2024 ABEN. 28 Leire Amenabar, ikerlaria Elkarrizketa Leire Amenabar UPV/EHUko ikerlaria «Migratzaile komunitateen eta gurearen artean badaude elkargune posibleak» Nola uztartu euskararen normalizazioa eta kulturartekotasuna? Nola izan harrera herri eta euskaldun aldi berean? Teorikoki eta praktikoki, hainbat esparrutan galdera hori erantzun nahian dabiltza. (Endika Portillo | FOKU) Mikel Urdangarin Irastorza • Oihana Azkue Sarasola Leire Amenabar Larrañaga (Larrabetzu, 1997) ikerlaria da ahalegin horretan ari den kideetako bat. Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko doktoregaia da, eta Euskal Herrian jaiotakoek euskarari eta etorkizunei buruz dituzten diskurtsoak aztertzen ari da, besteak beste. Horren inguruko artikulu bat argitaratu zuen Jakin-en ekainean eta Naiz Irratian izan da berriki: «Ikusten nuen nik Euskal Herri euskaldun batean bizi nahi nuela eta gero eta jende berri gehiago eta anitzagoa zetorrela gurera. Eta ikusten nuen migratzaile komunitateen eta gurearen artean elkargune edo aliantza posible batzuk zeudela, horrek ere kontuz eta ondo egin beharreko prozesua izan behar duela jakitun. Baina elkar ulertzeko aukerak ikusten nituen. Ulertuta gu zer gunetan gauden, hizkuntzari begira, eta eurak ere non dauden». Ikerketa «erdibidean» dagoela argitu badu ere, elkarguneak topatzeko argibide interesgarriak eman ditu elkarrizketan zein artikuluan. Migrazio eleaniztuna Egun, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako populazioaren %12,4 Estatu espainiarretik kanpoko migratzaileak dira; Nafarroa Garaian, %17,9 dira. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, berriz, %42,8 Euskal Herritik kanpo sortutakoa da (horietatik %93 Estatu frantsesean). Askotan irudikatzen denaren kontra, ez dira talde homogeneoa. Migratzaile horiek 170 bat estatutakoak dira jatorriz eta, guztira, 120 hizkuntza inguru hitz egiten dituzte: arabiera, amazigera, errumaniera, portugesa, ingelesa, mandarin txinera, wolofera, frantsesa, urdua, gaztelera... Amenabarrek azpimarratu duenez, aurrekoekin alderatuta, «gaur egungo migrazio mugimenduek aniztasun askoz handiagoa dute». Jatorriari eta kulturari dagokienez, baina baita hizkuntzari dagokionez ere. Pentsa, XX. mendean Hego Euskal Herrira heldutako migratzaileak nagusiki gaztelania-hiztun elebakarrak ziren, eta gaur egun, aldiz, migratzaileen %51,3k, gutxienez, gaztelania ez den beste hizkuntza bat daki, nahiz eta kale erabileraren %2,8 baino ez duten hartzen. Testuinguru horretan, Amenabarren ustez, «harrera herri euskalduna» izatea da erronka. Hau da, harrera egitea, euskararen normalizazioan aurrera urratsak egiten ditugun bitartean. Bere ustez, galtzak bete lan dugu, besteak beste, «iruditzen zaidalako ez diegula guztiz harrera egiten. Agian ez naiz pertsonarik egokiena neu hori esateko, eurek esan beharko lukete-eta ia zer egiten diegun, baina kritikotasun pixka batez begiratu beharko genioke geure buruari eta harrera izateko zer egin pentsatzen hasi beharko genuke». Hartzea eta harrera egitea ez baita gauza bera. Gaur egun jendarte hartzailea gara, baina harrera herria eraikitzear dago. Diskurtsoak Bide horretan, zer jarrera eta diskurtsotatik abiatzen gara? Amenabar hori ikertzen ari da bereziki. Horretarako, momentuz, Hego Euskal Herriko datuen lagin bat jaso du, 800 pertsonak erantzundako galdetegi baten bidez. Berak bildutako erantzunetan, lau diskurtso nagusi identifikatu ditu. Lehenik eta behin, lagineko herritarren herenak zailtasuna nabarmendu du: «Bereziki egunerokoan euskaraz gutxi hitz egiten dutenak dira. Askok diote hizkuntza zaila dela ikasteko, gaztelania lehenesten dela kalean…». Horietako askori euskara migratzaileentzat are zailagoa dela begitantzen zaie. Bigarrenik, ikastaroei lotutako diskurtsora jotzen dute beste zenbaitek. Kasu horretan, bi ikuspegitatik egiten da: «Batetik, euskal identitate nazionalean altu puntuatzen dutenak daude. Horiek euskara ikastaro gehiago eskaini behar direla diote, eta doakotasuna ere aipatzen dute ikastaro horiek eskaintzerako orduan. Ildo honetako beste joera, nolabait esateko, euskal identitate nazionalean baxu puntuatzen dutenena da. Horiek diote migratzaileek aukera gehiago dituztela, eta ikastaro gehiago eskaintzen zaizkiela pertsona autoktonoei baino». Hirugarrenik, beharrezkotasuna azpimarratzen dutenak. Hor ere bi joera sumatu ditu Leire Amenabarrek: «Batetik, euskara inposizioa dela diotenak daude, euskararekiko eta euskal komunitatearekiko kontrako jarrera dutenak. Beste joera bat ere bada, euskaraz bizi direla eta, euskal herritarra izateko, euskara jakin beharra dagoela diotenena». Hor kontraesan bat dago, ordea: «Izan ere, euskara %20k erabiltzen du egunero edo sarritan, eta aldiz, %50ek diote migratzaileek euskara ikasi behar dutela». Alegia, askotan, norberak ere egiten ez duena eskatzen zaie besteei. Azkenik, diskurtsoen herenak integrazioan jartzen du fokua: «Hor euskal identitate nazional altua dutenak eta klase baxuko jendea kokatzen dira. Horiek diote euskara integraziorako tresna dela, eta herritar aktiboa izateko, euskara, beharrezkoa baino gehiago, aukera bat dela. Gainera, immigranteek ekarritako hizkuntzak eta aberastasun hori balioesten dituzte». Ondorioz, euskara eta euskal identitate nazionalarekiko atxikimendu handia dutenen artean badira harrera herri bilakatzeko zumeak: gehienek euskara ikastea beharrezkotzat jotzen dute, baina euskara integraziorako tresna gisa ulertuta eta hala egiteko bitartekoak jarrita (tartean, doako ikastaroak). Elkarguneak Momentuz kultura ezberdinen arteko harremanak murritzak dira, ordea: herri hartzaileko «%30ek bakarrik daukagu harremana beste kultura batzuetako pertsonekin, lagunartean, lanean edo familian». Aitzitik, datuetan aztarrika eginez, bada puntu interesgarri bat, Amenabarren ustez: «Zenbat eta euskara gehiago erabili egunerokoan, orduan eta kulturarteko harreman gehiago ditu euskaraz bizi den horrek». Aitortu duenez, zertxobait harritu du datu horrek: «Esango nuke ez dela hori ikusten kalean. Ez dakit arrazoia zein den; atzerriko jatorria duten pertsonekin erabiltzen ditugun hizkuntzak zubi-hizkuntzak direla eta, beraz, euskara ez dela harreman horietan ikusten, edo, bestela, diskurtsoek eragiten dutela hain komunitate urrunduak garela ulertzea. Harritu egin nau». Hala ere, balioan jartzen du, uste baitu «hor dagoela harrera herri euskalduna egiteko aukera. Beraz, sinesten dut elkargune bat sor daitekeela». (Endika PORTILLO / FOKU) Larrabetzuarrak, hain zuzen, horretan sakondu nahi du. Bere ustez, elebitasun diglosikoaren paradigmatik eleaniztasun diglosikora, gutxitua izatea izan daiteke zubietako bat: «Nik ikusten dut euskal komunitatea, Euskal Herri mailan, gutxitua dela, hizkuntza komunitate minorizatu bat bezala ulertzen dut. Era berean, etorri berriek edo atzerriko jatorriko pertsonek ere ez dituzte bermatuta euren hizkuntza eskubideak gure administrazioetan, edo ez dute euren hizkuntzak praktikan jartzeko aukera. Hortaz, antzekotasun horretatik, zer elkargune sor daitezkeen bilatzea interesatzen zait, eta iruditzen zait horretarako espazioak sortu behar direla, elkarrekin hitz egin behar dugula». Adibidez, aurretik egindako ikerketa batean oinarrituz, ikusten da «tokiko eremu administratibo berean diskriminazio linguistikoa jasaten dugun komunitateek narratibak partekatzeak -hau da, euskararen komunitateak eta atzerriko jatorria duten hizkuntza-komunitateek tokian tokiko diskriminazio linguistikoa jasaten dugula konpartitzea-, hizkuntza minorizatuak ikasteko etorkinen prestutasuna indartzen duela». Gainera, «elkarrekiko ulermena eta enpatia susta dezake». Horra hor, Leire Amenabarrek iradokitako bidea: diskriminazioen aurkako narratiba komun batetik elkarren arteko elkarrizketa eta aliantzara pasatzea, «monokulturaren» aurrean «komunitate guztien parte hartzea, eraldaketa eta bizigarritasuna bultzatzeko». KULTURARTEKOTASUNA UDALERRI EUSKALDUNETAN Harrera herri euskalduna eraikitzeko urratsak egiten ari dira pixkanaka. Adibidez, «euskaraz bizitzea, euskaraz ez dakitenekin komunikazioa (eta giro abegikorra) bermatzea eta kulturarteko harremanak eraikitzea» ipar, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) harrera protokoloa aurkeztu zuen iaz. Bertan bost lan esparru identifikatu dira: administrazioa, hezkuntza, alfabetatzea, aisialdia eta sentsibilizazioa. Esparru bakoitzean eragiteko hainbat tresna zehatz eskaintzen dizkie udalerriei: bizilagun berrientzako esku orriak, herriari buruzko oinarrizko informazioarekin; ongi etorri saioa, udal ordezkariekin eta herriko eragileekin; ikastetxeetako harrera protokoloa; euskara ikasteko ikastaroak, herritar bakoitzaren premiei egokitutakoak; sentsibilizatzeko tailer eta kanpainak; eskolaz kanpoko jardueretan etorkinen seme-alabek (eta bidenabar, gurasoek) parte hartzeko dirulaguntzak; auzoko lagun eta familien figurak... UEMAren iritziz, «eraginkorrena guztiak elkarrekin egotea da, eta ez txokoak egitea».