Orain ala sekulan!
Lurralde Elkargoaren eztabaidak, eta lorpenak, Euskal Herriaren aitortza instituzionalarentzat duen garrantziaz analisia eskatu diogu Anita Lopepe Batasunako militanteari. Helburuak aldatu gabe, «lehen urrats derrigorrezkoa» dela uste du.
Ipar Euskal Herrian lurralde kolektibitate baten inguruko eztabaida inflexio puntu batean dago. Abertzaleek lurralde honen instituzionalizazioaren aldeko borroka aspaldian dakarte Euskal Herriaren ezagupenaren gauzapen politikoa litzatekeelako.
Orain arte eskari horri erantzuteko ilusioa eman nahi izan du Frantziar Estatuak, sasi tresna instituzionalekin, esperimentazioekin... Lurralde kolektibitateak aterako ote gaitu ateka horretatik? Ezagupen instituzionalean eta ezker abertzalearen borroka estrategikoan urrats erabakiorra ote da? Galderak pausatua izaitea merezi du.
Guretzat herri honek urteetan bizi duen gatazkaren ekuazio honelakoa da: batetik nazio ukatu bat girela eta ukazio horrek diraueno, gatazka politikoaren iturria ez dela agortuko, eta bestalde, gatazkaren konpontzeko indar nagusia Euskal Herrian dagoela, bi estatuen aurrean.
Garapen eta Hautetsien kontseiluetan azken hilabeteetan eraman gogoeta lanak Ipar Euskal Herriarentzat berezko instituzio baten beharra sektore zabalek onartzen dutela agerian utzi du. Kolore desberdinetako hautetsien artean gehiengo argi batek orain arteko dispositiboak nahikoak ez direla aktatu dute eta lurralde kolektibitate berezi baten eskariarekin bat egiten dute. Dogma jakobinoari eusten diotenak marginalizatuak gelditzen dira. Joan den irailaren 6eko Hautetsien Kontseiluaren bozkarekin, Ipar Euskal Herriak posizio amankomun bat helarazten dio Pariseri. Piezak mugitu dira eta, ondoko aleak zer ekarriko duenaren inguruko segurtamenik ez badugu ere, urrats biziki garrantzitsua eman da.
Gehiago dena, gero eta ordezkari politiko gehiagok, abertzaleetatik haratago, publikoki adierazten dute lurralde kolektibitatearena eta gatazkaren konponketa lotuak ikusten dituztela. Frantziar lurraldean euskal arazorik ez izaitetik, Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionala gatazka politiko baten konponbidearen parte izaiterat iragan gira.
Bainan, lurralde kolektibatearen eskaria baztertzeko aukera oso erreala da. Parisen poderean diren sozialisten esku izanen da. Erantzunkizun pizua dute bizitzen dugun une historiko honetan, eta mahain gainean bi aukera: ukazio jarrera mantendu eta frustrazio haundi bat eta gatazka bera elikatzeko irriskua hartu, ala ekinbide ausarta burutu eta ezagupen instituzionalari erantzun.
Bigarren kasu honetan, haatik, sasi aterabiderik ez daiteke onart. Kolektibitate horren sortze prozedura eta eskumenak definitu gabe daude. Bainan balio beharko du Euskal Herriaren eraikuntza gauzatzeko, Euskal Herriko instituzioen arteko harremanak eta ekinbide amankomunak bideratzeko. Gaur egun, «mugaz gaindiko harremanak» deritzoten horiek CG64-Gipuzkoa ala Akitania-Euskadi bezalako hitzarmenen baitan egiten dira. Hots, Euskal Herriari buruzko erabakiak Gipuzkoako diputazioak ala Eusko Jaurlaritzak Paue ala Bordalerekin hitzartzen ditu. Ipar Euskal Herria ahots instituzionalik gabe dagoelako. Gure Herriaren barne ahokatzearen lehen urrats derrigorrezkoa da, beraz, Ipar Euskal Herriak berezko instituzio bat ukan dezan.
Azkenik, Euskal Herrian, Europa guzian bezala, egoera sozio ekonomikoak sekulan ezagutu ez dugun larritasuna du. Ezker abertzaleak betidanik dakarren burujabetza proiektu ezkertiarrak nehoiz baino arrazoin gehiago du. Gure herria ezkerretik eraikitzeko, liberalismo basatiari aurre egiteko neurri ausartak gauzatzeko instituzioak behar ditugu, eta instituzio horietan presente izan behar dugu. Ipar Euskal Herrian lurra eta etxebizitzen gaineko espekulazioari, lan merkatuaren prekarizatzeari, euskararen gibelakada larriari, laborantzako zailtasuneri aurre egiteko eskumen nahikoak eta aurrekontu propioa lukeen tresna instituzionala behar beharrezkoa dugu.
Partida aste hauetan jokatzen ari da. Ipar Euskal Herriak sakea egin du. Pilota sozialisten teilatu gainean da.