako bilakatuko litzateke mundu horren atea irekitzeko, Etxeberriak defendatzen duenez.

Zentzu horretan, itzulpenaren beharra azpimarratu du irakasleak. «Itzuli behar dira filmak, audioliburuak, bideojokoak… Globalizaziora egokitzeko, hori izan behar da borroka esparru nagusietako bat». Plataforma handiei eskaintza euskaraz egin dezaten exijitu beharra gaineratu du. Lorpen gisa du streaming plataformek euskarazko eskaintza gehitzea. «Ez dakit zergatik ez genukeen gure presentzia bermatuko plataforma handietan. Gure kontra egiten dute, gehien-gehiena erdaretan heldu zaigu, eta gu hor ez bagara, akabatuak gara».

Euskarazko eduki hori segurtatzeko, eskatzeko beharra badela dio, «jendearen gehiengoak eskatuz gero, ezarriko baitute. Ez dugu ahantzi behar enpresak direla, eta, ikusten badute etekin bat atera dezaketela, ahaleginak ezarriko dituzte horren alde». Eskatu ezean, ez dutela emanen baieztatu du.

Lekukoa aldatzea

Bere lanaren bidez, gazteak helburu horietarantz egiten ari diren esfortzuaz jabetzen ari dela azaldu du BADAren eramaileak. «Askok esaten dute gure belaunaldia ez dela motibatua eta ez duela deus egiten. Baina ehunka eredu ditut nire inguruan euskararen alde ari direnak lanean». Gazteei «paternalismoz» begiratzen dietenei «tronpatzen direla» erran nahiko lieke Etxeberriak, nahiz eta, hein batean, zergatia ulertu. Edozein esparrutan hala gertatzen dela ikusten du, musikan zein antzerkian ere bai, «aspalditik hor dagoenari ez zaio gustatuko gazteek egin dutena, begira autotunea. Naturala da, gure gurasoen belaunaldiak ber gauzak bizi izan ditu haien gurasoen belaunaldiarekin».

Argi diote: eskua gehiago utzi behar zaie gazteei, azkenean, haiek eginen dutelako etorkizuna. Horretaz jabetzeko aitzineko belaunaldiari begiratzea aski dela dio kazetariak. «Ez zen deus egina, are gutxiago iparraldean. Abantzu ezerezetik eraiki du gaurko euskalgintza guztia, izan ikastolak, izan AEK… haiek egindakorik gabe, gu ez ginateke egonen», egin du aitortza. Horrek ematen die, hain zuzen, gaurko gazteei indarra: «Haiek egin badute, haien garaian zeuden baliabide eskasekin eta zailtasun guztiekin, guk zergatik ez?».

Gazteak entzutea eta aukerak ematea proposatzen du. «Utzi behar da hutsak egiten, huts horietatik ikasten baita, lehenago egin duten bezala». Transmisio lana egitea du funtsezkotzat, baina ez edonolakoa, erran nahi baitu, «ez hainbeste ‘hau horrela egin’, baizik eta ‘guk horrela egin dugu. Orain nola eginen duzue zuek?’».

Jon Peli Etxeberria, BADAren egoitzan. Euskal Herriko gazte hedabidea da BADA, 2021ean sortua. (Guillaume FAUVEAU)

Izan ere, aldatu dira garaiak, baita egiteko manerak ere. Ekiteko metodoak, harremantzeko manerak… «Ez da batere funtzionamendu berdina, eta horrek du beharbada kezkatzen aurreko belaunaldia. Zaila da beti zuk eraman duzunean borroka bat aurrera, hurrengoei lekukoa uztea». Transmisio fase horretan, Etxeberriaren erranetan, gazteen posizioa «ezin da izan ‘gu gazteak gara eta guk nahi dugun bezala egingo dugu dena’, jakin gabe hemen lehenago zein egoeratan zen euskara eta zer egin zuten gure aurrekoek. Hori kontzientzian hartuta, guri dagokigu orain euskara, gure hizkuntza, aurrera eramatea».

Harreman horretan, euskararen lekukoa hartu duela sentitzen du Susperregik. «Guk segitzen dugu hainbat urtetan joan diren belaunaldiek egin dutena aurrera eramaten», baieztatu du. AEK horren erakusletzat du. 1980an sortua, 40 urte pasa dituen erakundeak frogatzen du bere begietara modu intergenerazionalean proiektu anbiziotsu eta federatzailea gauzatzen ahal dela, Korrika bezalako ekimenekin, kalera atera eta denen artean euskararen alde eginez.

Beste hainbeste BADAri dagokionez, gazte hedabideak, sortu zenetik, Ipar Euskal Herrian finkatuak diren hedabideen aldetik laguntza handia ukan baitu, «eta transmisio lana egin dugu saiatuz gazteak haiengana bideratzen, zeren eta badakigu haiek egiten dutena ongi dela», dio sortzaileak.

Muga inposatuak gainditu

Gertatzen ari den lekuko aldaketan, euskara mintzatzearen interesa eta garrantzia transmititzea eskatzen du hizkuntzalariak, ikusarazteko «ez dela soilik instrumentu bat, gibelean mundu oso bat badela». Euskara «erabilgarriago» bilakatu behar dela defendatzen du irakasleak ere, eta horretarako, kanpotik heldu direnekiko, turista izan edo migrante izan, irekitze ideologikoa eman behar dela, «iritsi berriekiko egiten den lanketa euskaraz egiteko, erabilgarritasuna erakusteko, interesa pizteko». Kintanak ere ideia berari heldu dio, defendatuz kontzientzia piztea eta aktibazioa sortzea direla indarberritzeko gakoetako bi.

Izan ere, biek ala biek, hiztun berririk ezean, gaurko portzentajeetan egonik, etorkizunik ez diote ikusten euskarari. Hala azaldu du hizkuntzalariak: «Guri dagokigu, baita agintean daudenei ere, esatea hau larrialdi linguistiko bat dela, ardura hartzen, erabiltzen eta transmititzen ez badugu, hizkuntza desagertuko dela eta, Euskal Herrian bizi nahi izanez gero, euskara ikasi eta erabili behar dela».

Hala ere, segurtasunez dio hizkuntzak bizirik jarraituko duela, «gutxi batzuek bederen jarraituko dugulako horren alde borrokatzen. Euskaraz dakigun gazte gehienak, Ipar Euskal Herrian, saiatzen ari gara gure aletxoa jartzen, ahal duguna egiten dugu, baliabide gutxirekin bada ere». Hori bai, lan zama eramangarriagoa izanen da banatzen bada: «Denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten», oroitarazi du.

Mezu berari atxikiz, Hego Euskal Herrira begira ezarri da Susperregi. «Hegoaldeko gazteei eskatuko nieke, egoera linguistiko hobean diren lurralde administratiboetatik, euskalduntasun falta horretan diren tokietara joateko, jakinik, besteak beste, iparraldean zailtasunak daudela euskarazko lanpostuak betetzeko, izan irakasle, zaintzaile, kazetari… muga inposatu horiek gainditu eta etorri, zuen beharra dugu eta».

Bi kideen mezuekin bat eginik, euskaraz geroz eta gauza gehiago egiten direla azpimarratu du Etxeberriak, egunetik egunera iniziatiba berriak eta arnasguneak sortzen ari direla. Honela borobildu du gogoeta: «Badugu santza handi bat euskaldunok: gure hizkuntzak beti ukan du aukera biziberritzeko. Euskarak garai zailagoak pasatu ditu. Gaur egungo garaiak ez dira batere onak eta ez dira nahiko genukeen bezalakoak, hori segur da. Baina nire ustez, euskaldunek populu bezala eta euskarak hizkuntza gisa, badute gaitasun berezi bat bizirauteko. Niretzat hori da esperantzagarria dena: baditugu gauza anitz egiteko, baina bide onean gara eta esperantza da galduko dugun azkena».

Esperantzara kondenatuak eta pronostikoen kontra, gazteak euskararen alde.