GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Greba feminista orokorrak, urtea

Grebak utzi zuen irudietako bat. (Jon URBE | FOKU)

Urtea bete da greba feminista orokorretik. 2023ko azaroaren 30ean ozen entzun zen «bizitzak erdigunera ekarriko dituen zaintza eskubide kolektiboaren» aldeko oihua. Zaintza unibertsala da, pertsona orok dauka zaintza inguruan, bai zaintzailea delako bai zaindua delako. Edo bi gauzak batera, bizitzaren pasarteren batean. Unibertsala ez ezik, denboraz kanpokoa da zaintza, ez da modako edo modatik kanpoko jantzi bat. Iraunkorra ere bada, noiz hasiko den suma daiteke, noiz eta nola bukatuko den ez. Zaintza bat amai daiteke eta beste desberdin bat hasi, konturatzerako. Margaret Mead antropologo estatubatuarrari buruzko pasadizo baten arabera, ikasle batek galdetu zion ea zein zen zibilizazioaren lehen zeinua, eta Meaden erantzuna «femur hautsi eta sendatu baten aurkikuntza» izan zen, norbaitek pertsona hori zaindu zuelako zaurgarria izan zen bitartean. «Animalien erreinuan, hautsitako hanka batek, ziur aski, heriotza ekarriko luke, arriskuari ihes egiteko edo mantenua bilatzeko ezintasunagatik, baina gizakiok elkar zaintzen dugu taldearen sendotasuna sustatzeko». Horixe antropologoaren gogoeta. Ederra. Orain bakarrik falta zaigu zaintzaren ardura denona dela barneratzea eta modu justuan banatzea; manikien pare geratzen direnak mugitzen hastea. Zerbait ikasiko genuen urtebetean, baina oraindik ez nahikoa.