INFO

Atxiloketen bidea «baztertu» eta Aieterekin bat egitera deitu du ezker abertzaleak PPren Gobernua

Ezker abertzaleak txarretsi egin du Londresen jazotako Kemen Uranga ondarroarraren atxiloketa, «Aieten markatutako konponbide integralaren aurka» egiten duela iritzita.


Ohar baten bitartez, Kemen Uranga ondarroarraren atxiloketa arbuiatu du ezker abertzaleak, adierazi dutenez, «gatazkaren konponbide integralaren aurkako zentzuan» doalako.

«Estatu espainolak Aieteko Bake Konferentzia burutu zenetik, honi muzin eginez errepresioarekin jarraitzen du, Euskal Herrian gehiengo sozialaren nahiaren kontrako norabidean», nabarmendu dute.

Hori dela-eta, agintari espainolei dei egin die ezker abertzaleak, «beste behin ere», «errepresioaren eta atxiloketen bidea baztertu dezan eta Aieten marraztutako ibilbide orriari erreparatu diezaion».

Azkenik, ezker abertzaleak nabarmendu du ETA erakundeak Aieten eskatutako baldintzak bete dituela eta orain Estatuak duela «baloia bere teilatuan».