INFO

64 espetxetako 541 preso ari dira Uribetxeberriaren aldeko borrokaldian parte hartzen

Iosu Uribetxeberria preso arrasatearraren egoera larria salatu eta haren berehalako askatasuna aldarrikatzeko borrokaldiak 64 espetxetako 541 presoren parte hartzea dauka dagoeneko.

Iosu Uribetxeberriaren askatasunaren aldeko elkarretaratzea Iruñean. (Lander FDEZ. ARROIABE/ARGAZKI PRESS)

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, espetxeetan Iosu Uribetxeberriaren alde burutzen ari diren borrokaldia gero eta zabalagoa da. Dagoeneko Estatu espainol zein frantseseko 64 presondegietan dauden 541 preso ari dira salaketa dinamikan parte hartzen.

Presoen gehiengoa gose greba mugagabean dago, baina bestelako ekimen batzuk ere burutzen ari direla zehaztu dute, hala nola, elkarretaratzeak, propaganda, Barne Ministerioari eta Espetxe Zuzendaritzari gutun bidalketa, txandakako baraualdiak...

Iosu Uribetxeberriak minbizia dauka eta medikuen txostenek baieztatu dutenez, bere egoerak ez du atzera bueltarik. Bere askatasuna aldarrikatzeko gose greba mugagabea abiatu zuen duela bederatzi egun.