2024 ABEN. 14 [ASTEARI ZEHARKA BEGIRA] Historia hasi du Iraetako Amillubi proiektuak Maddi Txintxurreta Zestoako Iraeta auzoan badago kale berezi bat, etxe-ilara biren artean. Erdi Arotik XX. mendera arte herrigunetik aldenduta dagoen landa-auzo honetan garatutako industria-jardueren oinordetza bizia da. Hiru burdinola ziren bertan 1750 aldean, hirurak ere Granadako dukearenak eta, bi hamarkadaren buruan, instalazio horiek fanderia bilakatu zituzten siderurgia tradizionalaren gainbehera iristerako. Fanderiak, Estatuarekin zuen kontrata bati esker, burdin flaskoak ekoizten zituen, Amerikako meategietan lortzen zen zilarbizi edo merkurioa garraiatzeko. Langile dezente hartzen zituen -50 pertsona aritzen ziren lanean urteko bost hilabeteetan-. Horregatik, beharginentzako kolonia bat sortu zuten, halako lehenengoa Gipuzkoan. Bi etxe-ilara egin zituzten eta han hartu zuten bizileku langileek. Egun, etxe bakoitzak bere izena erakusten du ateburuan: Dumbax, Kamiñerokua, Motxa-enea, Zabal-Etxe, Akertza, Lokatza, Otxua... Ertz batean, Granero etxea zegoen; bertan ordaintzen zuten errenta langileek. Olaizola eta Uria izena du kale horrek, 1953ko urriaren 14ko uholdeetan autobus batean buxatuta geratu ziren pertsonei laguntzeko asmotan bizia galdu zuten Jose Olaizola Arriaran eta Jose Uria Olaizola gazte iraetarren omenez. Bizirik da historia Iraetan. Bertan da 1842ko data daraman garbitegia, Santa Ines baseliza, XX. mende hasieratik bertako sukaldaritza eskaintzen duen Errota edo Iraeta jatetxea, eta 1936ko gerra garaian ekinean jardun zuen “Txikito de Iraeta” pilotariaren izena hartu zuen frontoia. Antza, bere familia izan zen Iraetako Jauregian, errekaren beste aldean, bizi izan zen azkena. Egun, sasitzak janda eta erorita dago eraikina. Auzotar helduek kontatzen dutenez, bertan jolasten ziren umetan, harik eta “Fuego Eterno” (1985) pelikularen errodaje zabarrak jauregi dotoreari kalte konponezinak egin zizkion arte. Egiazko suak hartu zuen, 2022ko urtarrilean, Urola errekaren meandroak marrazten dituen zelai kilometrikoen atzean, auzoaren eta Aizarnazabalen artean dagoen Amilibia Txiki baserria. Auskalo zer historia eta zenbat istorio jango zituen sute hark... Hala ere, 2023ko abenduan, Biolurreko jendeak bizitza berri bat iragarri zion baserriari. Amillubi Taupaka egitasmoa sortuta, jendetzaren ekarpen eskuzabalarekin, baserria eta bere lurrak kolektiboki erosteko erronka abiatu zuen Biolurrek. Helburua, proiektu agroekologiko komunitario bat bultzatzea, laborariak, kontsumitzaileak eta lurrak zainduko dituena. 2,5 hektarea nekazaritza-lur, 1,5 hektarea belardi natural eta bost hektarea baso ditu horretarako, eta eskulan boluntarioarekin ari dira lurrok lantzen. Luzera begira, inguruan daude 26 hektarea zelai, laborantza duina, rara avis bat egun, jende askorengana zabaltzeko aukera ematen dutenak. Pausoz pauso, halere. Elikadura burujabetzara bidean, urtea bete berri du Amillubi proiektuak. Gaztea da oraindik, baina historiak nonbaitetik hasi behar du eta, ikusi daitekeenez, bizi-bizirik da Iraetan. Zorionak, Amillubi! • «Suak hartu zuen Amillubi baserria. Auskalo zer historia eta zenbat istorio jango zituen sute hark... Baina 2023ko abenduan Biolurrek bizitza berri bat iragarri zion baserriari».