Cabacasen heriotzarengatik «erantzukizunik hartu gabe» kargua uztea leporatu diote Aresi
Iñigo Gogoan herri ekimenak elkarretaratzea egin du Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek jota hil zenetik urte erdia igaro dela gogoratzeko. Gogor kritikatu dute Rodolfo Aresen jarrera eta poliziaren zigorgabetasuna.
Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas gaztea hil zuenetik sei hilabete igaro direnean, haren omenez eratutako herri ekimenak elkarretaratzea egin du Bilboko Justizia Jauregiaren atarian justizia eske eta auziaren aurrean eragile desberdinek izan duten jarrera arbuiatzeko.
Bereziki gogor salatu dute Rodolfo Ares Barne Sailburu ohiaren jarrera, Cabacasen heriotzaren «arduradun politiko zuzena» dela iritzita, «kargua utzi eta inolako erantzukizunik hartu gabe alde egin» duelako.
Sei hilabeteotan epaitegietan izapideak abiatu bai baina prozesuak aurrera egiten ez duela azaldu dute. Are gehiago, denbora tarte horretan pilotakada jaurti zuen ertzaina identifikatu gabe dagoela eta erantzukizunik ere hartu ez duela zehaztu dute.
Ez da gertaera isolatua
Zenbait sektoreren aldetik «gertaera ezkutatu eta manipulatzeko saiakerak» egin dituztela salatu du Iñigo Gogoan herri ekimenak, baina Cabacasen afera gertaera isolatua izan ez dela gogoratu dute eta, adibide moduan, ertzainek azken greba orokorreko oldarraldietan gomazko pilotak erabili zituztela begirunerik gabe eta, ondorioz, buruan pilotakada bat jaso zuen gazte bat artatu behar izan zutela.
Cabacasen auzia «pasatzen utziko» ez dutela nabarmendu ondoren, 28 urteko gaztearen heriotzak «azkena» izan behar duela azpimarratu dute. Horretarako, «agortuta» dagoen polizia eredua aldatu eta poliziek erabiltzen dituzten «gerra armak» erabiltzeari utzi behar diotela gaineratu dute. «Eta salatzen jarraituko dugu, beharrezkoak diren neurriak hartu arte, arduradun politiko eta poliziaklak euren erantzukizunak onartu arte eta zigorgabetasunarekin bukatu arte».