INFO

Prezioek behera egin dute ekainean Hego Euskal Herrian

Prezioak zertxobait merkatu dira ekainean Hego Euskal Herrian. Bizkaian eta Araban bi hamarren jaitsi dira, eta Gipuzkoan eta Nafarroan, bat. Inflazio tasa %2 ingurukoa da.


INE estatistika instituto espainolak emandako datuen arabera, Kontsumorako Prezioen Indizeak behera egin du ekainean, maiatzarekin alderatuta, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan.

Prezioen jaitsiera ez da oso nabarmena izan. Gipuzkoan eta Nafarroan %0,1 merkatu dira, eta Bizkaian eta araban, %0,2.

Jaitsieraren arrazoi nagusia erregaien prezioen beherakada izan da eta, horrekin batera, udako merkealdiak hasi aurretik izan ohi diren beherapenak.

Urte arteko eboluzioari dagokionez, inflazioak hamarren bat behera egin du Bizkaian eta Araban. %1,9 eta %1,7ko tasak dituzte, hurrenez hurren.

Gipuzkoan eta Nafarroan, aldiz, hamarren bat hazi da inflazioa eta %1,9 eta %2ra iritsi da, hurrenez hurren.