INFO

Martin McGuinness eta Elizabeth II.a erregina britainiarraren arteko bosteko historikoa

Irlanda iparraldeko lehen ministrorde Martin McGuinnessek harrera egin dio Belfasten Elizabeth II.a erregina britainarrari. Elkarri emandako bostekoa keinu historikoa da.

Martin McGuinness eta Isabel II.aren arteko bostekoa. (Paul FAITH/AFP PHOTO)

IRA Irlandako Armada Errepublikanoko buruzagi izandako eta egun Irlanda iparraldeko Gobernuko kide denaren eta erregina britainiarraren arteko keinua historikoa Belfasten jazo da, Co-operation Ireland ongintzako erakundeak antolatutatako ekitaldian.

Harreran, besteak beste, Peter Robinson Irlanda iparraldeko lehen ministroak ere hartu du parte.

Ekitaldia ateak itxita egin da, baina bukaeran McGuinness eta Elizabeth II.aren arteko bosteko historikoaren argazkiak argitaratu egin dituzte, aldez aurretik jakinmin handia eragin dutenak.

Harreran parte hartzeko erabakiak Sinn Feineko militanteen gehiengo zabalaren oniritzia duen arren, Gerry Adams lehendakariak onartu egin zuen keinua arazo izan daitekeela hainbat errepublikar eta nazionalistarentzako. Halere, «Irlandarentzako ona» izan daitekeen pausoa emateko «une egokia» dela uste du Adamsek.