INFO

Tontxu Rodriguez: «Mantso aritu gara, ez dugu erantzuten jakin»

Barakaldoko alkate Tontxu Rodriguezek (PSE) aitortu egin du agintari politikoak «mantso» aritu direla etxe kaleratzeen aferan eta horien aurrean ez dutela erantzuten jakin.

Tontxu Rodriguez, Barakaldoko alkatea, Jose Antonio Pastorrekin batera, artxiboko irudi batean. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, Rodriguezek onartu egin du agintari politikoek «mantso» jokatu dutela etxe kaleratzeen inguruan, arazoari erantzuna ematen jakin ez dutelako.

Hain zuzen, Barakaldon bertan egin zuen bere buruaz beste Amaia Egañak ostiralean, bere etxetik kaleratzera zihoazenean.

Rodriguezek onartu egin du «hanka sartu» duela PSEk, Lakuako Gobernuan emandako urteetan ez duelako «ezer» egin etxe kaleratzeen aurka.

Iragarri duenez, PSEko alkateek batzarra egingo dute aste honetan etxe kaleratzeen afera aztertu eta proposamen bat egiteko. «Araua zaharkitua dago eta aldatu beharra dago, epaileek esku har dezaten eta jendea etxetik botatzeko erabakia banketxeen esku gera ez dadin».