INFO

Etxeratek aurrerapausutzat jo du EPPKren adierazpena

Etxeraten ustez, joan zen larunbatean EPPK-k plazaratu zuen adierazpena "aurrerapausua" da. Gatazkaren konponbidean ematen diren aurrerapausuak txalotu egin ditu, baita preso eta haien senideen eskubideen errespetuen alde egiten den mugimendu oro.


Etxeratek oharra kaleratu du larunbatean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) kaleratu zuen adierazpenaren harira. Kolektiboan izan den barne eztabaida garrantzitsutzat jo du, baita haren ondorioak ere.

Gatazkaren konponbidean egiten diren urratsak txalotu egin ditu eta «gure senide eta lagunen eta gure eskubideen errespetuaren alde ematen den mugimendu oro ongietorria» izango dela nabarmendu du.

Horrekin batera, presoen eskakizunak betetzeko eta aplikatzen zaizkien «salbuespen egoerekin» bukatzeko exijitu du, «honen ondorioak gure senideek eta guk geuk ere jasaten baititugu».

Hala, gaixotasun larriak dituztenak kaleratzeko, zigorra luzatzen duen doktrinarekin amaitzeko eta presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikatu du.