Epeltzera egingo du, hego haize txikiarekin
Asteburu osoan zeruak garbi izango dira Euskal Herri osoan eta tenperaturek gora egingo dute hego haizeak lagunduta.
GAUR Eguraldi ederra eta giro zoragarria. Egunsentian ere epelago gaur, eta maximoak bero puntua harrapatuko du leku askotan, barnealdean batez ere. Haizeak hegotik joko du egun osoan, batere harrotu gabe. Hodeirik ez dugu ikusiko, eta eguzkia bai, patxada ederrean, zeru sabai urdinetik bazterrak epeldu nahian. Udazkenari dagokion onenetakoa. Giro dotore eta atsegina.
BIHAR Hego haizea pixka bat bizkortuko da, baina zakartu ez. Tenperatura gorago, baita goizekoa ere. Zerua erabat garbi ez, goiko hodei mehe batzuk. ‘Nadine’ izeneko borraska hori hurbildu egingo zaigu azkenean, baina oraingoz ez du aparteko eraginik izango gurean.
ETZI. Aldaketa konturik ez. Tenperatura epela goiz-goizetik hasita, hego haize txikiarekin. Zeruan hodei mehe batzuk baino ez, eta eguzkitan gustura, giro atseina. Barnealdean bero dezente, eta kostaldean tamaina ederrean.