GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

Oparotasuna denontzat


"Cooperatives build prosperity for all” lemapean abiatu zen, joan den azaroaren 25ean, New Delhin (India), kooperatiben nazioarteko urtea. Eztabaidagarria da zer-nolako gaitasuna duten gisa honetako izendapenek hain nahasia eta bortitza ageri zaigun nazioarteko agendan eragiteko. Edo zenbateko garrantzia ematen dion instituzioak berak urteko gaiari (2023a, adibidez, gameluen urtea izan zen, 2016a lekaleena eta 2018an txanda-pasa egin omen zuten…). Aldiz, izendapen honek badu testuinguru bat. Nazio Batuen osoko nagusiak 2023an onartu zuen “Promoting the social and solidarity economy for sustainable development” ebazpena eta 2021ean “Cooperatives in social development” izenekoa.

Horiek horrela, badirudi nolabaiteko momentum bat bizi duela kooperatibismoak nazioarteko agendan, eta kooperatiben momentua garapen jasangarriarekin lotuta dagoela. Kooperatiben urtearen irekiera ekitaldian, Antonio Guterresek, Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak, erronka garaikideei aurre egiteko kooperazioak duen garrantzia nabarmendu zuen. Kooperatibei onartu zien pobrezia edo bazterkeria gainditzeko eta komunitate handi eta txikien garapena ahalbidetzeko egiten duten ekarpena. Eta kooperatiben ekarpena azpimarratu zuen, garapen iraunkorreko helburuen inplementazioak suposatzen duen erronkari aurre egiteko.

Kooperatibek, berez (eta legez), lan duina eta aberastasunaren banaketa justuago bat sustatzen dute. Eta hori egiten dute kooperazioarentzat lagunkoia ez den mundu lehiakor batean. Batetik, giza garapenerako tresna dira. Behar nabarmenak dauden momentu eta lekuetan egiten dute ezinbesteko ekarpena. Hau da, negozio aukerarik ez dagoenean, aukera eskaintzen dute komunitateen, herrien eta eskualdeen ekonomia martxan jarri eta bizirik mantentzeko. Bestetik, langilearen parte-hartzea maila gorenera daramaten enpresak dira. Lan duina (burujabea) eta aberastasunaren banaketa justua (berdinzalea) oinarri duen hazkundea sustatzen duten enpresak dira kooperatibak. Baina horrek ez ditu egiten jasangarriagoak bere horretan.

Bistan da, kalitatezko enpleguak sortuz eragiten dute kooperatibek ongizatean. Baina ez da nahikoa. Enpresa diren heinean, arduraz jokatu behar dute; ingurunearekiko, gizartearekiko, etorkizunarekiko... Bestela esanda, momentuari eusteko kooperatibek eragiteko gaitasuna erakutsi behar dute, kooperatibetan egituratzen den komunitatetik haratago. Nazio Batuek gaitasun hori, eta beste asko, onartzen dizkiete kooperatibei eta, oro har, ekonomia sozial eta solidarioan kokatzen diren eragileei. Eskaera, aldiz, estatu buru eta gobernuei egiten die: horretarako baldintzak (instituzionalak, normatiboak, finantzarioak) sortu behar dira. •