GAUR8 - mila leiho zabalik
{ KOADERNOA }

Gu «are the world»


Aiora Renteria lider duen Zea Mays taldeak “Elektrizitatea” diskoa eta abestia kaleratu zituenetik 25 urte igaro dira. Kantuaren bertsio berezia grabatu dute Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin eta 33 abeslarirekin, denak emakumeak. “We are the world” dokumentala ikusi eta halako zerbait egin nahi zutela azaldu du Renteriak Euskadi Irratian, Gu are the world, Igor Elortzaren hitzetan.

2024ko irailean grabatu zuten bideoklipa, eta justuki irail horretan berean Alex Sarduik egin zituen adierazpenak “elDiario.es” egunkarian: «Es verdad que no hay tantas mujeres trabajando, pero no ha habido jamás discriminación». 150 musikarik, denak emakumeak eta disidenteak, erantzun zioten komunikatu bidez, eta patuak bihurtu du “Elektrizitatea” kantuaren bertsio eta bideoklip berri hau ihardespen artistiko.

Patriarkatuak gizonak emakumeekin kontrakarrean jartzen gaitu, baina modu erabakigarrian ere jarduten du, emakume batzuk beste emakume batzuen aurka paratu nahirik. Emakumeoi gure artean lehiatzen irakasten zaigu, guganako kontrola mantentzeko; gu geu izan gaitezen patriarkatuaren aliatuak, zeinak disimulurik gabe mugatzen baititu sororitatean oinarritutako loturak, zapaltzen gaituen egitura bera elikatuz. Hondarribiko kale nagusia irailaren 8etan, bere forma anitzetako plastiko beltz, irain eta aterki kolpeekin, txalorik gabekoak, eta oraindik ere batzuen isiltasun eta bizkar erakustaldiekin. Zenbat emakume emakumeak jazartzen hiru buruko munstroak bailiran, eta egun horretan, gizonak desfilatzen, tradizioaren zaindari. 2022an Basauriko Sanfaustoetan gona jantzita zeraman neska batek agiraka egin zion jendaurrean beste neska gazte bati prakak jantzita parte hartu nahi zuelako usadioa den sokatiran: “Ez zara pasako”. Jolene, Jolene, Jolene, Jolene, Please, don't take him (Dolly Parton, 1973), Julene, ez iezadazu lapurtu ene gizona. Jolene, Jolene, Jolene, Jolene, I'm warnin' you, don't come for my man (Beyoncé, 2024), Julene, abisatzen dizut, ez hurbildu nire gizonarengana. Nevenkari ere oihu egiten zioten emakumeek, «Ni ez nau inork erasotzen nik ez badut nahi!».

Kristalezko sabaietan zirrikituak daude emakume bat edo beste pasa dadin, beira metaforikoaren existentzia ukatzeko, eta argi gera dakizun zu ez zarela behar bezain ona, behar bezain indartsua, behar bezain inteligentea, behar bezain guapa. Bera bai eta zu ez. Inbidiak eta deskonfiantzak operatu dezan.

Usaintzen dugu amarrua, elkar hartuta sendoagoak gara, elektrizitatea, energia. Ahizpatasunak ez du inozotasunarekin zerikusirik, ezta kritikarako gaitasun ezarekin ere. Elkartasuna da, elkarrenganako konpromisoa, nik sinesten dizut, nik ere ikusten dut, nik ere ikusten zaitut. Baina bidean gaude, badaudelako emakumeak ikusezin bihurtzen dituzten emakumeak. Galdetzen dute batzuek ea nork duen zilegitasuna feminista karnetak banatzeko. Emakumea egin egiten da. Feminista egin egiten da, ez gaitu euri-urak blaitzen. Kosta egiten da inertziak puskatzea, eta harremantzeko kodeak birplanteatu behar dira. Lotsa lagun ona da, beste emakume batekiko sentitu duzun horrek azkura egin dizulako, jarri diozu etiketa, alabaina konturatu zara zure baitako patriarkatua dela.

Ez ditut konplize denak, eta batzuk ez ditut maite. Gu ere bagara mundua. •