Praileaitzeko altxorra
Oreinak eta basahuntzak inguruko basoan, xamana bere errituak egiten, errekaren hotsa bakarrik. Horrelakoa izango zen Praileaitz kobazuloa duela 15.000 urte, Madaleniense aldian. Gaur egun harrobiaren eta errepidearen artean harrapatuta dago, baina Aranzadi elkarteko arkeologoak gogor ari dira garai bateko aztarnak biltzen, benetako altxorrak diren hezurrak eta harriak.
Praileaitzeko indusketa lanetan ari den taldeko burua Xabier Peñalver da, Aranzadi Zientzia Elkartekoa, eta berak azaldu dizkigu koba honen ezaugarriak. 2009tik etenda egon diren lanei berrekin diote arkeologoek duela egun batzuk, eta dagoeneko aurkitu dituzte pieza berriak. Koba honetan historiaurreko aro ezberdinetako aztarnak daude, ohi den moduan; aztarna «berrienak» duela 8.000 urtekoak dira, eta zaharrenak 26.000 urte ingurukoak. Baina garairik interesgarriena duela 15.000 urtekoa da, azken izotz aroaren laztasunak Europa mendean hartua zuenekoa: «Seguru asko, pertsona berezi bat bizi zen momentu hartan Praileaitzen, xaman moduko bat, eta aztarna paregabeak utzi dizkigu», dio Xabierrek.
Arrasto horien artean, bata gailentzen da beste guztien artean: harri beltzezko 29 zintzilikarioz osatutako koilare bat. Horrelako pieza bat ez zegoen edonoren esku. Gainera, bi aginte-makil ere azaldu dira, baita gorputza margotzeko koloranteak ere. Margo gorriak ere bai, estalagmitetan. Honek guztiak aparteko balioa ematen dio Praileaitzi eta beraz, babes maila handiena merezi duten aztarnategien artean kokatzen dute.
Esaten ari garen garaian, Deba ibaiaren behe ibar honetan, kareharrian sortutako zulo askotan Cro-Magnon giza taldeak bizi ziren. Zertaz elikatzen ziren? Basahuntzak, oreinak, eper zuriak… Itsasoa gaur egun baino zenbait kilometro urrutiago zegoen, eta hara zihoan ibaian izokinak ere harrapatuko zituzten Praileaitzen, Ermittian, Langatxon edo Iruroinen bizi ziren gizon-emakume haiek. Sabela betetzeaz gain, nolabaiteko kezka espiritualak ere bazituzten nonbait, eta horregatik xamanarengana jotzen zutela pentsa daiteke.
Praileaitz I (II ere bazegoen, baina harrobiko hondeamakinek txikitu egin zuten), hegal aldapatsu batean dago, ibaitik 50 metroko altueran, eta triangelu formako sarrera ipar-mendebaldera begira dauka. Gehieneko altuera sei metrokoa da, eta zabalera bi metro eta erdikoa. Sarreratik metro batzuk barrurantz eginda, gela handi batean, buztinean zuloa eginda sutondoa prestatu zuen xamanak, eta ondoan harri handi bat jarri, bertan esertzeko. Handik gertu, haragia gorde zuen jateko.
Zintzilikarioak
Zintzilikarioak. Horiek dira Praileaitzek orain arte erakutsi duen altxorrik preziatuena. Hainbat multzo aurkitu dituzte arkeologoek, baina pieza guztien artean, bat nabarmentzen da; uretatik ateratako kolore beltzeko harri mehe batean egindako zintzilikarioa, Erdialdeko Europan aurkitutako Paleolitoko hainbat Venus klasikoren antzekoa. Eta handik ez oso urruti, «Paleolitoko aurkikuntzarik ikusgarrienetako» bat aurkitu zuten Aranzadikoek, Xabierren esanetan. Metro eta erdiko lepoko bat da, harri beltzezko hamalau zintzilikariok osatua, gehienak apainduak.
Baina ez dira harrizkoak altxor guztiak. Esan dugun bezala, ehiztaria zen Deba behean bizi zen giza taldea, eta basahuntzak ere ehizatzen zituen. Horietako baten hiru hortz zintzilikario bihurtuta topatu zituzten arkeologoek. Bakoitzak bi zulo dauzka, eta lerro laburrez apainduta daude. Historiaurrean ohikoa zen animalien hortzak erabiltzea apaingarriak egiteko, zulatuz, baina ez dira ugariak zulo bat baino gehiagoko hortzak. Altxor gehiago ere izango ditu gordeta Praileaitzek, ea horien bila pazientzia izugarriz ari direnei lanean uzten dieten.