INFO

Bi aste beteko ditu gaur Uribetxebarriak gose greban

Hamalaugarren eguna da gaurkoa Iosu Uribetxebarriak gose grebari ekin zionetik. Larriki gaixo dagoen presoa da (minbizia dauka) eta aske uztea da eskatzen duena. Halaber, Donostia Ospitalaren kanpo aldean ere hamabi lagun daude gose greban.

Hamalaugarren eguna beteko du gaur Iosu Uribetxebarria preso arrasatearrak. (Javier ECHEZARRETA/EFE)

Donostia Ospitalaren bi aldeetara ari dira gose grebak egiten. Barruan aurkitzen da Iosu Uribetxebarria, larriki gaixo dagoen preso arrasatearra, eta kanpoan, aldiz, haren askatasuna eskatzeko hamabi kidez osatutako talde bat ari da protestan.

Hamalaugarren eguna egingo du gaur Uribetxebarriak goxe greban. Legea bete eta bere askatasuna eskatzeko ekin zion protestari arrasatearrak. Oraingoz, ordea, entzungor egiten du Gobernu espainiarrak eta preso mantentzen dute.

Ostiralean hirugarren gradua eman zion Espetxeetako Zuzendaritzak, aske geldi dadin aurreko pausua dena, baina Ertzaintzaren zaintzapean jarraitzen du Uribetxebarriak.

Askatasuna lortu bitartean gose greban jarraitzeko hautua egina du preso arrasatearrak

Protestak kanpoan ere

Donostia Ospitalaren kanpo aldean ere protestak egiten ari dira Uribetxebarriaren askatasuna exijitzeko. Une honetan hamabi dira gose greban dauden pertsonak, baina gehiago ere izan dira.

Herrira mugimenduaren ekimenak areagotu egin dira eta egunero antolatzen dute zerbait Ospitalaren kanpoaldean. Gaurkoan Euskal Herriko hiriburutako jaietan protagonistak diren taldeak (Bilboko Konpartsak, Donostiako Piratak, Gasteizko Blusak eta Iruñeko Peñak) izango dira Ospitalean.

Bestalde, 500 preso politikotik gora daude borrokaldian euren espetxeetan Uribetxebarriaren askatasunaren alde.