2024 ABEN. 07 GEHIAGO GARA JAIA Hildako haurrak bizipozetik gogoratuko dituzte euren familiek Antzuolan Gehiago Gara ekimena duela urtebete aurkeztu zen jendaurrean, Hil Argi Elkartearen eskutik, helburu argi batekin: haurren heriotza naturaltasunez eta humanitatez bizitzeko jarrerak bultzatzea. Azken hamabi hilabeteetan lan asko egin ostean, abenduaren 15ean Antzuolan bilduko dira familiak hildako haurrei omenaldi koloretsu bat eskaintzeko. Gehiago Gara Jaia aurkezteko ateratako argazkia, ospakizunaren berri ematen duen kartelarekin. (GEHIAGO GARA) Asier Aiestaran Hil Argi Elkarteak, Bizipoza Elkartearen laguntzarekin, Gehiago Gara Jaia antolatu du: abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak eta eskolako kideak bilduko dira bertan, eta helburua hildako haurrak bizipozetik gogoratzea izango da, abesteko, dantzatzeko eta marrazteko aukera eskainiko duen ospakizun baten bidez. «Gehiago Gara Jaian gure hildako umeak omenduko ditugu eta gure arteko babesgune bat sortuko dugu. Goiz pasa ederra izango da. Gure minak zeharkatu eta koloretik omenduko ditugu, bizipozetik. Haurrak hil zaizkien familiak, lagunak, Antzuolako eskola komunitateko kideak, herritarrak... izango dira bertan», azaldu digu Amaia Madariaga Gehiago Gara ekimeneko kideak. «Dolua zeharkatuta daukagu. Zeharkatu esaten dugu, min horrekin bizitzen ikasi behar dugulako. Min hori ez dela gainditzen esango nuke. Arrazoi desberdinengatik hil zaizkigu gure umeak, eta min hori zeharkatu ondoren elkar ulertzen dugu. Babes horretatik, familia batzuk Gehiago Gara Jai hau antolatzen ari gara, Hil Argi elkartetik. Min hori zeharkatu eta koloretik omentzen ditugu. Eta hortik dator leloa, umeei eskainitako esaldi bat da: ‘Gure irribarre bakoitza, beraien omenez da’», gehitu du Amaiak. Antzuolako ospakizuna batez ere haurrak galdu dituzten familiei eta ingurukoei zuzenduta dago. Antolatzaileek onartu digute zalantzak izan dituztela deialdia ze puntutara arte zabaltzea komeni den pentsatzean, baina argi utzi dute antzeko egoera bat bizi izan dutenek ateak irekita izango dituztela. «Argi dago familia askok lehendik ezagutzen dugula elkar eta gure artean hori partekatuko dugula, baina gure antzeko bizipenak dituzten familiak badaude eta ikusten badute jai honek lagundu diezaiekeela, noski, gonbidatuta daude. Hildako umeen gurasoentzat bakarrik ere ez da, haien aitona-amonak, osaba-izebak, lagunak, ikaskideak, irakasleak... gonbidatuta daude», adierazi du Madariagak. Urtebete jo eta ke lanean Gehiago Gara ekimena duela urtebete aurkeztu zen jendaurrean, Hil Argi Elkartearen eskutik, helburu argi batekin: eragile bakoitzak bere alorrean haurren heriotza eta heriotza haurrekin naturaltasunez eta humanitatez bizitzeko jarrerak bultzatzea. Beren webgunean gogoratzen duten moduan, «haurrak hiltzen zaizkigunean sortzen den min handiari gehitzen zaio sarritan gizartean ematen den isiltasunak eta naturaltasunez jarduteko ahalmen ezak eragiten duen mina». «Gehiago Gara ekimena 2023ko abenduaren 23an aurkeztu genuen Cristina Enean. Proiektua gizarteratu genuenerako, jada urte eta erdiko bidea egina genuen gure helburuak lantzen. Eta bidea oso positiboa izan da. Helburuetako bat hezkuntzan heriotzaren pedagogia sustatzea da, ikastetxeak animatuz hori egituratzera, eta 2024an horretan jardun gara. Mailing bat prestatu genuen, Euskal Herriko ikastetxeetara zuzendu zena, hori egitera animatuz. Gero, honen inguruko ikastaroak eman genituen UIK-en, eta arrakastatsuak izan zirelakoan gaude», gogoratu du Amaiak. «Osasungintzan, zainketa aringarri pediatrikoaren eraketan ere bultzada ematen ari gara, eta UIK-eko hurrengo jardunaldiak horren ingurukoak izango dira. Udaletxe eta liburutegiak bezalako beste erakunde batzuetan ere lanketa egiteko asmoa dugu, nahiz eta oraindik ez dugun arlo hori asko garatu. Osakidetzako beste jardunaldi batean ere parte hartu genuen, elkarrizketak egin ditugu urtean zehar hainbat mediotan...», zerrendatu du Amaiak. Eta aukera baliatuz, kalean jasotzen duten babesa eskertu nahi izan du: «Batez ere jendearen babesa nabarmenduko nuke, nola hurbiltzen zaizkizun eskerrak emanez horrelako gai bat mahai gainera atera eta naturaltasunez lantzeagatik. Hori da pozgarriena».