Gorka Zabala eta Iosu Esparza aske geratu dira behin behinean
Gorka Zabalak eta Iosu Esparzak behin behineko askatasuna berreskuratu dute 10.000 eta 50.000 euroko bermeak ordainduta, hurrenez hurren.
Gorka Zabala eta Iosu Esparza preso politiko nafarrak Soto del Realgo espetxetik irten dira 10.000 eta 50.000 euroko bermea ordaindu ondoren, hurrenez-hurren, Etxeratek jakinarazi duenez.
Zabala 2011ko urtarrilean atxilotua izan zen Guardia Zibilaren sarekada batean, Gorka Mayo, Iker Moreno, Patxi Arratibel, Jon Gonzalez eta Xabier Beortegi euskal herritarrekin batera.
Aipatu sarekadan, Esparza atxilotzeko agindua zuten poliziek baina Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen horrek. 2011ko irailan atxilotu zuten bertan, euroagindu baten eraginez. Gerora aske geratu zen eta pasa den abenduan atxilotua eta Espainaratua izan zen.
Polizia operazio horretan atxilotutako euskal herritar guztiak behin-behineko askatasunean aurkitzen dira.